Usted está aquí: Inicio Artistas Gorka Gaztanbide Hemeroteca Gorka Gaztanbidek aurrenekoz plazaratu ditu bere kantuak, Txikizio Kuadrillarekin

Gorka Gaztanbidek aurrenekoz plazaratu ditu bere kantuak, Txikizio Kuadrillarekin

Gorka Gaztanbide musikari iruindarra «poz-pozik» dago bere abestiak konposatu eta disko batean kaleratzeko pausoa eman duelako, urteetan besteen proiektuetan ibili ondotik.


Iturria: Gara
Eguna: 2020/12/30

Maider IANTZI GOIENETXE

Bere kabuz bateria jotzen hasi zenetik ibilbide oparoa egiten ari da Gorka Gaztanbide iruindarra. Orain arte, ordea, ez du bere abestiekin diskorik osatu. «Gustatzen zait konposatzea», aitortu zion GARAri atzo, “Gorka Gaztanbide & Txikizio Kuadrilla” (Gaztelupeko Hotsak) lanaren aurkezpenean. «Meloia ireki dugu, eta horretan segituko dugu».

1997an Iruñeko Desoreka taldearekin disko bat atera zuen. Urteekin jazza maitatzen hasi zen, jazz zikloa egin zuen kontserbatorioan eta mundu horretan ibili da luze. Broken Brothers Brass Band da parte hartu duen proiekturik ezagunena. Orain, grabaketa eta kontzertu guztien tarteetan konposatzen joan den abestiak plazaratu ditu.

Gustuko dituen «musikari finak» aukeratu ditu horretarako. David Burguiren gitarrak, Kike Arzaren baxuak, Ramon Garciaren pianoak eta Gaztanbideren ahotsak eta bateriak osatu dute oinarrizko laukotea. Abesti batzuetan Haizea Gaztanbide ilobak egin ditu koruak eta Alberto Arteta eta Raul Arizaleta izan ditu kide, lehena saxo tenorrean eta bigarrena gitarran.

Lan freskoa, entseatu gabe

«Ez genuen entsegurik egin, freskotasuna bilatu nuelako eta konfiantza neukalako kideengan. Banekien nik aurkeztutako kantuak hobetuko zituztela beren ukituekin. Pistaka grabatu beharrean, denek elkarrekin jotzeko nahia ere banuen», azaldu zuen.

Urtarrilaren 2an eta 3an grabatu zuten diskoa, Javier de Mabel lagunaren Sartagudako estudioa inauguratuz.

Txikizio Kuadrillak omenaldia egiten dio 70eko hamarkadako New Yorkeko ezkutuko talde bati: The Breaking Crew. «Denek elkarrekin joz grabatzen zuten eta ni gauza bera egiten saiatu naiz».

Diskoan euskarazko pop musika aditzen da, musika urbanoaren kutsuekin, jazz pixka batekin eta flamenko estiloko poemekin. Lehen kantua, singlea, Amaia Lasa izebaren olerki musikatu bat da. Bigarrenean, frantsesez kantatzen du nola garai batean hagitz bestazalea zen baina etapa horri bukaera eman zion.

“Hermano”, duela urte batzuk minbiziak eraman zuen anaiari konposatutako abestia da. Amari oparitu dio abesti bat, Gustavo Adolfo Becquerren olerki bat erabiliz, eta neska lagunari bertze bat. Julio Anguitaren diskurtso bat ere agertzen da. Aitortu duenez, diskoan «eguneroko batean» bezala «biluzi» da.

Pandemia egoera honetan itxaroten ari da ea txertaketek aurrera egiten duten, lana abuztuan edo irailean aurkezteko. Bitartean, nahi duenarentzat entzungai dago Spotifyn, Youtuben edo Apple Music-en. «Kontzertuak egiteko asmoa daukat, printzipioz diskoa grabatu dugun formatuan, boskote-seikotean», jakinarazi zuen orain Donostian bizi den iruindarrak.

(Argazkia Jon Urbe)