Gaur aurkeztu dabe Bilbon Seda taldearen The Belly diskoa, Gaztelupeko Hotsak-en ekinbidez datorrena.
Barruak sutan eskatzen ez badeutsu, ez egin. Bihotzak, buruak, ahoak
edo tripak agintzen ez badeutsu, ez egin; Charles Bukowskik esana poema
batean. Haren ustez, artistearen sormena eta zinezkotasuna gogor lotuta
dagoz erraien aginduetara. Ez dago beste biderik, inoiz ez da
bestelakorik egon.
Egonezina, eklektikoa, ahots indartsuak eta eszenaratze leherkor
batez lagundua, hainbat proiektutan hartu dau parte Virginia Fernandezek
urteetan zehar, Jardin Infierno, Toro y la Niña del Frenesí, Doctor
Deseo... eta J.O.E., Bonzos, Mamba Beats, Cherry Boopers, Virginia eta
Los Machines lako taldeetan ibili da. Eibarren jaiotako abeslari eta
konpositore honen kurrikulum oparoa berme handia da eta orain, bakarkako
kantu eta idea bilduma izan behar zzana, Seda ederrean gauzatu da.
Virginia Fernandez bera ahotsean, Mikel Caballero baxuan (Gatibu), Felix
Landa gitarran (Extremoduro), Galder Creo baterian (Penadas), Pit
Flanagan (Rubia, Garbayo) eta Martin Guevara (Capsula) gitarristea ez
eze Joseba B. Lenoir gitarristea be ondoan izan ditu.
Bilboko Silver Recordings estudioetan grabau dabe diskoa eta Martin Guevarak produzidu dau.
The Belly mimo handiz egindako diskoa da: soinu bikaina,
produkzino aberatsa, Miriam Ocarizen azalerako ilustrazino lan ederra
baina, batez be, rock talde baten sendotasuna, punk jarrera sendoa, hori
guztia Virginiaren ahots indartsuagaz batera, barru barrutik ataratako
kantu-bildumea.
Diskoaren hasieratik Let it sutsuan, Martin Guevara gitarreagaz batera, She can do
kantuak The Runawaysen urrezko sasoia dakarsku, Joan Jett onena buru
dauela, Patti Smithen bahetik eta Virginia Fernandezen nortasun
harrigarritik pasauta.
Taldeak bere punk aldea erakusten dau Clean my name kantuan. Breaking the House saio ilun eta etsia, Hey energetiko eta bikaina, Drunken lover popa, Rock and Roll-ak Passenger formea hartzen dau liderraren ahots-harmonien eta taldearen eskarmentu eta sendotasunaren bidean eta buztarketa ezin hobea da Two words zein Drunken Lover-en molde akustikoan.
Leitekeana da Bukowskik arrazoi izatea, artistearen benetakotasuna
barrenaren oldarragaz estu lotuta dago; The Belly horren adibide ona da;
barrenak sutan eskatzen ez badeutsu ez egin; akaso horrek marketan dau
Seda-ren eta beste proiektu batzuen arteko desbardintasuna, akaso ez
dago beste biderik, akaso ez da inoiz izan.
Zuzenekoei jagokenez, Bilboko Power Records dendan egin daben akustikoaz gan, SEDA + ANA CURRA Bilboko BBK Salan izango dira datorren domekan, apirilaren 18an, 12:30ean. Sarrerak agortuta dagoz.