Maitane Aldanondo
Musikari nekaezina den Txuma Murugarrenen zazpigarren diskoa da
“Zerbait ari da gertatzen, hor” (Gaztelupeko Hotsak, 2016). Betiko
gaietara itzuli da beste behin, errealitateari usaina hartuz, gustuko
batzuetan, ilun askotan. Tempo erdiko rock doinuak eta kantagintza batu
ditu, ahotsari besteetan baino garrantzi handiagoa emanez. Grabatu
ondoren kanpoan gelditu dira zenbait abesti, baina bilduma, Gaztelupeko
Hotsak diskoetxeko Xarra Azkarateren hitzetan, «bederatzi kanta politek»
osatzen dute, «beldur barik esango nuke abesti batzuk bere ibilbideko
onenetakoak direla».
Oso argi zuen diskoa atontzeko ildoa, kantu bilduma zerbait
kontzeptuala bezala ulertzen baitu, «gizakiok gauzak antolatzeko eta
ordenatzeko daukagun mania». Oraingoan kantuek bide «lakar, sendo edo
indartsua» hartu dute. Normalean bere kantagintzan melodia presente
egoten da, oraingoan, berriz, bide horretatik aldentzea erabaki du,
kanta sotilagoak egiteko. «Bide melodiko horiek pixka bat ukatu kantuari
eta utzi bere hezurduran, baina oinarri indartsua duen hezurduran».
Kantu narrazioak hori eskatzen zuela uste du, oinarri sendoak, baina
melodia gailendu gabe.
Kontzeptua oso trinkoa da, izenburuak eta letrek lotura baitute, eta
azalak –nahigabe suertatu den arre n–, bat egin baitu. «Ez dago ezer,
baina zure gertakizun horiek bertan daude». Aurkezpenean, lehenik
izenburuko «hor» horren esanahia argitu nahi izan zuen Murugarrenek.
Norberak bizi duen errealitate propio horretatik kanpo geratzen denak
bakoitzaren ibilbidea baldintzatu egiten duela aipatuz. «Sentitzen
duguna da hein handi batean errealitatea. Sentsazio kolpe horiek
eragiten digute, baina nork emanak edo nondik datozen ez dakigu.
Horregatik ‘zerbait ari da gertatzen hor&bs;’ eta ez dakizu zer,
baina sumatzen duzu mugimendu bat».
Bilduma «heldua»
Gizakien tragediei buruz hitz egiten du kanta bilduman, lehen planora
ekarriz gabezia txiki eta batzuetan ridikuluak, edo bizitzaren anabasa.
«Bizitzak bere gogora erabiltzen zaitu, ezer gutxi gara bizitzaren
aurrean. Sentsazio oso potentea da, beti sentitu izan dut. Zer
distantzia dagoen norberaren tragediatik bizitzaren joan axolagabe
horretara». Norberaren asmoak direnak direla, bizitzaren arauek
markatzen dute bakoitzaren tokia eta horren kontra ezin da egin.
Diskoaren letretan etsipen hori sumatzen da, baina «puntu borrokalari
batekin». Hau da, eskainitako panorama hori ez onartzea, bestelako
bideak badaudela gogoratzea: norberaren hazkuntza pertsonala, besteekiko
enpatia... «bizitzan badaude disfrutatzeko gauza handi eta ederrak,
nahiz eta bizitza horren kabroia izan gurekin», nabarmendu zuen
abeslariak.
Disko «heldutzat» jo zuen, bizi duen unea oso ondo adierazten duena.
Hainbat urteren ondoren iritsi da «geltoki» honetara, baina ez du uste
bertan geldituko denik. Bildumaren emaitza atsegin du. «Zerbait egiten
baduzu, barren-barrenetik, zalantza asko dituzu, norabait iritsiko ote
den... baina sufrimendu horren ondoren gorpuztu dena ikusi eta oso
emaitza ona iruditzen zait». Hala ere, lehen entzunaldiko diskoa ez dela
ohartarazi zuen, «melodikoa ez izanik, lehen entzunaldian nekez hartzen
da. Jarri eta entzutekoa da».
Abesti batzuk beste batzuk baino «irratigarriagoak» dira, baina
multzo handi batek introspekziorako bidea ematen du. Dituen ñabardurak
sumatu eta soinu ona disfrutatzeko, pazientzia eta horretara jartzea
eskatzen duela uste du Murugarrenek, eta ildo horretatik, musika gustuko
duen jendearentzat egindako diskoa da, «eskarmentu musikala duena,
edozerekin konformatzen ez dena, zerbait bilatzen duena».
Narrazioaren indarra
Orain bi urtetik bizitoki duen Mutrikun grabatu du Axular
Arizmendiren AME estudioan. Gertutasuna «erosoa» suertatu zaio. Izan
ere, zazpi hilabetez luzatu baita 2015eko abenduan hasi zuen prozesua.
«Oso lasaia izan da, birpentsatzeko denbora eman duena eta hori oso
garrantzitsua da nigan, zalantza asko izaten ditudalako». Horren
erakusgarri, jada grabatuta zuen abestiren bat bestelako formazioren
batekin berriro irarri duela. Diskoaren indarra narrazioan eta bandaren
kohesioan dagoela zehaztu zuen Murugarrenek. Horregatik, elkarrekin
grabatu behar izan zuen bandak, estudioko leku faltari aurre eginez.
Arizmendik hasieratik lortutako soinua apenas ez dute ukitu eta
«sumatzen da taldearen pultsua».
Aspalditik berarekin dabiltzan musikariekin aritu da: Natxo Beltran,
Rafa Aceves, Miguel Ramirez eta Ekaitz Hernandez. Horiez gain,
kolaborazioak ere izan ditu: Audience taldeko Gaizka Isunzak koroak egin
eta gitarra jo du, Asier Ituartek haize tresnak estandarretatik kanpo
eraman eta ezohiko konposizioak batu ditu eta Angel Unzuk diskoa ixten
duen kantako gitarra akustikoa. Lehen aurkezpen kontzertua datorren
ostegunean, azaroak 3, egingo du Arrasateko gaztetxean eta azaroaren
17an, Errenterian ariko da. Grabatzean leundutako musikaren indarra
zuzenekoan berreskuratzea espero du musikariak.
AHOTSA NAGUSI
Tempo erdiko pop-rock doinuak nagusi dira bilduman, baina
country-folk anglosaxoi edo blues ñabardurak ere badira musikariaren
ahots erdi hautsi eta abesteko modu latzari gailendu gabe laguntzen dion
melodian.
KONTZERTUAK
Errenterian hasi eta Bilbon amaitu nahi zituen Murugarrenek
aurkezpen kontzertuak. Aldaketak izan dira eta Arrasaten ekingo die
emanaldiei datorren ostegunean. Ondoren bai, etxean ariko da.