Lokatzetan sortutako kaos ordenatua
«Taldearenagoa» da Broken Brothers Brass Banden bigarren diskoa: 'In the Mud'. Rap ukituak gehitu dizkiote ohiko soinuari
Iturria: | Berria |
Eguna: | 2015/01/17 |
Kalean, haien habitat naturalean,
tronpetak, tronboiak, saxofoiak, helikoia eta zenbait perkusio
instrumentu jotzen ari direnean, hurbiltzen zaie jendea Broken Brothers
Brass Bandeko kideei, adinekoa batez ere, eta, Ion Celestino taldearen
arima eta tronpeta jotzaileak jakinarazi duenez, zera komentatzen diete:
«Ba al dakizue Umore oneko pieza jotzen?». Glenn Millerren kantu mitikoa da, In The Mood
deiturikoa. «Nahiz eta instrumentazio antzekoa izan, abesti hori
gehiago da swing estiloko Big Band batentzat egokia». Eta Broken
Brothers iruñearrak brass dira erabat; alegia, haize
instrumentuak, batez ere, eta perkusiozkoak dauzkan taldea. «New
Orleansen [AEB] kalean jotzen ibiltzen diren musika taldeak termino
horrekin definitzen dituzte». Swinga batetik, eta brass-a bestetik, beraz.
Broken Brothersekoek, dena den, Millerren doinu eternoari keinu bat egin diote, bigarren diskoaren izenburuan: In The Mud
(Errabal). Hau da, lokatzetan. Izan ere, Celestinok dioenez, lokatzetan
egotearena taldekideen artean askotan erabiltzen duten adierazpidea da.
Eta lohietan sortzen da, tronpeta jotzailearen esanetan, «kaos ordenatu
bat», inprobisazio kolektibotik datorrena. 11 abestiko lana da emaitza
—euskarazko, ingelezko eta gaztelerazko izenburuak dituzte, eta
instrumentalak dira ia-ia osotasunean—, joan den abuztuaren 17an
Andoaingo Garate estudioan Fredi Pelaez teknikariarekin grabatutakoa.
Aurreneko diskoarekin, The Life We Deserve-rekin
konparatuta (Errabal, 2012), «pertsonalagoa, taldearenagoa» da,
Celestinoren aburuz. «Oso tradizionala zen planteamenduan, eta talde
askok egin ahalko zuten disko bera». Orain, aldiz, egin dute haien
«ahots propioa» bilatzeko ahalegina, eta saiatu dira «beste talde
batzuek egingo ez dutena-edo egiten».
Zenbait abestik, esaterako, rap ukitua daukate, scratch-ak
eta sartu dituztelako. «Rapa aditzen dugu, interesatzen zaigu, eta
benetan ongi uztartzen da taldearekin». Gainera, esan du New Orleanseko
taldeek berek ere naturalki txertatzen dutela estilo hori. Hamaika
tokitan jo dute Broken Brothersekoek; besteak beste, Donostiako
Jazzaldian hiru aldiz.
Celestinok aitortu du taldekideetako batzuen irakasle izandako Reinhard Valeruz Renato-ri
esker barneratu zirela, erabat, jazzean. «Eta jazzak New Orleanseko
musika tradiziotik edaten du». Celestinorentzat, hiri hartan dago musika
afroamerikar gehienaren jatorria: gospela, funka, rhythm and bluesa...
«Guk tradizio hori barneratu dugu».
Eta tradizio horrek dio
inprobisazioari tarte handia utzi behar zaiola. Hortaz, Celestinok
ontzen du abestiaren oinarrizko azpiegitura, «baina diskoan grabatuta
dagoena da ia-ia kantua oso-osorik ematen den lehen aldia; edo
bigarrena, gehienez».