Jon Gurrutxagak Hitz Lauz (Gaztelupeko Hotsak)
izenburuko lana aurkeztu zuen atzo Donostian. Ingelesa bazter utzita,
osorik euskaraz mintzo da Gurrutxaga, hitz lauz, bizi-esperientzien
inguruko kantu sorta honetan, eta inoiz baino “gertuago” eta
“barnekoiago” azaltzen da entzulearen aurrera. Bakarkako diskoa izan
arren, kolaboratzaile asko izan ditu musikari elgoibartarrak eta denen
artean “soinu abegikor, bero eta argitsua” eman diotela diskoari azaldu
dute Gaztelupe diskoetxetik.
Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko arduradunek jakinarazi dutenez, urteotan pilatutako esperientzia, ezagutza eta trebakuntza agerian uzten ditu Hitz lauz diskoak.
Kantuen eraikuntzan, alde batetik. Arkitektu batek eraikin baten
planoekin egingo lukeen bezala, zentzuz eta presarik gabe hazten direla
disko honetako kantuak diote, “urrats bakoitza argitasunez zehaztuta
baitago: sarrerak, zubiak, goraldiak, trantsizioak, geldialdiak, jira
melodikoak...” Sugea kantua jarri dute adibidetzat. Eta, une
bakoitzak jantzi instrumental egokia aurkitzen du kantuak gora egin
dezan. Horrez gain, “tentuz landutako moldaketek” arnasa ematen diete
kantuei, hainbat musikarik egindako ekarpen bikainari esker.
•Kolaboratzaile ugari
Izan ere, Soraluzeko diskoetxeko arduradunen berbetan, horretan datza Jon & Sugramas
lanarekiko aldaketa nagusietako bat, hura talde finko batekin landutako
diskoa izan baitzen. Oraingoan berriz, kantuaren arabera musika
ezberdinekin lan egitea erabaki du Gurrutxagak, eta ondorioz hiru baxu
jotzaile —Mikel Azkargorta, Iñigo Gorritxategi, Gorka Eskauriaza—, hiru
gitarrista —Keu Agirretxea, Muguel Laguna, Patxi Zabaleta—, Tana Santana
kontrabaxu jotzailea eta Fredi Pelaez teklatu jotzailea izan ditu
alboan. Gurrutxagak bateria, ahosoinua eta gitarra akustikoa jo ditu,
abesteaz gain.
Diskoan parte hartu duten lagun guztien artean “soinu abegikor, bero
eta argitsua” lortu dutela azaldu zuen Gurrutxagak diskoaren
aurkezpenean. Eta aurreko lanetakoa baino akustikoagoa dela nabarmendu
zuen.
Bluesak jarraitzen du bere kantuetan present egoten, baina Hitz lauz diskoan lekua dago funk doinuentzat (Denbora, bidea, zu eta ni), kontrabaxu eta hammond organo distiratsuak dituen balada batentzat (Txikia handi), folk erreferentzia garaikideentzat (koruek Fleet Foxes ekartzen dute gogora Minaren mintzoa-n), eta su motelean erretako rock aleentzat (Azala, Iragana beti jarraika edota Desirak eta gezurrak,
Arima Beltzaren azken diskotik hartutako kantuaren bertsioa). Ingelesa
bazter utzita, osorik euskaraz mintzo da Gurrutxaga, hitz lauz, Xabi
Lasa, Uxue Agirre eta Iñaki Gurrutxagaren laguntzarekin,
bizi-esperientzien inguruko kantu sorta honetan, eta inoiz baino
“gertuago” eta “barnekoiago” azaltzen da entzulearen aurrera.
•20 urteko ibilbidea
Musikagintzan bi hamarkada betetzeko bidean da Jon Gurrutxaga (Elgoibar,
1978). Arima Beltza taldean ezagutu genuen, gurean bateraezinak
diruditen bi eginkizunetan, bateria jotzea eta abeslaria izatea, aldi
berean aritzen —geroago frontman lana hartu zuen—. Niko Etxartek
euskarara ekarritako bluesaren eta 70eko hamarkadako rockaren
tradizioari beste katebegi bat gehitu zioten talde hark 2000. eta 2005.
urteen bitartean grabatutako hiru diskoek. Geroztik beste musikari
batzuen proiektuetan parte hartu du Gurrutxagak —iraunkorrena Keu
Agirretxearen UEK taldea izan da, zeinarekin hainbat disko grabatu eta
zuzeneko ugari eskaini dituen; laburrena, Andrakan taldea—, baina sekula
ez dio kantuak sortzeari utzi —Arima Beltzaren konpositoreetako bat zen
Gurrutxaga—. Horrela, merezi zuena baino oihartzun txikiagoa izan zuen
Jon & Sugramas diskoa kaleratu zuen 2010. urtean, eta lau urte
geroago itzuli da Hitz lauz diskoarekin.