Usted está aquí: Inicio Artistas Joseba B. Lenoir Hemeroteca Gitarra jotzaile bakarlari «eroa» baino gehiago, musikaria

Gitarra jotzaile bakarlari «eroa» baino gehiago, musikaria

Joseba B. Lenoirrek folk estatubatuarreko doinuak bildu ditu 'Instroak Vol.2' disko instrumentalean


Iturria: Berria
Eguna: 2013/03/12

Igor Susaeta. Donostia

 

Sexty Sexers edota Sumision City Blues taldeetan jotzen zuenean, adibidez, Joseba B. Lenoirrek —J. B Lenoir bluesmanaren omenez jarri dio izen hori bere proiektuari Joseba Baleztenak— ezin zuen «azaleratu» barrenean zeukan «zati bat». «Orain urte batzuk, neure burua ikusten nuen gitarrista bakarlari eroaren rolean sailkatuta. Beste musikarientzat ere horixe bera nintzen, musikaria beharrean». Baina hasi dira azaleratzen harengan «dezenteko eragina» izan duten musikak. Haren bakarkako ibilbideko lehen diskoa autoekoitzi zuen iaz —Instroak, Vol.1—, eta bigarrena dakar orain, Gaztelupeko Hotsak-ekin: Instroak Vol.2. Ahaire estatubatuarrak bildu ditu, rock, blues eta folkez blaitutako bederatzi abesti instrumentaletan.

Aurreko diskoko kantak zuzenekoetarako prestatzen ari zenean sortu zituen disko berrikoak. «Jaio ziren hagitz akustiko, hagitz txiki... Gero, grabatzerakoan, egon da dezenteko produkzio lana, eta hartu dute dimentsio askoz ere handiagoa», azaldu du Lenoirrek. Hainbat musikarik kolaboratu dute, gainera. Felix Buffek (Willis Drummond) bateria eta perkusioak jo ditu, Raul Garciak (Mugaldekoak) zerra melodikoa eta Xiker Salaberriak tronpeta. «Diskoari kolore eta balio gehiago eman diote».

Baina zuzenekotan bakarrik arituko da. Hortaz, «atzerako bidaia» egin behar izan dute abestiek. «Joan ziren akustikotik elektrikora, taldearen soinura, eta orain, kontzertuetarako, oinarrira bueltatuko dira. Galtzen dira gauza asko, baina muina hor dago». Halere, ez du baztertzen inoiz talde osoarekin jotzea. «Hori daukat buruan. Teklatu jotzaile batekin, bateriarekin, baxu jotzailearekin... Iruditzen zait abesti batzuek asko luzituko luketela talde batekin. Gertatuko da, baina horretarako aukera bilatu beharra daukagu».

Inoiz igo izan da harekin oholtzara Inaxio Agara Sexty Sexerseko bateria jotzailea zena, «baina modu erabat inprobisatuan». Buffekin ere jo izan du, bien agendek «bat egin» dutenean.

Gehien-gehienetan, baina, bakarrik, ona man band-en gisara. Gitarra eta «traste batzuk» erabiltzen ditu: perkusioak, pedal batzuk efektuak sortzeko... Loop station pedalarekin, berriz, erritmo bat grabatzen du jotzen ari den bitartean, eta momentuan erabil dezake, «doinu geruzak» sortuz. «Modan dago pedal hori. Hainbat musikarirekin ari zarela dirudi. Sentsazio hori ahalbidetzen du, behintzat».

Urtetan bildutako abestiak dauzka «kaxoi batean», eta horiek ahots melodiak dituzte eginak. Baina oraingoz ez da ausartzen disko bat ahotsekin grabatzera. Hori bai, hurrengo lanak hitzak izango dituela uste du. «Ez dut, ordea, neure burua hitzen egile bezala ikusten». Badauka egile bat buruan: Beñardo Goietxe. Igande honetan Elgoibarko kultur etxean aurkeztuko du diskoa Lenoirrek. (19:00).

 

Joseba B. Lenoir, atzo, Donostian. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS