Usted está aquí: Inicio Artistas Txuma Murugarren Hemeroteca Kantu “lakarren” disko “sendoa”

Kantu “lakarren” disko “sendoa”


Iturria: Noticias de Gipuzkoa
Eguna: 2016/10/27

Marta Esnaola / Ruben Plaza

 

 

Donostia - Txuma Murugarren “nekaezina” da eta hori erakutsi du bere zazpigarren diskoaren argitalpenarekin. Zerbait ari da gertatzen hor bederazi abestiz osatutako lana da, Gaztelupeko Hotsakekin plazaratu duena, eta bere “kantu onenetakoak” biltzen dituena. Tenpo erdiko rocka du nagusi, baina hi-tzek ere garrantzia handia dute errenteriarrak atzo Donostian aurkeztu zuen lan honetan.

“Parte handi batean, sentitzen duguna da errealitatea”, azaldu zuen Murugarrenek diskoan ager-tzen diren gaiez hitz egitean. Musikariaren iritziz, “bizitzak bere gogora erabiltzen gaitu, eta besteen tragedien ondoan, bakoitzak bere bizi-tzarekin aurrera jarraitzen du”. Horrelako gai sendoez mintzatu da eta Murugarrenen letretan “etsipena” nabaritzen dela azpimarratu zuen, baina hala ere, “borrokalariagoa” dela gaineratu zuen. “Diskoaren azala ere txuria da, eta norberak bertan gertatzen dena nahi duen bezala irudikatzeko aukera izango du”, azpimarratu zuen abeslari eta gitarristak. Gaineratu zuenez, oso argi zeukan zein izango zen diskoaren lerroa, zerbait kontzeptuala egin nahi baitzuen.

Musikari dagokionez, bere kantugintzan melodia oso presente egon dela azpimarratu zuen, baina oraingoan, abestiak “lakarragoak eta sotilagoak” direla onartu zuen. “Hezurdura utzi dut, baina oinarri sendo bat du”, nabarmendu zuen Murugarrenek, bere ustetan, lan honek hori behar baitzuen. “Ez da lehen entzunaldiko diskoa, eta eskarmentu musikala duen publikoak gozatuko du gehinbat”, azaldu zuen. Musikariaren ustetan, introspekziorako diskoa da, irratietan entzungo ez den horietakoa.

“Hona iristeko, duda eta sufrimendu asko izan ditut, baina azkenean, ikusi dut diskoak zer bildu duen eta asko gustatu zait”, onartu zuen. Grabaketa lana Mutrikun egin zuen, AME estudioetan, eta oso prozesu lasaia izan zen, “berpentsatzeko denbora eman didana”. “Diskoaren indarra narrazioan eta bandaren elkartasunan dago, eta horregatik, denok batera grabatu dugu”. Bere ustetan, lortutako soinua “txundigarria” zen eta ez dute posprodukzio asko egin.

Datorren asteko ostegunean Arrasateko gaztetxean entzuteko aukera egongo da eta azaroaren 17an, Errenterian.