Usted está aquí: Inicio Artistas Iban Nikolai Hemeroteca Iban Nikolaik Didjeridu hotsak grabatu ditu

Iban Nikolaik Didjeridu hotsak grabatu ditu


Australiako antzinako musika tresna horrekin diskoa egin du gazte oiartzuarrak

Iban Nikolai oiartzuarrak Londresen entzun zuen lehenengoz «didjeridoo»a eta haren soinuak maitemindu egin zuen. Hasieran bakarrik eta gero hainbat irakaslek gidatuta jotzen ikasi du, eta ibilbide horretan leku askotan ibili da, Australian ere bai, jakina. Bere azken jomuga disko bat grabatzea izan da.

DONOSTIA

Didjeridoo delakoa eukaliptozko enbor hutsa da eta ezpainen bibrazioa erabiliz soinu baxua sortzen du. Antzinako musika tresna da, 20.000 urte baino gehiago ditu, eta Australiako aborijenek beren errito eta zeremoniatan erabiltzen dute, ahotsa eta makilak (perkusioa) laguntzeko. Egun, musika garaikidean eta elektronikoan entzuten da batik bat, baina «edozein musikatan erabil daiteke», azaldu zuen atzo Iban Nikolai oiartzuarrak. Musikari gazteak zazpi urte daramatza musika tresna hori jotzen Europan eta munduan barrena, eta duela gutxi Australian izan zen, aborijenekin didjeridoo tradizionala ikasten. 2002an maketa bat atera zuen, "Yurlunggur" izenarekin, eta aurten Gaztelupeko Hotsen eskutik "Didjeridu hotsak" diskoa argitaratu berri du. Hamar doinu bildu ditu CDan, zortzi berak idatziak eta beste bi lagun batekin batera eginak. Ezohiko lana da Euskal Herrian, berak aipatu zuenez: «Disko berezia da eta entzuten den musikatik aparte dagoen proposamen desberdin bat».

Lehen maketa horretan soinu elektronikoa sartu zen kanta batzuetan, baina diskoan naturari lotutako tresnen aldeko hautua egin du. «Didjeridoo soila izatea eta instrumentu terrenalagoak erabiltzea erabaki nuen», aipatu zuen oiartzuarrak. Didjeridoo-ez gain, djembe-a, shaker-a, darbuka, gitarra, kajoi flamenkoa, sinte-a, didgeribone-a, txirula, Australiako makilak, burrunbaria, muxukitarra eta ahotsa sartu ditu.

Estilo aldetik, CDak bi alde dituela nabarmendu zuen, erlaxatzailea bata, dinamikoagoa bestea. Kanta eta erritmo desberdinak daude, melodiak ere bai, eta pieza batzuek «flamenko kutsua dute», azaldu zuen. Horretan zerikusia izan du bere lagun Goguik. Bi kantutan elkarrekin lan egin dute eta, gainera, Goguik gitarra eta kajoia jotzen ditu hainbat kantutan. Diskoan parte hartu duten beste musikariak Maria Simonson (ahotsa), Iban Calvo (sinte-a) eta Javi Area (shaker-a eta beste hainbat tresna) dira.

Denak Iban Nikolairen didjeridoo-en inguruan elkartu dira "Didjeridu Hotsak" horretarako, baina hori ez da Nikolairen proiektu bakarra. Oiartzuarrak beste musikari batzuekin lan egin du, adibidez, Luis Camino perkusio jotzailearen "Abya Yala" lanean edota Xabier Sansebastianen bakarkakoan. Orain, bere diskoaz gain, Samar izeneko proiektuan sartuta dago Javier Area (bateria), Richi Salaberria (bajoa) eta Iker (perkusioa) musikariekin. Aurkezpena Irungo Tunk aretoan egingo dute, ekainaren 5ean.