Andoni Tolosa
Lehenengo bakarkako diskoa Nire leihoak
(2000) kaleratu zuenetik egiten ari den ibilbide sendoan, uztartu egin
ditu Txuma Murugarrenek disko pop-rockeroak eta estilo aldetik
disgresiboagoak gertatzen direnak. Kontuan hartuta aurrekoa Angel
Unzurekin buruz buru egindako 14 Abesti eta hamahiru istorio txiki (2013) zela, imajinatzen genuen disko rockeroa tokatzen zitzaigula, eta halaxe gertatu da; lana irekitzen duen Apurrak Galtzetan
entzuten hasi bezain laster ohartuko zara. Gitarra elektriko zorrotzek,
bateria eta baxuaren erritmo pisutsuek ongietorria emango dizute, eta
Txumaren ahots kraskatuak ohikoak dituen istorio ilun horietako bat
kontatuko dizu. Murugarrenek bere alderik indartsuena erakusten du disko
honen hasieran, eta ez da kasualitatea; zorigaiztoaren aurrean zutitu
eta ahotsa altxatzen duen horietakoa da, ez da zalantzarik.
Hurrengo
kantuetan, diskoak ohikoagoak diren abiadura ertaineko kantu eta
baladetara jotzen du, maila bikaineko sorta osatuz alez ale. Badakit
hori ez dela berrikuntza Murugarrenen kasuan, espezialista dela kantu
sendoak idazten, baina Zerbait ari da gertatzen, hor bakarkako bederatzigarrena entzun ahala, azken urteetako Txumarik inspiratuena itzuli dela irudikatu ahal izango duzu. Alferrik deitoratzea balada ilunean, adibidez, edo ohikoan lantzen ez duen diskurtso kasik politikoa erakusten duen Zerbait ari da gertatzen, hor alaiagoan, erritmoetan hainbeste maite dituen kabaret giroan murgilduta, eta gero datorren Bagoaz hemendik, beste balada elektriko bat, eta berriro politika, kasik eremu intimora ekartzen duen Dirua falta bazaigu countrya. Baina batez ere aipagarriak iruditu zaizkigu Uda usaina eta diskoa ixten duen Poz borobila akustiko eta freskoa. Disko osoko bi kanturik optimistenak, nolabait azaltzeko.
Ohiko
musikariekin lan egiteak ongi egin die kantuei, eta hortxe doaz ongi
koipeztatutako makina baten moduan, zoru ezin hobea jarriz kantuak haz
daitezen. Aipagarriak dira Miguel Ramirezen gitarrak; presentzia
izugarria dute disko osoan zehar, baina oso gutxitan hartzen du
protagonismoa, eta horrela inoiz ez du oztopatzen Murugarrenen kantuetan
hain garrantzitsua den giro horren garatzea. Eta, alor horri
dagokionez, baxua eta bateria dira, kasik, zuzendari.
Disko osoa
da, betelanik gabekoa, hasieratik bukaeraraino hari berak josia, hortxe
baitago Txumaren ahots lakarra pertsonen gainbeheren kronikak aletzen,
bata bestearen atzetik, geldo eta ongi ulertzeko moduan. Ohikoak dituen
ezaugarriak dira, ados, baina bakarkako bederatzigarren honetan, uste
dut ahalegin berezia egin duela bere melodia-erretolika horiei haizea
ematen leloetan, kantuen intentsitatearekin gehiago jolasteko, eta lortu
duela esango nuke, kantariaren azken urteetako diskorik borobilena
iruditu baitzaigu. Musika heldua, entzule helduontzat, eta estimatzen
zaio ahalegina.