Usted está aquí: Inicio Artistas Kemen Lertxundi Hemeroteca Kemen Lertxundik bere eboluzioaren aztarnak dakartza bigarren lanean

Kemen Lertxundik bere eboluzioaren aztarnak dakartza bigarren lanean

'Begi berriak atzo gaueko irudientzat' diskoa kaleratu du Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin


Iturria: Berria,
Eguna: 2009/11/14

Ainara Rodriguez.

 

Euskal musikaren txokoan emeki-emeki lekua egiten ari da Kemen Lertxundi kantugilea. bere Bigarren lana argitaratu berri du Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin: Begi berriak atzo gaueko irudientzat. «Aurreko diskoak (Galdutako zubixak, 2008) kontzertuak emateko, abestiak lantzeko, zuzeneko emanaldiak ematen dizuna sentitzeko aukera eman zigun. Horren guztiaren eboluzioa da bigarren lan hau», dio Lertxundik. Umiltasunez hitz egiten du kantugileak, leun, atsegin. Diskoaren izenburuaren alboan haren izena baldin badator ere, «gu» aipatzen du une oro, atzean dituen pertsonez, lana osatzen duten musikariez. Izan ere, lagun izan ditu Aitor Agirre baterian, Joseba Zabaleta baxuan, Oier Ponce teklatu eta pianoan, Lizar Gojenola gitarra elektrikoan, Maialen Urien biolinean eta Milia Maiora biolontxeloan.

Kontzertuetan bizi izan duten bilakaera da, batez ere, disko berri honen emaitza. Formatu bat baino gehiago landu izan dituzte oholtza gainean, bakarka, hirunaka, taldean, gitarra akustikoarekin... Abestiak lantzen, ikusten eta moldatzen hasi zirenean ikusi zuten disko berriaren nondik norakoa: «Ez da aurrekoarekin apurtze bat, beste horren pauso txiki bat baizik», azaldu du Lertxundik bi diskoen arteko aldeaz jardun duenean. Tituluari erreparatzea besterik ez dagoela esan du, «badira begi berriak, baina irudiak, azken finean, atzokoak dira».

Bakarkako jarduna

Bigarren lan hau taldeko jardunaren emaitza izanik ere, hitzak eta doinuak Lertxundik berak osatu ditu. Doinuei dagokienez, akustikoaren eta elektrikoaren arteko uztarduraren bila aritu dira, eta emaitza, azkenean, denetarikoa izan da. Hitzak, berriz, munduko egoeren inguruan egin dituela ziurtatu du, «gai sozialak, politikoak, maitasunezkoak... Pertsonek denetarik bizitzen dutelako». Kantu guztiak ez dira berri-berriak, baina. «Badira aurretiaz egindako abestiak ondorenera taldean landu eta diskoan sartu ditugunak», azaldu du Lertxundik. Charlie Rivel kantua da horietako bat, esaterako. «Lehenbizikoz gitarra hutsarekin grabatu genuen. Ondorenera pianoa sartu genion, eta beste dimentsio bat eman zion. Baina beste pauso bat eman behar genuela pentsatu eta, biolina ere sartu genuen, biolontxeloa, ahotsa bikoiztu... Kantu hori eboluzioaren adibide bat besterik ez da».

Joan den udan grabatu dute bigarren lan hau, Azkaraten (Nafarroa), Jonan Ordorika teknikari zutela. Esperientzia zoragarria izan dela ziurtatu du Lertxundik, «zoragarria». Gustura geratu dira egindako lanarekin, oso pozik, eta gogotsu daude kontzertuetan abestiak nola defendatzen dituzten ikusteko. Udazkenarekin batera etorritako disko izanik, urtaro horretako zirkuitura moldatzeko egokia dela uste du Lertxundik, «garai honetarako musika dela uste dut, aretoetan jotzekoa».

(Argazkia : Saioa Gauilunak)