Mikel Lizarralde
Eskarmentu handiko eta ibilbide luzeko hasiberri bat da Gorka
Gaztanbide. Eskarmentu handikoa, bere bateriaren hotsak entzun
daitezkeelako Broken Brothers Brass Band, Adrian Royo Trio, Ennio
Pinillos Quartet, Javier Garaialde y los Sultanes del Swing, David Burgi
Trio, The Cheese & Road Ensemble, The Modern Soul Gang eta beste
hainbat proposamenen eskaintzan. Eta hasiberria, berriz, orain eman
duelako lehen pausoa bere kantuak jendearen aurrean aurkezteko.
Gaztelupeko Hotsak zigiluak argitaratu dio bere lehenengo diskoa: Gorka Gaztanbide & Txikizio Kuadrilla.
Hainbat
proiekturen parte izan bada ere, azken urteotan Ion Celestinok gidatzen
duen brass bandan aritu da, batik bat, Gaztanbide. «Jende asko igaro da
Broken Brothers Brass Band-etik, eta eskola bat izan da denontzat».
Nolanahi ere, halako batean gogoa piztu zitzaion bere «proiektu
pertsonala» aurrera ateratzeko. Azkeneko urtean idatzitako piezak bildu
ditu diskoan, baina lan egiteko modu bat ere islatu nahi izan du: «Azken
urteetan Motown eta Stax zigiluko edota The Wrecking Crew kolektiboko
kideen biografiak irakurri izan ditut, eta ikusi dut nola grabatzen
zituzten diskoak. Eta nik ere horrela egin nahi izan dut».
Horiek
horrela, musikariak aukeratu —David Burgi (gitarra), Kike Arza (baxua)
eta Ramon Garcia (pianoa)—, eta entsegurik egin gabe sartu ziren laurak,
urtarrilaren 3an, Javier de Mabelek Sartagudan (Nafarroa) duen
estudioan. «Estudioan maketa jarri nien, eta bakoitzak bazekien zer jo
behar zuen. Eta horrela, denak batera joz, grabatu genuen diskoa bi
egunetan. Lehendabiziko edo bigarren hartzeak dira guztiak, eta izan
dezakete akatsen bat, baina uste dut momentuko freskotasuna nabaritu
egiten dela grabazioan». Miles Davisek Kind of Blue diskoa
grabatu zuenean ere, haren taldekideek ez zekiten zer grabatu behar
zuten, eta, bere burua tronpeta jole estatubatuarrarekin alderatzerik
nahi ez badu ere, lan metodoari eman dio garrantzia Gaztanbidek: «Ni
musikari hauekin lan egindakoa naiz, eta badakit zer-nolako maila duten.
Motown-eko edo Wrecking Crew-ko musikariak bezalakoak dira. Akorde
batzuk eman, eta haiek izugarrikeriak egiten dituzte». Diskoan parte
hartu dute, halaber, Haizea Gaztanbidek (ahotsa), Alberto Artetak
(saxoa) eta Raul Arizaleta El Columpio Asesino taldeko kideak (gitarra).
Pop musika, zentzu irekian
Gehienbat,
musika beltzaren eta jazzaren esparruan mugitu izan da orain arte
Gaztanbide, eta horien ahaireak nabari dira bere bakarkako diskoan ere.
Hala ere, guztiaren gainetik, pop diskoa dela nabarmendu du musikariak:
«Popa da, baina badira musika urbanoen ukituak, soularenak,
flamenkoarenak... Kantu hauek sortzeko orduan ez nion esan nire buruari
era bateko diskoa eman behar nuenik. Atera da atera dena». Izan ere,
orain arte jazzaren eremuan mugitu izan bada ere, era askotako musika
entzun ohi du Gaztanbidek, eta horren isla ere bada diskoa: «Egun batean
C. Tangana entzuten dut, hurrengoan Mahler, eta hurrengoan Miles
Davis... Eta hori igartzen da diskoan. Halere, diskoak hasieratik
amaierara badu zentzu bat, azken batean pop disko bat delako».
Bilduman
hamar pieza jaso ditu, baina idatzi, 50 bat idatzi zituen: «Hau ofizio
bat da, eta beharrezkoa da egiten duzun guztiaren artean aukeraketa bat
egitea. Batzuk, agian, aurrerago aterako ditut, baina egia da batzuetan
kantu batek ez zaituela konbentzitzen...».
Diskoan bateria jo du
Gaztanbidek, baina abestu ere egin du, eta bereak dira kantuak. Pop
musikan ez dira oso ohikoak bateria jole konpositoreak, eta ironiaz
begiratu dio musikariak horri: «Musika munduan bada esaldi bat: 'Taldea
bukatu zen bateria joleak abesti bat sortu zuenean' [barrez]. Txantxa
moduan ondo dago, baina nik oso ondo pasatzen dut musika egiten». Eta
hori bera bihurtu da berarentzat aurrera egiteko akuilu. «Agian
oharkabean pasatuko da diskoa, baina hainbat lagunek entzun dute, eta
esan didate disko oso polita dela eta kantu batzuekin hunkitu direla. Ni
oso gustura gelditu naiz emaitzarekin. Eta are gehiago, pozik nago
diskoa egitera ausartu naizelako. Charles Chaplinek esaten zuen bezala,
mundua gauzak egitera ausartzen direnena da».
Azken urtebetean
igarotako guztiak izan du isla diskoko kantuen hitzetan ere: «Krisialdi
honek agerian utzi du sistema kapitalistaren oinak lokatzaren gainean
daudela eraikiak». Hain zuzen ere, Julio Anguita buruzagi komunista
espainiarraren hitzak baliatu ditu Julio Anguita kantua egiteko, eta hainbat idazleren testuetara ere jo du musika hitzez betetzeko: Amaia Lasa (Nik zuekin), Angel Erro (Malkoak izurtzen) eta Gustavo Adolfo Becquer (A mi madre). Horiekin batera, zendutako anaiari eskaini dio Gaztanbidek Hermano.
Diskoa
kalean dela, zuzenean aurkeztu nahiko luke, baina, gaur egungo egoera
ikusirik, nahiago du itxaron: «Tristura ematen didate orain kontzertuek.
Denak eserita, musukoarekin... Nik nahiago dut itxaron pixka bat, eta
ikusi nola doazen kontuak datozen hilabeteetan».