Usted está aquí: Inicio Artistas Txuma Murugarren Hemeroteca Txuma Murugarren Labegaraietan

Txuma Murugarren Labegaraietan

Bere zazpigarren lana kaleratzear, kontzertua emango du bere talderarekin bihar asteazkenean 22:00etan


Iturria: Diario Vasco
Eguna: 2016/08/30

«Bizitzak jipoitzen zaitu, uste baino gehiago, biluztu eta umildu, zure benetako tamainara egokitu». Ebidentzia horren inguruan eraikitzen ari da Txuma Murugarren bere azken diskoa, zazpigarrena hain zuzen, irailean argitara emango duena, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik.

Bere aurreko lanetik, 'B aldeko kantuak' diskotik, hona sei urte igaro dira eta denbora honetan ondutako abesti eta istorioak bildu ditu disko luze berri honetan. Soinu sendo eta garratzez lagundurik, Murugarrenen iruditerian barrena bidaia bat egiteko gonbita eskaintzen digute bere ohiko bandarekin erregistratu dituen abesti berriek.

Natxo Beltran egon da baterian, Ekaitz Hernandez baxuan, Mikel Ramirez gitarran eta Rafa Aceves teklatuetan. Gaizka Isunza, Audience taldeko partaideak ere hartu du parte Mutrikuko AME estudioetan burutu duten grabazioan, Axular Arizmendi doinu teknikariarekin.

 

Bere lan berria kaleratzear dagoenean, Txuma Murugarren eta bere banda Bergaran izango dira bihar asteazkenean, hilak 31. Emanaldia Labegaraietan izango da gaueko 22.00etan hasita.

Kantu egile petoa

Hitzak eta doinuak bat egitetik sorturiko osotasunaren emaitza gisa hartzen bada kantua, Txuma Murugarren kantu egile petoa da, bata eta bestea loturik baitaude ezinbestean haren sorkuntzan. Galeraz, denboraren iraganaz, heriotzaz, arroztasunaz, galdutako xalotasunaz eta bestez idatzi ohi du Murugarrenek, eta gehienetan goibel, malenkoniatsu eta gazi-gozoak suertatzen diren doinuekin janzten ditu hitzak, ahots lakarrez abestuta. Hala ere, tarteka beste idazle batzuen poemetara ere jo izan du, Angel Erro eta Xabi Bordaren poemetara, adibidez.

Gipuzkoarra izan arren, Bizkaian eman ditu Murugarrenek bizitzako urte gehienak. Ortuellan sortu zuen, hain zuzen, Sasoi Ilunak beste lagun batzuekin batera. Ez zen izan Murugarrenen lehen taldea, baina bai, ordea, oihartzun handiena lortu zuena. 2000. urtearen atarian, taldea gelditu egin zen eta Murugarrenek bakarkako bideari ekiteko baliatu zuen unea, Nire leihoak lan akustikoa abiapuntua izan zen. Baina ez zen bertan goxo geratzeko prest eta laster Hegazkinen arima soinu elektriko, trinko eta korapilatsua zuen diskoa kaleratu zuen. Ondoren etorriko ziren beste lau grabaketa non estilo eta giro desberdinak landu zituen. Soinu garden eta organiko batean oinarriturik, askotariko eraginak bildu zituen pop klasikoa, folk iluna, Europako ekialdeko musika, kabareta, egitura klasikoko pop kantuak elektronika minimalistarekin osatuz, 60ko hamarkadako singleetan B aldea osatzen zuten kantu ahantzi eta 'inperfektuen' aldarrikapena egin zuen...

Hainbat musikariekin ere egin du lan eta abeslari askorekin partekatu du taula eta kantuak grabatu (Rafa Rueda, Petti, Angel Unzu, Joseba Tapia, Ruper Ordorika...).

Komunikabideetan ere aritutakoa da Murugarrenen. Kantu bat abiapuntutzat hartuta, astero zutabe bat idazten zuen Berria egunkarian; horietako batzuk Larrialdietako irteera liburuan bildu zituen. Halaber, Bilbo Hiria irratian ere Musika Saioa aurkeztu zuen.