Diskoaren azalpena
Hamabi kantu aukeratu ditu San Martinek, azken urteetan buruan eta gogoan bueltaka izan dituen hamabi pieza, horien artean San Martinek berak sortutako bat: “Oihana”. Gainerakoak, blues, rhythm & blues, boogie, jazz, gospel eta calypsoko pieza klasikoak dira, joan den mendeko lehen hamarkadetan sortutakoak, “On the Sunny Side of the Street” (1930), “44 Blues” (1929), “Drown in my Own Tears” (1956), “Round About Midnight” (1944), “Rum & Coca Cola” (1943), “Rockin’ Pneumonia” (1957), “Isn’t This a Lovely Day” (1935) edota “Roll ‘Em Pete” (1938) kasu. Aurretik beste hainbat musikarik egin bezala, San Martinek bere egin ditu kantuok eta nortasun propioa erantsi die, pianoan teknika aratz eta garbia erakutsiz, eta ahots zuri eta leuna izanagatik sinesgarritasun eta naturaltasunez abestuz.
Hamabi kantuak, Paul San Martinen arabera
‘44 Blues’. Honako hau aspaldidanik nuen gogoan gorderik, eta horregatik ematen dio sarrera diskoari. Roosevelt Sykesen“Forty Four” pieza benetan sakona da, hipnotizagarria ia. Sykesek Little Brother Montgomeryren “Vicksburg Blues” lanetik hartu zuela esan ohi dute. Agerikoa da biek antz handia dutena. Nik bietatik hartu dut neurea osatzeko.
‘On The Sunny Side Of The Street’. Gustukoa dut New Orleanseko standard honen tonu baikorra. Nire ustez behin betiko bertsioa dena, James Booker piano jotzaile “magoarena”, hartu dut oinarri.
‘Drown In My Own Tears’. Ez nuen gospela diskotik at utzi nahi. Aretha Franklin eta Ray Charlesen moldeko zerbait, eragin handia izan baitzuten New Orleansen. Eta zer hoberik Henry Gloverren “Drown” baino.
‘Isn’t This a Lovely Day’. Izugarri gustatzen zaizkit musikagile amerikarrak: Cole Porter, Gershwin, Jerome Kern… Irving Berlinen “Isn’t…” aukeratu dut, Fred Astaireri “Top Hat” filmean abesten entzun nionetik liluratuta naukalako.
‘Rum & Coca Cola’. Professor Longhairrek pianoz jotzeko moldatu zuen calypso ezagun hau. Afro-Karibe bete-betean, New Orleans gordina.
‘Tin Pan Alley’. Ezinbestekoa zen Chicago ere azaltzea, eta Curtis Jonesen piano jotzailearen pieza hau aukeratu nuen. Nire bertsioa osatzeko orduan oso aintzat hartu nuen Sunnyland Slim piano jotzailearen ezin azalduzko interpretazioa.
‘Oihana’. Diskoan honakoa da nik konposatutako pieza bakarra. Nire andrearen omenez egina dago, haren izena du. Blues bat da, aho-soinuz lagundurik, stride baladarantz hurbiltzen dena. Orain urte batzuk idatzi banuen ere, beste forma bat hartu du denboraren joanean.
‘Rockin’ Pneumonia’. New Orleanseko rhythm & blues eta funk pixka bat. Kanta handi hau aitzakia ezin hobea nuen Huey “Piano” Smith, Dr. John eta Professor Longhairren eraginak laburbiltzeko.
‘What’s The Matter’. Peter Chatmanek, Memphis Slim izenaz ezagunagoak, bere-bere estiloa zuen, ezin besterekin nahas zitekeena. 1980. urtean harekin duoa osatuz disko bat grabatu zuen Philippe Lejeune pianista frantsesak esan zidan bezala, oso “sexya” zen Memphis Slimen estiloa. Honatx nire omenaldia.
‘Just For You’. Stride moldeko pieza zoragarria, Pete Johnson pianistak sortua. Philippe Lejeuneren eskutik entzun nuen aurrenekoz, eta berehala liluratu ninduen.
‘Roll ‘Em Pete’. Disko honetan ezin genuen bazterrean utzi “boogieologia”. Boogie Woogie Trio (Meade Lux Lewis, Albert Ammons, Pete Johnson) taldearen errepertoriotik Joe Turner abeslariaren eta Pete Johnsonen pieza hau aukeratu nuen. Aldi berean biak izaten jostatzen naiz.
‘Round About Midnight’. Nire ustez, honako hau da jazzaren doinu oroituen eta oroitarazleenetakoa. Bereziki gustukoa dut Thelonious Monk-ek berak soilik pianoz egiten duen bertsioa. Diskoari amaiera ematen dio, agerikoa baita haren “after hours” izaera.