Himno berriak sortzeko garaia da
Broken Brothers Brass Band (BBBB) taldeak Ildoa landuz hirugarren diskoa argitaratu berri du (Gaztelupeko Hotsak). Zortzi kantuko lan beroa, kiskalgarria, alaia, jasoa, festazalea eta politikoa. 2015 urteaz geroztik, Iruñeak bizi duen klima, giro edota izpirituaren (deitu nahi duzuen bezala) soinu banda da Ildoa landuz. Kaletik behera datorren haize berria astintzera dator. Sentitu daiteke. Ikusiko da ordea, harrotzen edo apaltzen den. Zer gerta ere, guk Ion Celestinorengana jo dugu, disko puska honi buruz eta Iruñerriak bizi duen une bereziari buruz luze eta sakon hitz egiteko. Goazen bada ildoa lantzera:
Iturria: | Entzun |
Eguna: | 2016/02/18 |
Antza, ez duzue lokatzetik irten nahi... Beste disko bat argitaratu duzue oso denbora gutxian... Nolatan? Sormena eta energia soberan dituzue?
Hainbat gauza elkartu dira... Disko hau Iruñerriko azken urteko giroaren ondorio dela esango nuke, airean zegoen energia horrek bultzatu eta posible egin du neurri handi batean. Talde honetan, egia esatera, zenbat eta gehiago jo eta lan egin, orduan eta ideia eta gauza berri gehiago sortzen da...
Ildoa landuz da disko berriaren izenburua. Batetik, aurreko lanaren ildoa, In the Mud, jarraitu duzue; bestetik, aurrekoan erakusten zenituzten kredentzialak aberastu, zabaldu eta anplifikatu dituzuelakoan nago, musikari zein mezuari dagokionez...
Bai, nik ere halaxe ikusten dut. Urte luzez elkarrekin jotzen ibili gara, New Orleanseko brass band taldeen musika sakonki ikasi eta xurgatuz. Lehen diskoa (The Life We Deserve) horren erakusle izan zen. Bigarrenean (In the Mud), ahots propio baten bilaketa hasi zen. Oraingoan, ahots hori definituago dago, eta handiagoa da; halaber, ari den bide baten une bat da.
Ildoa landuz izenburuak bi gauzari egiten dio erreferentzia: mezuari, eta honekin mamiaz, gauzak egiteko eta antolatzeko eraz ere ari naiz; eta bestetik, hitzen jolasa da, musikari buruzkoa: Marvin Gayeren Let's Get It On-en edizio berezi horietako bat oparitu nion emazteari hamar bat urte duela, eta hor “Working the groove” esaldia zegoen idatzita; disko horretarako prestatzen ibili ziren “groove” ezberdinak biltzen ziren, eta esaldia buruan geratu zitzaidan.
Disko honetan aritu den bigarren tuba jotzaileak (Juanpe Medrano-k) askotan erabili ohi du bere jotzeko moduaz esaldi bat (tipoak nekazaritza munduarekin harreman estua du: “Yo me meto en el surco y ya me avisaréis cuando haya que parar” - “Ni lerroan (ildoan) sartuko naiz, eta zuek esan noiz gelditu”). Groove kontzeptuak oro har musika afroamerikarrean duen garrantziaz obsesionatuta urteak eman ondoren, San Adriango zainzuri biltzaile batek inork baino argiago azaldu ez zidan ba! GROOVE=SURCO=ILDOA.
Zuen inguruaren "kronista" aktibo ere bihurtu da BBBB. Oso atxikituta zaudete hiriko eta inguruko errealitatera... Behar bada inoiz baino gehiago, ezta?
Lotura hori, nik uste, beti izan dela hor. Amama Luisaren garaietatik... Kalean jotzen aritzeak asko du horretatik. Hala ere, disko honetan ematen den aldaketaren errua, neurri handi batean Matt Sakakeeny-ren Roll with it liburuak du. Asko laburbilduz, tipoak NOLA-ko brass band talde garaikideek hartzen duten komunitatearekiko lotura estuari buruz hitz egiten du. Talde hauek tradizio baten eramaile dira, baina tradizio horrek bere baitan du tradizio hori eraldatu eta norberaren esperientzia gehitzeko beharra bera. Unean uneko eragin musikalak tradizio horrekin nahastu; bai eta inguruko gertaeren ispilu izan.
