Usted está aquí: Inicio Artistas Iban Nikolai Hemeroteca Iban Nikolaik melodiaz jantzi du didjeriduaren erritmoa

Iban Nikolaik melodiaz jantzi du didjeriduaren erritmoa


Musikari oiartzuarrak Didjeridu hotsak diskoa kaleratu berri du

MIKEL LIZARRALDE - DONOSTIA

Didjeridua, munduko haize musika-tresna zaharrenetakoa, eskuan zuela aurkeztu zuen atzo Iban Nikolai oiartzuarrak lan berria: Didjeridu hotsak (Gaztelupeko Hotsak). Australiako aborigenen tresna kutunak 40.000 urtetik gora omen ditu, eta Nikolai bihurtu da haren sustatzaile nagusia Euskal Herrian. Hala, didgeridua hainbat musikariren diskoetan sartzeaz gain (Banja Luka, Xabier San Sebastian), jotzaile berrien irakasle ere bilakatu da azken urteotan.

Didjeridua, jatorrian, termitek zulatutako eukaliptozko enbor huts bat da, eta zulotik putz eginda soinu grabe bat sortzen du. Nikoilaren iritziz, ordea, hori baino gehiago ere bada: «Antzinako tresna da, eta, aborigenen arabera, naturako soinu guztiak uztartzen ditu. Horregatik guztiagatik, oso barrura sartzen da». Nikolaik orain dela zazpi urte ezagutu zuen didjeridua, Londresen eginiko egonaldi batean, «eta harrapatu egin ninduen bere soinuak». Orduz geroztik, maisu ugari izan ditu, eta Europako hainbat jaialditan izan ondoren, joan den udan bere ametsetako bat bete eta Australian aborigenek beraiek sortutako Garma festibalean parte hartu zuen beste hogeita hamar lagunekin batera: «Beren erroei oso lotuta egon arren, aborigenak mendebaldeko kulturari irekiak ere badaude, eta oso ondo hartu gintuzten. Gainera, han izan zen Djalu Gurruwiwi didjeridu jotzaile ezagunena ere». Gurruwiwi Nikolairen irakasleetako bat ere izan da.

Melodia eta erritmoa

Orain dela bi urte Yurlunggur lana grabatu ondoren «musika elektronikoa eta didjeridua biltzen zituena», oraingoan beste hainbat lagun musikari izan ditu alboan Nikolaik Didjeridu hotsak grabatzeko: Gogui gitarrista eta perkusionista, Javier Area perkusionista eta Maria Simonson abeslaria, besteak beste. «Diskoa askotarikoa da; baditu une dinamikoagoak, eta baita lasaiagoak ere. Era berean, batzuetan elektronikara hurbiltzen da, eta besteetan flamenkora». Ohiko didjeriduaz gain, slide didjeridua ere erabili du Nikolaik, «melodiak egiteko erabiltzen delako». Hain zuzen ere, tresna erritmikoa izan arren «didjeriduak melodiak sortzeko balio» dezakeela azaldu zuen musikariak.

Orain zuenean aurkeztuko du diskoa, eta beste proiektu bat ere abian jarriko du Javi Area perkusionistarekin eta Ritxi Salaberria baxu jotzailearekin batera.