ZZ Blues Band
Zuhaitz Zatitxuak Blues Band, Soraluzeko laukote gaztea, 2011ko udan hasi zen bere lehen urratsak ematen. Umetatik ezagunak, gaztaro guztia musika egiten batera pasa bazuten ere, bluesarena abentura berria da Iosu, Gaizka, Juan eta Joanesentzat. Inprobisatzearen fruitu, lagun arteko denbora pasak proiektu tinko baten forma hartu zuen eta ordutik Euskal Herriko bazter guztietan blues melodiak jorratzen dihardu Zuhaitz Zatitxuak Blues Band laukoteak.
ZZ Blues Banden lehen diskoak ingelesez eta euskaraz abesturiko zortzi kantu biltzen ditu taldearen aurkezpen txartel gisa. Zortzi kantu fresko, alai eta erritmoz beterikoak. Taldeari izena ematen dion abestiak bluesari heltzen dio diskoa irekitzeko, entzuleari berehala gertukoa egingo zaion melodia batekin; Feeling R&B kantuan dantzarako funk erritmoak eta ahosoinu eta gitarra biziak batera doaz harmonia ederrean; musika bidaiak Denbora luzea errepidean kantu akustikoarekin jarraitzen du, zeinak mendebaldeko countryrantz garamatzan, eta bidenabar Mikel Garikoitz & Denali gogora ekartzen digun; maitaleen arteko tirabirei buruzko kantuek genero bat osatzen dute musika beltzean, eta What if I say? da Zuhaitz Zatitxuak Blues Band-ek egiten duten ekarpena, kontzertuetan entzuleekin kantuan aritzeko abesti egokia; segidan, diskoko bi bertsioetako lehenengoa heltzen da, Muddy Waters handiaren Hoochie Coochie Man klasikoa: harekin ausartu eta onik atera da laukote gaztea; Relaxing boogie horixe da, erlaxatzeko kantu bat, taldekideek euren burua biluzteko baliatzen duen momentua; doinu dantzagarriak berehala itzultzen dira Funky doinuen lurraldean abestiarekin; eta diskoa ixteko, beste klasiko baten moldaketa, ZZ Topen La Grange, zeinari aho-soinua eta bere nortasuna erantsi dizkion taldeak.
Entzun: Zuhaitz Zatitxuak Blues Band