Ideia hauek garrantzizkoak izan dira diskoa idatzi eta egiteko prozesuan, kolaborazioak proposatzeko orduan, etab. Airean zegoen energia xurgatu eta kantu bihurtzeko ahalegina dago, hola esango nuke. Diskoaren ekoizle eta alor teknikoaren buru ibili den Mighty Marti jaunak dioen bezala, musikalki maite dugun erro beltzeko estetika serio eta sakonki landu, eta, horrekin batera, mezu hiperlokala zabaldu.
Funtsean, “manifestu musikal eta politiko” bat bezala uler genezake Ildoa landuz diskoa? Edo hitz handiegiak dira?
Hitz larriegiak iruditzen zaizkit... Badago ahalegin bat hainbat elementu uztartzeko: euskara, gaztelera, wolof-a... beste batzuek egindako kantuen zatiak hemen eta han... kalearen ahotsa den koru antzeko bat... Bi tuba erabiltzeak (ohikoa bakarra da) testura berezi bat sortzen du... Guk zeitgeist-ari lotutako abesti sorta bat eskaini nahi genuen. Bestea denborak esango du, kar kar kar...
Arga ibaiaren espiritua oso presente dago taldean, zuen jazzaren eta alderdi beltzaren osagarri ezinbestekoa da, bai eta taldea bera ulertzeko ere... In the Mud diskoan jada garbi geratu zela uste dut, baina orain, besteak beste, Tijuana in Blueren espiritu parrandazalea zuena egin duzue. Ados zaude?
Tijuana in Blueren espiritu parrandazalea beti gurekin izan dugu... baina argi dago disko honetan kantu gehienak oso zuzenak direla, estrukturalki eta abar. Lehen Sakakeenyren liburuaz ari nintzenez, hor beste gako interesgarri bat aipatzen du: birsignifikazioa (resignification). Asko lantzen dute ideia hori gure brass band maiteenek, eta guk ere, Tijuanari gorazarre egiteko, Funky experimental kantuaren leloa hartu eta kantu berri bat idatzi dugu, geure eginez, 30 urte geroago. Kalean edonork kantatzeko moduko leloa birsortu. Atzekoek egin zutena errespetatu eta erabiliz, geure bihurtu eta geuretik ematea.
Zerbait gertatzen ari da Iruñean: Nola? kolektiboa, Katakrak espazioa gune fisiko garrantzitsua da disidentziak bere baitan hartu eta zabaltzeko, Sustraian Records eta Barañaingo La Nabeko jende ipurterrea, Iruñeko gaztetxearen okupazioa, musika beltzaren disko jartzaileak eta talde gazte berriak... Giro freskagarri honen parte zareten aldetik, nola dakusazue zuek zurrunbilo hau?
Hasten ari da, baina emankorra izango delakoan nago. Disko honek horren guztiaren bultzada nabarmena du. Ze neurritaraino lehertuko den? Auskalo... geldiezina da, nire irudiko. Ideiak borborka daude airean. Denbora luzez ezkutu xamarrean izan da jendea lanean, eta orain argitara dator. Sare indartsu bat ari da ontzen. Musikaren aldetik oso anitza eta aktiboa den bertatik bertarako eszena interesgarri bat ikusten dut, era berean gauza berri gehiago sortuko dituena... Erantzuna kalean dago!
Azkenean ura erretiratu da Iruñean, eta "Iruñea after Barcina" ez ezik, "Iruñea after Maya" ere heldu da... Argitaratu ez zen elkarrizketa baterako, gertaera historiko honi ze kantu jarriko zeniokeen galdetu nizun. Akaso erantzuna Cabezafuego's Second Line abestia izan daiteke?
Bai, izan liteke. Gogo handia nuen Cabezafuegorekin kantu bat egiteko. Niretzat bera eta ingurukoek egindako hainbat proiektu erreferentzia garrantzitsua izan dira, lehen aldiz zuzenean Mermaid ikusi nuenean (1999 urteko neguan) zur eta lur utzi ninduten. Benetan: “Beraz... euskalduna izan arren, afroa eraman dezaket”, pentsatu nuen, eta ilea luzatzen hasi. Disko batean grabatzeko aukera eman zidan lehen pertsona ere, bera izan zen. Mermaid taldearen High Dimension is The Direction diskoan Isaac Hayes-en Walk from Regio´s, Shaft blaxploitation filmeko kantuetako bat eman zuten, eta tronpetak neuk grabatu nituen). Horren ondoren ere hainbat gauza egin dugu elkarrekin.
