Infraganti: Jon Gurrutxaga
Iturria: | Gaur8 |
Eguna: | 2010/07/09 |
Xole Aramendi
Oraindik haurra zela, eskolako arkatz eta margoen estutxea edo eskua bera nahikoa zituen mikrofonoaren imintzioa eginez Beatles taldearen kantuak abesteko. Ordu luzeak ematen zituen logelan. «Kantatzea oso modu naturalean bizi dut. Etxean txikitatik egin izan dut», dio.
Oso gustukoa du Liverpoolgo taldea. «Anaiak -ni baino hamar urte zaharragoa- Beatles-en kaseteak eta biniloak zeuzkan, oso zalea naiz. Beatles-ak oso handiak izan ziren, baita Rolling-ak ere. Oso gustuko izan nituen. Gaur egun, taldekideen jarrerari dagokionez, Rolling-ak gehiago gustatzen zaizkit», kontatu du.
Elgoibarko Sallobente auzorako bidean elkartu gara Jon Gurrutxagarekin. Herri erdigunetik aldendu eta mendi aldera etortzea atsegin du. Inguruko zelaien berde indartsuak begiak betetzen dizkigu. «Tokia gustukoa dut. Lehen korrika egitera etortzen nintzen eta orain lasai paseatzera», kontatu du.
Betidanik egon da musika talderen batean. Artean hogei urteak betetzear zituela, Arima Beltza sortu zuen, lagunekin. Harenak egin zuen eta, ondoren, Keurekin aritu zen. Ezin etsi, eta Arima Beltzako Patxi Zabaletarekin Bikustik proiektua jarri zuen martxan. «Beatles, Led Zeppelin... akustikoan egiten ditugu». Eta, orain, Jon&Sugarra taldearekin dator. «Kantu sorta bat idatzita neukala ikusi nuenean, lagun eta ezagunengana jo nuen. Lagun izateaz gain, musikari finak dira eta banekien proiektuan parte hartzeko gogoa edukiko zutela», azaldu du Gurrutxagak.
Azken asteetan, aurkezpen kontzertuak eskaintzen aritu dira, han-hemen. Udan badute beste hitzordurik. «Santioetan, uztailak 24, Azpeitian joko dugu; abuztuaren 17an, Debako Sanroketan eta, ondoren, Elgoibarko jaietan», iragarri du.
Ahotsa umetatik landu du eta, bateria, ondoren. Biak ditu gogoko. «Desberdinak dira, baina biak fisikoak dira: ahotsa eztarritik ateratzen da eta bateria gorputzaz jotzen dugu. Naturalak dira, entxufatu gabe egin ditzakegu», azaldu du.
Ezin bata edo bestea gabe bizi. Tarteka, biak bateratzen ditu. Arima Beltzarekin biak uztartzen zituen, baina, bukaeran, abestu bakarrik egiten zuen. «Abeslaria eta bateria-jotzailea izanda, tokiaren arabera, kokapena alda genezakeen, baina ez dakit zergatik, ez genuen egiten. Atzean jartzen nintzen. Eta, tabernetan, jendeak ez ninduen ikusten. Gainera, toki irekietan urruti geratzen nintzen, pixka bat hotz. Bazeukan alde interesgarria, baina taldeak frontman bat falta zuen», kontatu du.
Azkenaldian, mikrofonoaren aurrean jartzea faltan zuen. «Bateria jotzen asko disfrutatzen dut, baina egunero nago baketak eskuan ditudala. Gogoa neukan neure kantuei forma eman eta kantuan hasteko. Gero, seguru, zuzenean bateria jotzeko irrika sortuko zait, baina, momentuz, abestu egin nahi dut. Denboraldiak dira», argitu du.
Bluesak betiko harrapatu zuen. «Musika estilo guztiak jotzeko, arima eta bihotza behar dira, baina bluesa esklabotza garaiko kantu espiritualetatik dator. Horregatik da, agian, sentikorragoa eta malenkoniatsuagoa. Sentimendua nabarmenagoa da», azaldu du elgoibartarrak.
Bere ahots indartsuak ezagun egin du Jon Gurrutxaga, baina etxetik agertoki gainerako saltoa kasualitatez eman zuen. «Arima Beltzan, hasieran, Aitor Badiola gitarra-jotzailea zen kantatzekoa. Egun batean, ahotsa gaizki zeukan. Ni hasi nintzen kantuan eta harrituta geratu zen. `Abestu zuk' esan zidan». Gaur arte.
Oraindik gogoan dauka Getxoko Blues Jaialdian 6.000 entzuleren aurrean jo zutenekoa. «Ia denak Ñaco Goñi eta Raimundo Amador ikustera joan ziren, baina publikoa geureganatu genuen eta oso ondo egon zen. 2004. urte ingurua izango zen. `Beste bat!' eskatu zutenean, gogoz egin zuten. Ez gaude ohituta 6.000 pertsona oihukatzen entzutera».
Proiektua atzean geratu zen. 1998 eta 2006 urteen arteko bidea egin zuten elkarrekin eta, ondoren, nork bere bideari ekin zion. «Lan egiteko orduan, ez ginen ondo moldatzen. Zuzenekoetan bai, gozatu egiten genuen», gogoratu du.
Euskal Herrian ez daude blues talde asko. Rock gogorragoa egiten zen garaian, atzera begira jarri ziren eta ez da oso ohikoa gazteen artean. «Lehen kontzertua 1998ko abuztuaren 8an jo genuen, Plaentziako gaztetxean. Egun batzuk geroago Elgoibarko jaietan txosnetan emandakoa ere gogoratzen dut. Ekonekin batera jo genuen. Orduan, agertokian oso indartsua zen eta zale asko zituen. Bat-batean, 19 urteko gazteak agertu ginen, John Mayallen kantuak egiten... Garai hartan, blues klasikoagoa egiten genuen. `Hauek nondik atera dira?' galdetzen zuten», kontatu du Gurrutxagak.
