Usted está aquí: Inicio Artistas Jon Gurrutxaga Hemeroteca Jon Gurrutxagak lagun artean ekin dio bakarkako ibilbideari «Hitz lauz» diskoarekin

Jon Gurrutxagak lagun artean ekin dio bakarkako ibilbideari «Hitz lauz» diskoarekin

Musikari elgoibartarrak bakarkako lehen diskoa kaleratu du, baina ez bakarrik. Orain arteko ibilbidean ondoan izan dituen lagunak gonbidatu ditu hamar kantuko lan intimo eta semiakustikoa osatuz.


Iturria: Gara
Eguna: 2014/11/01

Ane Arruti

Ia bi hamarkada badira Jon Gurrutxaga elgoibartarra musika munduan murgilduta dabilela. Bere herriko Expresion Sonora taldean -gero Koska talde mitikoa sortuko zen hartatik- bateria jotzaile zuen osaba eta taldea berriro elkartu zenean, haiekin kantuan eta perkusioa jotzen aritu zen. Arima Beltza taldearekin hiru disko kaleratu zituen 2000 eta 2005 artean, Keu Agirretxearekin baterian aritu da, baita Andrakan taldean ere, proiektu pertsonalagoa izan zen Jon & Sugramas rock laukotea, 2010ean diskoa kaleratu zuena...

Oraingoan jauzi definitiboa eman eta bakarkako lana plazaratu du, «Hitz lauz», Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin. Bertako Joxe Felix Azkarate Xarra-ren iritziz, Gurrutxagaren «jakinduria eta esperientzia jasotzen da» disko honetan.

Eta esperientzia horren parte dira bidean egindako lagun musikari guztiak. «Hasieran zerbait apalagoa egiteko asmoa neukan, akustikoagoa, kantu gutxiagorekin. Baina konturatu nintzen, kantu horiek sortu ahala, janzteko modua ere bazegoela, beste instrumentu batzuekin apaintzeko aukera zegoela. Orduan lagunei deitzen eta laguntza eskatzen hasi nintzen, batez ere gitarra elektrikoak eta baxuak sartzeko. Kantuak jantzi ahala gehiago sortzen joan nintzen eta erabaki nuen estudio batean sartu behar nuela, osabaren ganbaran egindako maketak ez zirela nahiko», azaldu zuen Gurrutxagak.

Hamar kantuak, euskaraz guztiak, Beasaingo Pottoko estudioan grabatu eta nahastu ditu, Fredi Pelaez teknikariarekin, eta bestela ere hartu du parte Pelaezek: «Organista bikaina denez, aurretik ere grabatu izan du nire kantu batzuetan, aprobetxatu nuen teklatu batzuk sartzeko, pianoak eta hammondak batez ere, eta horrek beste kutsu bat eman dio».

Gurrutxagak bateria, aho soinua, gitarra akustikoa eta ahotsa grabatu ditu eta kantuaren arabera, musikari ezberdinek hartu dute parte. «Nahiz eta nire izenean argitaratu, taldean egindako lan bat da. Partaide asko daude, lagunekin eginda dago». Baxuan Mikel Azkargorta, Iñigo Gorritxategi eta Gorka Eskauriaza aritu dira; gitarra elektrikoan, Keu Agirretxea, Miguel Laguna eta Oatxi Zabaleta; eta kontrabaxuan Tana Santana.

Hitzetan ere laguntza izan du: Xabi Lasa, Uxue Agirre eta Iñaki Gurrutxagarenak biltzen ditu. Arima Beltzaren «Desirak eta gezurrak» kantuaren bertsio bat ere sartu du, Patxi Zabaletarekin batera idatzi zuena, aldaera guztiz akustikoa eman diona.

«Esango nuke rock disko bat dela baina semiakustikoa edo... Ez da guztiz akustikoa, badaude gitarra elektrikoak, momentu batzuetan badago rockaren indar hori, beste batzuetan rockaren puntu intimista hori, bluesaren eraginak ere bai, abestiren batean pop ukitua ere bai...».

Bide honetan jarraitzeko asmoa du Gurrutxagak, «gazteagoak garenean ilusio hori daukagu, taldeetan gaude, lokalean sartuta... Baina urteak pasa ahala ez daukazu hainbeste denbora lokalean egoteko, lehentasunak ere aldatzen joaten dira... eta zure ibilbide musikalari eutsi eta barruan duzun grina hori ateratzeko, behar duzu autonomo izaten joatea. Uste dut horren emaitza dela hau».

Zuzenean binaka edo laukotean aritzeko asmoa dauka eta ondoan izango ditu Ruben Irigoien (bateria), Iñigo Gorritxategi (baxua) eta Miguel Laguna (gitarra elektrikoa). Lehenengoa azaroaren 28an izango da, Gautegiz Arteagako gaztetxean.

Zuzenean:

- Azaroak 28, Gautegiz Arteagako gaztetxean.

- Abenduak 5, Urretxuko Motz tabernan.

- Abenduak 12, Mutrikuko Abendurock zikloan.

- Urtarrilaren 3an, Zumaiako Itzurun tabernan.