Igor Susaeta
Jerry Corral Izar & Starren antolatzaileetako bat orain urtebete
pasatxo jarri zen harremanetan Txuma Murugarrenekin (Errenteria,
Gipuzkoa, 1964), hari enkargu bat egiteko. Eskatu zion aukeratu zezala
musikariren bat, edo diskoren bat, musikan ikur bihurtu diren taldeak
edota lanak omentzea eta horiek publikoari hurbiltzea helburu duen
kontzertu zikloan interpretatzeko. Izan zuen zalantzaren bat
Murugarrenek. Izan zitekeen Tom Waits, agian Neil Young... Azkenean Nick
Cave musikari australiarraren (1957)
Nocturama
2003ko lana
hautatu zuen. Hartako hamar abestiak euskarara itzulita emango ditu,
etzi, Bilboko Campos antzokiko Cupula aretoan, Izar & Starren
bosgarren denboraldiko azken-aurreko saioan (21:00). Murugarrenek
gitarra akustikoa zein elektrikoa joko ditu, eta Rafa Aceves bere ohiko
kolaboratzaileak lagunduko dio pianoarekin eta teklatuarekin.
Nocturama
ez da Caveren ibilbide luze eta oparoko lan ez ezagunena eta ez
laudatuenetakoa, baina badauka, Murugarrenen iritziz, alderdi bat
australiarraren gainontzeko diskoetan tartean-tartean baino ez dena
agertzen. «Hori da lirikotasuna. Hitzetan agertzen da haren mundu
bihurgunetsu hori, baina jantzi guztiz lirikoa du, ia naifa ere
izateraino». Lan horretako abesti gehienak, gainera, pianoan oinarrituta
daude, eta, «praktikotasunagatik», oso argi ikusi zuen Acevesekin
batera aurrera eramateko modukoak zirela.
Murugarren ez da mitomanoa, baina bai, gustatzen zaio Cavek Bad Seeds-ekoekin batera egiten duena. Haien
Your Funeral... My Trial
diskoa (1986) 1990eko hamarkadan deskubritu zuen. Gertatzen zaio,
ordea, talde batzuk agertu bezala desagertu egiten direla bere bizitzan.
Eta halako batean, kotxean entzuteko diskoen
mix bat egiten ari zela,
Nocturama
-rekin egin zuen topo. «Bolada batean sarri entzun nuen, eta kateatu egin ninduen».
Caveren
hitzak «oso paisajistikoak» iruditzen zaizkio Murugarreni. «Eta horiek
dira ilunak, oso intrigazkoak, estatikoak, urdurigarriak, tentsioa,
etsipen pixka bat sortzen dutenak».
Nocturama
-koetan oso
presente dago elurra. «Bai bere kolorearengatik eta bai sortzen duen
isiltasunarengatik; eta pertsonaia elbarri eta ahul horiek, elurretan
galduta daudenak...».
Horiek itzultzea ez zaio zaila egin; bai,
ordea, itzulitakoa ahotsaren melodian sartzea, «daukan melodiaren eta
metrikaren arabera kantagarri egitea». Leloak ere «konplikatuak» gertatu
zaizkio Murugarrenei. «Fideltasun bat eskatzen dute; baita fonetikoki
ere». Alde horretatik, abestirik korapilatsuena
Babe, I'm on Fire
dela pentsatzen du. «Oso-oso luzea da [ia hamabost minutu irauten du],
eta errimak oso presente daude; esaldiak ere, gainera, oso motzak
dira...». Errimak aipatuta, kantu horretako batzuk «eginak bezalakoak»
dira, «oso herrikoiak», musikariaren esanetan. «Alegia, gure 'agur ben
hur
'
-en tankerakoak».
Abesti hori eta
Dead Man on My Bed
dira «burrunbatsuenak» musikalki. «Oso eskeletikoak dira, gainera. Hau
da, ez daukate harmonia berezirik, nota batean oinarrituta daude, eta,
orduan, oso zaila da horiek zutik mantentzea, ez baldin badituzu
instrumentu asko erabiltzen —hala daude diskoan—».
(Nick Cave,iazko otsailean, Berlinalen. ANDONI CANELLADA / ARP ETA EFE)