Ibilbidea
Garaje-taldeak hizpide hartzen baditugu, Europan batez ere bi dira aipagarri, batetik ausardiaren eta gazte lotsagabeen isla diren Staggers austriarrak eta bestetik The Maharajas, talde beteranoa. Azken honetan bi lagun ezagun ditugu, Mathias, ahots guztiz sendoarekin eta Jens Lindberg Jeinua, artean lanean jarraitzen duena, 60. urteetako garrari eutsiz, horixe egin baitu azken 20 urteetan, ezin hobe egin ere. Ez dugu ahantzi behar musikari hau ezagun egiten hasi zela garaje hotsek planeta osoa hartu zutenean laurogeigarren urteen erdialdera; garai hartan Crimson Shadows fuzzmaniakoekin ari zen Jens. Orduz geroztik Suediako hamaika taldetan utzi du bere ukitua, esate baterako, Stomach Mouths talde arrakastatsuan eta Maggots talde gomendagarrian, baina baita diskorik kaleratu ere ez zuten beste talde batzuetan ere, besteak beste Cliffhangers, Wildman Angelbird Group eta Blindshag taldeetan. Maggots taldea utzirik single bat kaleratu zuen Strollers taldearekin, Italiako merkatuan saltzeko, eta diskoa kaleratu ondoren, zergatik ez dakigula, Strollers taldea desagertu egin zen atzean bi LP gogoangarri utzirik. Mathiasek, taldeko ahotsak, Jens Lindbergekin bat egin zuen Maharajas taldea osatzeko. Urte batzuk joan dira harrez gero, eta orain euren disko berria aurkezten digute.