Bidaia fisiko eta mentala
Azken hamarkada bietan eginiko bidaietan sortutako abestiak bildu ditu Rogelio Botanzek disko berrian
irune berro BERRIA 2007-05-03
Bilbo
Rogelio Botanz Kanarietan bizi den kantautore legazpiarrak hamarkada luze bi daramatza bidaiatzen, eta konposatzen dituen abestiak han-hemen ematen. Herri asko bisitatu ditu, gitarra eskuan. Eta haietan sortutako kantuak jaso ditu orain, Gaztelupeko Hotsak disko etxearekin atera duen disko berrian: Vuelos.
Herri batera iristen nintzen bakoitzean, abesti berri bat eskaini nahi nuen, horregatik ditut hainbeste abesti argitaratu gabe, azaldu du Botanzek. Horietatik guztietatik 15 aukeratu eta disko berria atera du, bere ibilbideko hamabigarrena. Botanzek idatzi ditu abesti guztiak, lau izan ezik: Kontuak eskatzen (Gabriel Arestiren poema, Harri eta Herri liburukoa), Polución (Pedro Garciak egindakoa), Arre mandako (kantu herrikoia) eta Aitak eman zion (Iñaki Aurrekoetxearena).
Askotariko gaiak jorratu ditu munduaren luze-zabalean konposatutako abestietan. Dejar partir abestian, esaterako, desamodioari buruz mintzo da Botanz; eta Mi padre pulidor bere aitari eskainitakoa da, beraz oso harro baitago. ¿De donde? abestia maitasunari buruzkoa da; eta Frida Khalo izenekoa, artista mexikarrari gorazarrez eginikoa. Arestiren Kontuak eskatzen poema aspaldi itzuli zuen gaztelaniara Botanzek, baina duela gutxi euskaraz irakurri nituen bertso haiek eta euskaraz kantatzeko eskatu zidaten garrasika. Hortaz, bere hartan abestu ditu Botanzek.
Eta ez da euskaraz abestu duen kantu bakarra. Arre mandako umeentzako kantua ere euskaraz abestu du kantautoreak, letra zertxobait luzatu eta moldatu ondotik. Horretaz gain, abesti horren musika bakarrik ere sartu du diskoan, nahi duenak bertsoak asma ditzan eta karaokea egin dezan. Iñaki Aurrekoetxearen Aitak eman zion, halaber, euskaraz abestu du. Botanzek emandako abesti baten euskarazko itzulpena da Aurrekoetxearen kantu hori. Esan duenez, hizkuntza batean sortutako hitza beste hizkuntza batean ematea nekeza da. Hala, hitzez hitzezko itzulpena egin beharrean, euskaldunontzat letra horiek zer esan nahi duten berrinterpretatu duela azaldu du Aurrekoetxeak.
Disko berri honetan bildu dituen kantuak grabatzeko musikari bikainen laguntza izan du Botanzek. Alberto Mendezek baxua jo du; Horacio Martellek gitarra elektrikoa, Alfredo Llanosek bateria eta Julio Tejerak teklatuak. Beste hainbat musikarik, gainera, perkusio kanariarrak jo dituzte, koroak egitearekin batera. Diskoa biribiltzeko hainbat musikari gonbidatu ditu, orobat. Kepa Junkera, Fabiola Socas, Arkaitz Miner, Koldo Lizarralde, Jose Antonio Ramos eta Javi Botanz anaia, zehatz-mehatz. Vuelos diskoa Alberto Mendezek grabatu, nahastu eta masterizatu du, Tenerifeko La Lagunako Garaldea «etxeko estudio profesionalean».