Usted está aquí: Inicio Artistas HIBAI Hemeroteca Txanpon beraren bi aldeak

Txanpon beraren bi aldeak

Biniloaren A eta B aldeekin jokoa eginez eraiki du Hibai-k «Agian bihar» disko berria, martxoan argitaratuko duen lan osatuago baten kontrapuntua. Orkestrazio eta orkestrazio artean, arnasa pausatuagoko lana eraiki du, akustikoan; «nire beste aurpegi hori» erakusteko. Itxaropenari eta depresioari, txanpon beraren bi aurpegiei, kantatu die.


Iturria: Gara
Eguna: 2018/11/25

AMAIUR ARTOLA

Hibai Etxebarriak orain urtebete aurkeztu zuen lehen diskoa, “Trip Tics I-II”, Hibai izenpean. Orduko hartan, hogeita hamar musikaritik gorako orkestra bildu zuen bere unibertso musikala bilduko zuen disko eklektikoa osatzeko eta, martxoan aurkeztuko duen estilo bereko bigarren diskoa prestatzen duen artean, arnasa pausatu eta intimistagoko Ep-a aurkeztu du: “Agian bihar” (Gaztelupeko Hotsak). «Aurreko diskoarekin, esan izan didate horrenbeste musikariren parte hartzea duenez zuzenera eramatea ezinezkoa dela, baina niretzat garrantzitsua da grabatzea, betikotasun bat ematen die horrek abestiei», azaldu du. Zentzu horretan, “Agian bihar” disko «errealistagoa» dela uste du, soilagoa, oholtza gainean defendatzeko modukoa. «Nire beste aurpegi bat erakutsi nahi izan dut, erakutsi badaukadala kantu horiek defenditzeko gaitasuna».

 

Biniloen A eta B aldeekin jolastuz, aipatzen duen zazpikoarekin Mecca estudioan grabatutako bi abestik osatzen dute Ep-aren zutabea. “Agian bihar” eta “(No quiero) lo que tengo”. Itxaropenari kantu bat da lehena, euskaraz, eta tristurari bigarrena, gazteleraz. «Itxaropenaz hitz egin nahi izan dut. Egunero prentsa eta Twitter irakurrita, ez nau harritzen antidepresiboen salmenta handitzeak: emakume erailak, bonbak... itxaropenari kantatu nahi nion, agian bihar gauzak hobeto egongo direla esan», azaldu du, eta B aldeko kantua kontrapuntua dela gaineratu du:&flexSpace;«Ilunagoa da, tristurari buruzkoa. ‘No quiero’ esatean, depresioari aurre egiteari buruz ari naiz: nire parte zara, baina ez zaitut maite. Entzun dutenek aipatu didate tratu txarrak jasotzen dituen emakumea etorri zaiela gogora... uste dut letrak eklektikoak direla, badutela poesia puntu bat, eta gustatzen zait jendeak bere egitea».

Formatu digitalak dituen abantailak baliatuz, akustikoan grabatutako lau kantu ere batu ditu diskora: “Invisible” (ingelesez), “Zurea. Nerea”, “Abandonaturik” eta “Iruten ari nuzu”. Lehen biak aurreko diskoko bi kanturen bertsio biluziak dira, eta gainerako biak orain artean argitara eman gabe zituen: “Abandonaturik” blues-funk kutsuko abestia da, eta “Iruten ari nuzu” Zuberoako abesti herrikoiaren bertsioa.

ZUZENEKOA

Durangoko Azokan eskainiko du Hibaik lehen zuzenekoa, abenduaren 7an, 17.40an Ahotsenean. «Diskoa poperoa bada ere, folk estiloan aurkeztuko dut, kontzertu bakoitza baita ezberdin, berezi».