Alfonso Areta, tuba jotzaileak, kantu hau idatzia zuen, eta Iñigori proposatu genion, ea gazteleraz kantatuko ote zuen diskoaren gai orokorrari buruzko zerbait, eta zorionez, baiezkoa eman zigun. Berak ohi duen moduan, bete betean asmatu zuen jende askoren sentimenduak hitzetan ematen, modu umoretsuan eta dantzarako gogorik galdu gabe, baina zorrotz! Eta honek, berriz ere, New Orleansera garamatza...
Eta tira, orain ez dut gehiegi luzatu nahi, baina zaudete adi, ze Cabezafuego + Broken elkarlanaren hasiera besterik ez da kantu hau... laster gehiago...
Oro har, rocka, eta partikularki 80etara begira bizi den punk rocka eta ska-punka, agortu direla esan duzu behin baino gehiagotan. Gitarren garaia bukatu dela alegia. Diskoaren barne oharretan, Hedoi Etxartek dio garai berrietara egokitutako erantzunak eman behar direla... Atlantiko Beltza ikastaroan ere behin baino gehiagotan entzun genuen ideia da hau... Panorama astintzeko garaia da? Paradigmak aldatzekoa?
Nik hala uste dut. 80. hamarkadaren inguruan halako mitifikazio bat gertatu da, eta zinez harrigarria gertatzen zait hainbeste jende ibiltzea slogan eta estetika bertsuetan bueltaka, beste gauzen artean, egun aukera badagoelako zuzenean haien iturrietatik edateko. Bestetik, iruditzen zait garai horretan jardun ziren musikariak eurak direla nostalgiatik aparte ibiltzen direnak.
Punkaren izpiritua interesgarria zait, baina ia-ia kalko bera behin eta berriz errepikatzea, kontraesana iruditzen zait. Uste dut ez duela gaur egungo ispilu lana egiten. Gitarraren garaia bukatutzat ematea, hau azaltzeko metafora egokia iruditzen zait. Rockaren egiteko moldeek ez dute gure gurasoen garaiko errepresentaziorako ahalmenik. Himno berriak sortzeko garaia da.
Nik ez diot brass-band-boom bat behar denik (inpernu hutsa litzateke, badakit zertaz ari naizen, kar-kar-kar). Diodana da, azken hamar urteetako geldialdiak astindu bat behar duela. Guk hau proposatzen dugu, datozela beste batzuk eta egin ditzatela beste gauza batzuk. Baina euren garaikoak direnak, euren filtro eta eragin propioak dituztenak. Euskaraz ez dakiten musikazaleak euskara ikastera ekarriko dituztenak.
Beste behin, hip-hop musikarekin uztartu duzue New Orleans-eko musika eta jazza... Zergatik uztartu hain urrun diruditen estiloak?
Erosi nuen lehen hip-hop diskoa (tira, aitak ordaindu zuen) Miles Davis-en DooBop izenekoa izan zen. Diskoa 1993koa da eta nik 1996an lortu nuen. Beraz, hip hopa nire munduan betidanik izan da jazzarekin estuki lotua. Jazz musikaren ondorio bat, aldaera bat. Nahiz eta toki eta une batzuetan oso urrunekoak diruditen, ez da halakorik. Lotura kontzeptual sendoa dute. Oso modu laburbilduan: entzun Milesen disko hori, Guru-ren Jazzmatazz, US3ren Hand on the Torch, Madlib-en Shades of Blue, Robert Glasperren Black Radio eta Escandaloso Xpósitoren Nave Almendra. Boteprontoan burura datozkidan disko hauek entzunda, galdera hau bukatuta...
Bestetik, gehien maite ditudan egungo jazz musikariak (jarri adibidez Ambrose Akinmusire, edota Matana Roberts) rapzale amorratuak dira; bi hauen kasuan adibidez, bere musikan agerikoa, behintzat, ez den arren.
New Orleansekiko lotura berriz... gaur egungo brass taldeen partaideak “hip hop generation” esaten zaion belaunaldiko partaide dira, eta aspalditik natural uztartu dute rap zatiak eta moldeak erabiltzea. Esan nahi dut, ez bakarrik rap zati bokalak sartzea, baita musika idazteko orduan ere, groove mota, diskoen soinua, produkzio aldetik... etab.
