Chris Kase: «Diskoa egin egin dut, eta ez pentsatu»
Jazz musikariak 'My Private Circus' kaleratu du Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin, bakarkako zazpigarren lana
Iturria: | Berria |
Eguna: | 2013/02/05 |
Chris Kase musikari estatubatuarra, atzo, Donostian. / ANDONI CANELLADA / ARP
Gorka Erostarbe. Donostia
Partiturarik gabe. Halaxe sortu du Chris Kase jazz musikari estatubatuarrak bere zirku partikularra, bere bakarkako zazpigarren diskoa: My Private Circus. Partiturarik gabe, ez baitu hartu denbora ez pentsatzeko, ezta sortutako musika idazteko ere. Ia aldi berean egin zuen sortu eta konposatu: «Batera egin nuen dena. Ez nuen deus ere apuntatu. Gehienez ere sekuentzia harmonikoak jasotzen zituzten post-it batzuk neuzkan nire estudioko horman itsatsirik, besterik ez. Lan egiteko era aldatuz gero, azken emaitza ere aldatzen da. Amaierarako, kaotikoa ematen zuen denak, zirku bat zirudien, baina ikusle bakarra zegoen: ni neu. Diskoa egin egin dut, eta ez pentsatu. Eta pentsatu gabe egiteko, diskoak ez du hain soinu txarra», azaldu du egileak berak umorez. Chris Kase (New Jersey, 1964) Madrilen bizi da 1997az geroztik. Gaur egun tronpeta eta inprobisazio irakaslea da Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegian. Gaztelupeko Hotsak zigiluko Errabal sailean argitaratu du lana.
Aurreko lanekin alderatuta, desberdintasun nabarmen bat dauka Kaseren lan berriak. Berak jo ditu musika tresna guztiak. Eta ez dira gutxi. Bere tronpeta kutunaz gain, fiskornoa, melodika, pianoa, loopak, bateria programatua eta baxu elektrikoa jo ditu. «Urteak eman ditut konposizio eta musika ideietan superabita izaten, horietako batzuk, edukiagatik edo musika tresna elektronikoen erabileragatik, ohiko laukote edo boskote formatuarekin uztartzen ez zirela eta, iritsia zen noraino eraman nauten jakiteko unea».
Jazz fusioaren, elektronikaren eta jazz garaikidearen arteko uztarketa da Kasek laneko 11 piezetan bildu duena. Lekua dute melodia itsaskorrek (The Dark Passenger), gogoetarako gonbidapena egiten duten giro sosegatuek (Should've), hip hopera- ko egokiak diren erritmo oinarrien gainean eraikitako konposizioek (Badness), Europako iparraldetik datozen aire hotz eta malenkoniatsuek (Radiant Happiness) edota jazz fusio petoek (Schizoid).
Diskoa sortzeko ez du beste ezein musikariren laguntzarik behar izan, baina zuzenean jotzeko talde bat osatzeko asmoa dauka Kasek. «Horretarako, lehenengo, sorturiko piezak partituretara pasatu beharko ditut».