Hemen zaude: Hasiera Artistak Txuma Murugarren Ibilbidea

Ibilbidea

Txuma Murugarren (Errenteria, Gipuzkoa, 1964) Sasoi Ilunak taldeko abeslari, gitarrista eta kantuen hitzen egilea izan zen 90eko hamarkadan. Hiru disko grabatu zituen taldeak: Sasoi Ilunak (Oihuka, 1991), Herri xumeak (Oihuka, 1993) eta Harakina (Oihuka, 1998). Azken diskoaren aurkezpen kontzertuen ondorengo geldiunea baliatu zuen Murugarrenek bakarkako ibilbideari ekiteko. Nere leihoak (Oihuka, 2000) grabatu zuen lehenengo, eta ondotik beste lau disko etorri dira: Hegazkinen arima (Gaztelupeko Hotsak, 2002), Gauak, neskak eta maletak (GH, 2003), Nire anaiaren kotxeko argiak (GH, 2004) eta Marjinalia (GH, 2007). Azken bi diskoen arteko tarte horretan ez da geldirik egon Murugarren. Lauaxetaren omenezko Ehungarrenean hamaika (GH, 2005) lan kolektiboan parte hartu ondoren, Rafa Rueda eta Pettirekin partekatutako disko bat kaleratu du, Hauxe (GH, 2006), eta Larrialdietako irteera liburua (Paper Hotsak, 2006) argitaratu du, ostegunero Berria egunkarian idatzitako artikuluen bilduma. Halaber, Mathilde maitatzeko modukoak literatur eta musika ikuskizuna ondu du Julen Gabiria idazlearekin eta Donostian estreinatu du 2007. urtean, beste zenbait herritan eman aurretik.