Oso ezagutza txikia dago egiten dugunaren gainean
Charlie Haden jazz musikariaren lanari omenaldia egin dio Marcelo Escrich Silent Trio hirukoteak 'Charlie Haden Songbook' diskoan. Donostian izango dira gaur lana aurkezten.
Iturria: | Berria |
Eguna: | 2017/03/01 |
Julen Aperribai
Marcelo Escrich. Musikaria
Nafarroako Goi Mailako Musika
Kontserbatorioko eskolen artean sortu zen Marcelo Escrich Silent Trio
hirukotea, generoan ondo esperimentatutako musikariak izateaz gain,
irakasle baitira bertan Marcelo Escrich (kontrabaxua eta moldaketak),
Alberto Arteta (saxofoia) eta Luis Gimenez (gitarra). Charlie Haden
(AEB, 1937-2014) kontrabaxu jotzaile eta konpositorearen piezen
moldaketak Escrichen beraren hiru piezarekin tartekatzeko «pribilegioa
hartu», eta Charlie Haden Songbook diskoa kaleratu zuten iaz.
Donostian aurkeztuko dute gaur (20:00), Tabakalerako Kutxa Kultur
gunean, eta Iruñeko Zentral aretoan, berriz, hilaren 9an (21.00).
Charlie Hadenen alderdirik ezezagunena omendu nahi izan duzu, konpositorearena.
Interprete
eklektiko moduan ezagutzen dute gehienek, izan Liberation Music
Orchestran, edo izan Ornette Colemanekin edo Quartet Westen. Interprete
moduan zuen gaitasunak ezkutuan utzi zuen bere konpositore alderdia.
Jarraitutasun handirik ere ez zuen; abesti bat edo beste sartzen zuen
disko bakoitzean. Alderdi horretan egindako lana berreskuratu, eta
elkartuta aurkeztea zen omenaldiaren helburua.
Zure asmoa «haren oroitzapena bizirik mantentzea» dela esan duzu, hura imitatu gabe. Askatasuna eman dizue horrek?
Askatasuna
nik neure buruari eman diot; saiatu naiz abestiei buelta bat ematen,
eta nire konponketak egiten, jatorrizko abestietan modu esplizituan ez
zeuden gauzak erantsiz. Diskoa entzuten duena konturatuko da abestia
berbera dela, baina bertsioa ez.
Identifikazio berezirik sentitzen duzu zure musikaren eta Charlie Hadenenaren artean?
Ezingo
nuke halakorik esan, neure burua artista oso handi batekin konparatzen
ariko bainintzateke. Haren eragina nabari dut, hura hainbestetan
entzutearen ondorioz. Antzekotasuna isiltasunarekiko mirespena
litzateke, eta, bestalde, lagun eta musikari onez inguratu izana.
Zein irizpide erabili dituzue abestiak aukeratzean?
Charlie
Hadenek konposatu eta eskuragarri daudenen artean aukeraketa bat egin
nuen, adierazgarrienekin eta guk, nolabait, molda genitzakeenekin. Ez
genuen hark egindakoa bere hartan erreproduzitu nahi. Badira benetako
ereserki diren konposizioak, Silence eta Spiritual
adibidez, eta horiek ez ditugu ukitu, ez baitzitzaigun iruditu hark
abesti horiei emandako ikuspegitik aldentzeko moduan ginenik.
Oso disko lasaia da. Perkusiorik sartu ez izanak mantsotu du erritmoa?
Bateriarik
ez egotean, normala da energia gutxitzea, baina beste modu batzuetan
saiatu gara energia hori biltzen. Bestalde, keinu moduko bat ere bada
Charlie Hadenen figurari. Bazuen belarriko arazo bat, soinu oso
karrankariak entzutea galarazten ziona, eta bere ibilbideko azken
urteetan bateriarik gabe jotzen zuen sarritan.
Taldea sortu, eta hiru hilabete eskasean ikusi ahal izan da emaitza. Nolatan hain azkar?
Iaz,
data honen bueltan egin nituen abestien aukeraketa eta konponketak.
Entsegu gutxi batzuk egin eta gero, grabatzera joan ginen. Hiru
partaideok buru-belarri sartu ginen proiektuan, eta diskoetxearekin ere
[Gaztelupeko Hotsak] harremanetan jarri ginen. Prestasuna genuenez, egin
egin genuen. Gehiago pentsatu izan bagenu, agian ez genukeen egingo.
Eta, disko honetatik harago, jarraipenik izango al du proiektuak?
Noski,
ari gara jada hurrengo pausoak pentsatzen. Hala ere, diskoan parte
hartu duen Javier Lopez akordeoilariarekin ere badugu beste proiektu
bat, eta disko bat grabatu nahiko genuke. Ondoren, dena ongi badoa,
jarriko gara Silent Trio taldearekin.
Ba al da benetako jazz eszenarik Euskal Herrian, udako jaialdietatik kanpo?
Eszena
bat bada, musikariak egon badauden neurrian, baina euren musika
aurkezteko aukera gutxi dute. Ez diot hori kexa moduan; guk aukera
daukagun bakoitzean, jai moduko bat da guretzat, eta saiatzen gara
entzuleari ere hori helarazten. Hala ere, pixkanaka, geroz eta publiko
gehiago dago interesa agertzen duena, eta baita musikari hobeagoak ere,
eskola onak baitaude. Hasi ginenean, oso gutxi ginen honetan
genbiltzanak, eta, gaur egun, jende asko dago gauza oso interesgarriak
egiten dituena. Kontserbatorioetan musikari asko daude, eta, jende asko
elkartzen denean musikaren beraren inguruan, errazagoa da ideia berriak
agertzea.
Arazoa programatzaileek ala publikoak du, orduan?
Kontua
ez da inor egoeraren errudun egitea, baina, hedabideetan, esaterako,
askotan exotismoan geratzen gara jazz musikariak. Jorge Rossy
musikariak, adibidez, Brad Mehldau eta halako puntako musikariekin jo
du, eta punta-puntako musikariekin jo du, eta ia ez zaio orri bat bera
eskaini [Espainiako] egunkarietan; arraroa, behintzat, bada. Gizarteko
beste esparruetan ere gertatzen da: oso ezagutza txikia dago egiten
dugunaren inguruan.