The Allnighters
Gasteizen kokatu behar dugu hasiera, 1988ko uda beroan. Hutsetik abiatu eta gogotik lan eginda penintsulako erreferentziazko talde bihurtu zen 90. urteetan musika beltzari dagokionez.
Hamar urtez lanean etengabe eman eta gero, Estatuan eta Europako hainbat herrialdetan 300dik gora emanaldi eskaini eta 3 LP eta hainbat single eta bilduma plazaratu ostean, desegin egin zen taldea 1998an.
2013ko martxoan agertokietara azaldu ziren berriz ere plazer hutsez, inolako presiorik gabe, taldea desegin zenetik joandako denbora tarte horretan ez baitzuten amaierarik izan lehengo zaleek egindako deiek, ez eta taldearen lanaren berri izan zuten musikazale berrien deiek ere, azken horiek ordurako ezin zuzenean ikus baitzezaketen taldea.
Mojo Working eta Black is Back bezalako erreferentziazko jaialdi berezitu batzuetan eta areto garrantzitsuetan kontzertuak eskaintzen bi urte eman eta gero, disko berri bat kaleratzeko erabakia hartu zuen proiektuari halako osotasun bat emateko. Horrenbestez, 2016ko otsailean, asteburu bakar batean, "Everything is Changing" LPa erregistratu zuen Gijóngo Circo Perrotti estudio analogikoan, Jorge Explosiónek ekoitzia. Lan hori adtozen hilabeteetan kaleratuko da, eta bertara biltzen dira taldearen ardatz izandakoak: 50. urteetako Boogiea aho-soinuarekin, 60. urteetako Soula eta Rhythm & Blues cool-ena, eta 70. urte amaierako Pub-Rocka. Luxuzko lana da, metalen sekzio osoarekin eta merezi duen soinu apartarekin.
Zuzeneko emanaldietan indar handiko taldea denez, milaka kilometro egin izan ditu, eta maila handiko musikariekin partekatu izan ditu agertokiak, estilo desberdineko hamaika musikarirekin, horien artean aipagarri, besteak beste, Wilko Johnson, Nine Below Zero, Barrence Withfield, Bill Thomas, Kenny Neal, Ian Dury, The Blues Brothers Band, Lazy Lester, Melvin Davis, Eli Paperboy Reed eta Swamp Dogg. Talde honen emanaldi bakoitza benetako jai bihurtzen da, hori bat, "Soulful Rhythm & Blues" etxeko markarekin.