«Jendearen erantzuna beti bilatzen dugu, baina, azkenean, gustatzen zaiguna egiten dugu. Honetatik bizi eta publiko masiboaren erantzuna izan nahi bagenu, disko piloa saldu, ez genuke musika mota hau egingo. Pop-rock estilokora joko genuke, beste era batera abestuko nuke, melodiak ere beste era batekoak izango lirateke eta beste publiko bati begiratuko genioke -esan du-. Beti nahi duguna egin dugu eta salmentaz ez gara kezkatu. Noski, saldu eta ahal den jende gehienarengana iritsi nahi dugu».
Garaiak aldatuz doazelakoan dago. «Arima Beltzan jotzen genuenean, ezberdintasuna nabarmenagoa zen. Orain, vintage-a eta 70eko hamarkadako rocka modan daude. Guk egiten duguna nahiko rock klasikoa da, nahiz eta ukitu modernoa eduki. Ez dago gure moduko talde askorik, baina bai batzuk. Zikloak dira eta garaiak aldatu egin dira. Hemendik bost urtera, agian, metala modan jarriko da», adierazi du.
Krisiaren itzalik nabaritzen al da orain zuzeneko emanaldietan? Kontzertu kopurua jaitsi denik ez du uste. «Agenda begiratu eta asko dago, baina talde asko daude, sekulako eskaintza dago. Euskal Herria txikia da eta ez da erraza kontzertu kopuru handia izatea. Arima Beltzarekin, asko jotzen genuen. UEK taldean ere fin ibili gara jotzen. Eta Jon&Sugarrarekin maiatzean eta ekainean polito ibili gara, taldearen aurkezpen kontzertuekin ezin kexatu. Egia da musikarien artean dena nahiko geldirik dagoen sentsazioa dagoela. Kontua da gizartea aldatuz doala. Jendea ez da lehen bezala ateratzen, lokaletan geratzen da... Tabernariek ere gutxieneko entzuleria behar dute kontzertua errentagarria atera dadin, ze guk doan jotzen genuen garaiak pasatu dira eta gutxieneko bat eskatu beharra daukagu», esan du.
Krisia ordainsarietan igartzen da, Gurrutxagaren esanetan. «Lehen asko kobratzen zutenek orain gutxiago jasotzen dute, baina hainbeste kobratzen ez genuenoi ere jaitsi egin nahi digute eta hori ere ez da kontua. Denok amore ematea ez dakit bidezkoa den».
Agendak eta zortzi hilabeteko Xuban semeak uzten diotenean saiatzen da kontzertuetara joaten. «Orain, selektiboagoa naiz. Azkena Rock jaialdiaren lehen egunean izan nintzen. Gov't Mule ezin nuen galdu. Kitty, Daisy&Lewis asko gustatu zitzaizkidan. 50eko hamarkadako musika egiten dute, dena garai hartakoa da: jantziak, garai hartako musika tresnak eta mikrofonoak... sekulakoa. Kopia da, baina hain da originala gaur egun... Beste talde batzuk ere ikusi nituen, baina errebisio hutsa egiten dute. Aurretik beste batzuek egindako musika bera -batzuek rocka, besteek bluesa...-, oso berdintsua, eta ez zigun ezer eskaintzen. Guk ere rock-bluesari begiratzen diogu, baina kantuak berezitasunen bat eduki dezan saiatzen gara. Han, bazirudien kantua ez zela garrantzitsua, estiloa baizik».
Irratsaioa
Ingurukoak ez dira batere harritu bere musika ibilbidea ikusita. Hamalau urte besterik ez zituela, irratsaio bat egiten zuen, herriko Zazpiki irratian. Musikarekiko zuen zaletasuna ikusita, lagun baten aitak grabazioak pasatzen zizkion, uhinen bitartez zabal zitzan.
Irratia oso gustukoa du, eta zaletasun hark kazetaritza ikastera bultzatu zuen, nahiz ondoren telebistan egin lan gehiena. Garai batean, bere aurpegia ezaguna egin zen, «Bertatik Bertara» saioari esker. Jende askok ezagutzen zuen kalean eta ez zuen oso gustukoa. «Ile luzearekin ere ez naiz oharkabean pasatzen eta...», dio.
Duela hamar urte, lanbideari dagokionez, beste norabide bat hartu zuen. «Telebistan ezegonkortasuna ikusten nuen. Nahiz aukerak eduki bertan jarraitzeko, etenak zeudela ikusten nuen eta, Bermeo eta Ondarroako Musika Eskoletan gustura nagoenez, hantxe jarraitu dut, irakasle moduan», esan du Gurrutxagak.
Ondo pasatzen du ikasleekin. «Txun-txun-txun-ka, arratsalde osoan gauza berdina egiten egon gaitezke eta batzuetan astuna da, baina ondo pasatzen dut», esan du.
Adinez denetariko musikazaleak aurki daitezke bere eskoletan. «Txikiena bost urtekoa da. Aita grabaketa batekin etorri zitzaidan eta ondo jotzen duela ikusi genuen. Ordu laurden bakarrik ematen diot, Bermeon. Ohikoa zazpi urterekin hastea da -adierazi du-. Cd bati jarraitzea zaila egiten zaienez, nik gitarra elektrikoaz jotzen dut eta ondo moldatzen gara. Guk, lehen, aukera hori eduki izan bagenu...».