Mikel Lizarralde
Ibilbide luzeko musikaria da Jon Gurrutxaga (Elgoibar, Gipuzkoa 1978).
Arima Beltza blues-rock taldeko kidea izan zen, eta beste hainbat
proiektutan ere aritu izan da, batzuetan egitasmoa partekatuz, eta
besteetan bera buru dela: Andrakan, UEK, Bikustik, Jon & Sugramas...
Orain, berriz, bere izenean argitaratu du Kateak lan berria. Gaztelupeko Hotsak zigiluak aurten bertan abian jarritako Lokatzetan Play singleen bilduman kaleratu du diskoa, bi formatutan. Binilozko singleak bi abesti jasotzen ditu (Kateak eta Desitxuratuz) eta barruan daraman CDak, lau —singlekoaz gain, Unearen oraina eta Wrinkled shirts and jackets—.
Azken
urteetan osatutako kantuak dira laurak, eta Gurrutxagak idatzitako
«pieza rockeroetatik» pixka bat aldentzen dira, musikariak berak dionez.
«Ezberdinak dira, baina ez nuen nahi karpeta batean gordeta gelditzea».
Euren artean ere ezberdinak dira, baina badituzte lotzen dituzten
ezaugarriak. «Kateak-ek soul-gospeletik edaten du; Desitxuratuz-ek pop-rockera jotzen du; Unearen oraina re irekian afinatua dago, eta asko gustatzen zaizkidan kantari amerikarren eragina du; eta Wrinkled shirts and jackets
ingelesez atera zait, eta blues klasikoagoa da». Forma akustikoak
dituzte lau kantuek, nahiz eta Patxi Zabaletaren gitarra elektrikoa
entzun daitekeen Kateak-en.
Bakarka grabatu du diskoa
Gurrutxagak, baina ez bakarrik. Zabaletaz gain, Iñigo Gorrotxategi
(baxua), Urbil Artola (dobroa), Markos Coll (aho soinua) eta Peio
Gorrotxategi (teklatua) izan ditu lagun Ereñotzuko (Hernani) Aieka
estudioan egindako grabazioan. Zuzenean, berriz, formatu txikian ariko
da, Artolarekin. Oraingoz, hilaren 19an Ondarroako (Bizkaia) Mobydick
taberna-jatetxean daukate lehen kontzertua, eta azaroan Elgoibarko
Sotoan ere ariko dira
Joseba Tapiaren singlea
Lokatzetan Play
bilduma Txuma Murugarrenen single batekin estreinatu zuten, uda
aurretik, eta, urtea amaitu baino lehen, Joseba Tapiaren beste bat
kaleratuko dute. «Aurten hiru aterako ditugu, eta datorren urteari
begira ere beste hiru kaleratu nahiko genituzke», azaldu duUbane Uzin
Gaztelupeko Hotsakeko arduradunak.
Foto: Jon Gurrutxaga, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. A. CANELLADA / FOKU