Usted está aquí: Inicio Artistas Victor de Diego Hemeroteca Jazzaren hizkuntzan norberaren ahotsa txertatzea garrantzitsua da

Jazzaren hizkuntzan norberaren ahotsa txertatzea garrantzitsua da


VICTOR DE DIEGO x MUSIKARIA

«Jazzaren hizkuntzan norberaren ahotsa txertatzea garrantzitsua da»

Oraindik ametsetan taldeburu gisa grabatzen duen laugarren diskoa kaleratu berri du saxo jotzaileak. Lehendabiziko aldiz, pieza guztiak berak idatzi ditu.

MIKEL LIZARRALDE

Idazle baten modura ulertzen du bere lana Victor de Diego saxo jotzaileak (Bilbo, 1964). Lanbide duen hizkuntza musika kasu honetan zerbait adierazteko erabiltzen duen artisau baten gisa. Orain dela hogei urte inguru hasi zen jazzaren hizkuntza lantzen, eta eskola ugari jaso ondoren, oraindik ere horretan dihardu; «hizkuntza perfekzionatzen», berak dioen bezala. «Hasi nintzenean jazz modernoaren sortzaileei erreparatzen nien, be bop mugimenduaren aitzindariei, baina hizkuntza hori ikasita, norberaren ahotsa hor txertatzea garrantzitsua da».

Ikasitakoa bere erara jorratzeko bide horretan, beste urrats bat egin du De Diegok Oraindik ametsetan (Errabal) bere izenpean kaleratzen duen laugarren diskoan. Lehendabiziko aldiz, berak idatzi ditu pieza guztiak: «Prozesu natural bat izan da. Lehenengo diskoa [Speak low, 1993] grabatu nuenean gaztea nintzen, eta jazz estandarrak jotzea eskatzen zidan gorputzak. Denborarekin nire abestiak joan naiz sartzen, baina horrek ez du esan nahi beti berdin egingo dudanik».

Speak low-tik Oraindik ametsetan diskora igarotako hamabi urteotan, beste bi disko egin ditu De Diegok, Amaia (1996) eta Iratxo (2002), eta horietan konposizioan sakontzeko aukera izan du, baina baita interprete gisa heltzeko ere: «Esperientziak musika egiteko baliabideak eman dizkit, bai akademikoak, bai feeling-ari lotutakoak. Azken batean, bi kontzeptu horiek, teknika eta sentimendua, lotuta daude».Hala ere, konposizioarena artisau lana dela deritzo. «Ez da lan poetiko bat, baizik eta metodologiari lotutakoa». De Diegok erritmo edo groove bat erabiltzen du pieza abian jartzeko, eta horren gainean egiten du lan: «Melodia sartu, aldaketak egin eta probak egiten ditut. Horrek guztiak lan handia eskatzen dit».

Bartzelonako musikariak

De Diegok orain dela 17 urte hartu zuen Bartzelonarako bidea, eta han du orain bere lantokia. Ondorioz, inguruko musikariekin grabatu du diskoa Bartzelonako Laietana estudio mitikoan. Curro Galvezek (kontrabaxua), Joan Diazek (pianoa) eta Marc Ayzak (bateria) osatzen dute gaur egun De Diegoren laukotea. Bere abestiak lantzeko eta beren erara jotzeko duen gaitasuna azpimarratzen du saxo jotzaileak: «Piezak sentitzen dituzten bezala jo ditzatela. Hori da taldekideetan bilatzen dudana. Bizkarrezur baten gainean inprobisatzen dute, konposizioek ez baitute mugarik. Alde horretatik, erabat irekiak dira».

Bere proiektua aurrera eramateaz gain, beste hainbat musikarirekin egiten du lan De Diegok; hala jazz mundukoekin nola beste esparru batzuetakoekin. Profesionala den heinean, ezinbestekoa zaio. Baldintza bakarra jartzen dio bere buruari: «Sinetsi egin behar dut proiektuan».