Beraz guri ere uztarketa hau natural etorri zaigu, entzuten dugulako New Orleansen egiten dena, eta entzuten dugulako rap musika, MC lagunak baditugu...
Kaleko espresiobide zaharrak eta modernoak elkartzea zailtasunik ekarri dizkizue? Kalean sortu eta garatzen diren musika guztiak naturaltasunez elkartu daitezkeela uste duzue? Mugarik al dago?
Guri natural egiten zaigu. Erro beretik datozen elementuak elkartzen ditugu. Beste une batzuetan, geure buruari mugak jartzen ahal dizkiogu eta era manierista batez estilo jakin batean lan egin, baina oraintxe, Brokenen ildoa, ildo hauek guztiak uztartzea da. Muga norberaren ezagutza, gogoa eta ahalmenak jartzen duena dela esango nuke.
Nik neuk beste hainbat proiektu eta taldetan estiloak era zurrunagoan landu ditut, eta maite dut lan hori, ikasketa prozesu bezala beharrezkoa izan zait. Brokenen ordea, eragin guztiak elkartzeko aukera eta bidea ikusten dut: hasi gospeletik, jazza, rhythm and blues-aren elementuak, hip-hopa, punka, musika jamaikarra... inprobisazio libreraino; guztiak zentzua hartzen du elkarrekin. Horrek gainera, tokian tokiko egoerari lotzeko baliabideak ematen dizkigu, non jotzen dugun edota norentzat.
Bertsio zein musika propioarekin osatu duzue diskoa. Aurreko bi diskoetan, adibidez, Charlie Mingusen izena ikusi genuen... Oraingoan aukeratu dituzuen bertsioek ez dirudite kasualki hautatu dituzuenik... Zerbait kontakuko zeniguke honi buruz?
Egia esatera, Mingusen kantu bat ere bazegoen bidean, baina azken unean kanpoan geratu zen, hurrengo batean beharko.
Sartu diren bertsioak: (joan aurretik) edan pozoi hau. Xabi Maeztu a.k.a. Triski, sukaldari libertario ezagunak, proposatu zuen kantu hau egitea, aspaldi gainera. Berez John Mooney blues abeslari eta gitarra jolearena da, baina gehienok Soul Rebelsek TREMÉ telesailean jo zuelako ezagutzen dugu. Ingelesez Drink a little poison 4 you go izena du, eta behin leloa euskaraz nola eman aurkituz gero, hitzen zati handiena di-da etorri zen. Bukatu den harreman bat irudikatu nahi du: ados, bazoaz, baina joan aurretik entzun esateko ditudanak... edan pozoi hau. Nola ez, Barcinari buruz ari gara. Kantu honek katarsirako bidea ematen du nolabait, mantra bera behin eta berriz errepikatzen delako... joan aurretik edan pozoi hau...
Aurreko bi diskoetan ere maite dugun brass bandek jo izandako kantuak eman ditugu (Rebirth BB, Dirty Dozen BB). Uste dut ohitura sanoa dela.
Bestea: Freedom Jazz Dance. Izenburuagatik baino, kantuaren melodia dotorearengatik eta New Orleanseko “Big Four” elementua modu bihurrian erabiltzen duelako ekarri dugu. Jende askok Miles Davisi esker ezaguna du kantu hau, baina berez Eddie Harris saxofoi jolearena da. Aurretik esan bezala, diskoa oso zuzena, entzungarria, iruditzen zait, eta behar genuen inprobisazio librerako tarte bat, estratosferara bisita egiteko tarteren bat. Barañaingo Nabean entzundako esaldi bat laburtuz: askoz luzeago dira Freedom Jazz Dance-en 2'56”ak, Cabezafuego's 2nd line-en 7'15”ak baino. Izan ere, anai-arrebok, denbora erlatiboa da...
Berriz, kantu propioen egiletza banatua dago taldekide desberdinen artean, nahiz eta zuk Ion, gehiago sinatu. Zuen barne dinamika eta funtzionamenduaren adierazle da hori? Bestetik, lan kolektibo bat badago disko honen atzean, ezta?
Lan kolektiboa beste gauza batzuetan dago, kantuen egiletzan bainoago. Kantu hauek nik idatzi edo prestatu ditut, bai besteenak direnak ere. Une honetan halaxe izan da, baina ez du zertan beti horrela behar, taldean bada ezagutza eta ahalmena dexente!
Nik grabatzera kantu sorta hau eraman nuen, idatzita eta argi. Josu Mighty Marti eta Josu Ihabarrek soinua behar zen bezala jarri bitartean, guk entseatu eta gauzak txukundu egin genituen. Behin soinua zegoela, grabatzera. Guztira bi egun. "Fast, Fresh and Dirty".
Nabeko grabazioak oso bereziak dira, toki irekia delako. Jendea, auzokoak, lagunak... handik pasatzen dira, zer gertatzen ari den ikustera, agurtzera... modu natural batean. Horrelaxe izaten dira Sustraiansek atera duen material harrigarria grabatzeko sesioak ere.
Gurera itzuliz, behin taldea grabatuta, overdub guztiak halaxe izan dira: halako egun honetan etorriko gara, nahi eta ahal duena datorrela. Horrelaxe daude koruak, esku zartak, perkusioak... grabatuta. Honek bizitasun handia dakar, eta jende multzo handi batek prozesua berea ere badela bizitzea. Badakit gaur eta hemen honek erokeria dirudiela, baina horrela izan da. Honek, hainbat gauza aldeko ematen dizkio musikari, freskotasuna, egiten ari zarena jendeak nola hartzen duen ikusten joatea, ideia berriak ekartzea, etab...
Kolaboratzaile asko eta askotarikoak bildu dituzue diskora: Moises No duerme, Durangoko Beat Salad-eko mc-ak –Omzo MF-k wolof-en kantatzen du, ezta?–, Nerea Erbiti abeslaria, Cabezafuego...
Euren lana miresten dugun lagun dohatsuak ditugu eta bakoitzari berea emateko tartea utzi diogu, batez ere ahotsak sartzeko. Ahots desberdin asko izango zituen diskoa izan behar zuen. Taldearen egiturak kohesioa jartzen du, eta musikaren aldetik norabide desberdinak uztartzen ditu, baita hizkuntzen aldetik ere, nolabait, geure ingurua islatzeko: euskara, wolof-a, bizkaiera, gaztelera... Emaitza koloretsua sortzen dute!
Azken urteetan ohiturak aldatu eta kaleek ez dirudite lehen bezain biziak. Gazte asko beren txabiskeetan errefuxiatzen dira eta han ematen dituzte orduak... Tabernek garai bateko erreferentzialtasuna galdu dute hein handi batean eta gazteenentzako garestiak dira... Aldiz, kalea da BBBB-n espazio naturala, ezta? Kalea dibertsiorako eta politikarako espazio bezala berreskuratzeko deia egiten duzue zuen jarduerarekin. Norainoko garrantzia dauka kalea berreskuratzeak garai digital hauetan?
Putzu sakona da eta zaila zait topikotik aldentzea... Garai digitalaren abantailak erabiltzeaz harago, buruz burukoa ezin baztertu... Zuzeneko musika bizitzearen xarma zailki dago beste gauzetan... gizateria bezain zaharra da...
Brokenen espazio naturala kalea da, elektrizitaterik gabe, jendearekin topo egitea eta second line-a gozatu... Hor protagonista ez da “artista” bakarrik, parez pare dago parte hartzen ari den jendearen ekarpena eta bandarena. Ikuslea ezin ikusle soila izan... Kaletik zoazela banda bat dagoela zeure erabakia da bandarekin egotea edo ez.
Despistatuentzat: Zerk desberdintzen zaituzte txaranga batetik? Eta dixieland talde batetik? Portzierto, Amama Luisa Brass Band-i omenalditxoa ere egin diozue...
Txaranga batekiko ezberdintasuna musika estiloan dagoela esango nuke. Inprobisazioak (banakakoak, baina batez ere kolektiboak) gurean berebiziko garrantzia du, adibidez. Baina funtsean talde mota bertsua da, izena da ezberdina. Brass Band izen horrekin argi egiten diogu erreferentzia New Orleansen sekulako eboluzioa izan duen tradizio horri.
Dixieland hitzaren gakoa ere estilo kontu bat da. Normalean hitz horrek NOLAko estilo zaharrenari egiten dio men, eta batez ere musikari zuriek beboparen garaian finkatutakoari, non trad-jazz VS mod-jazz (jazz tradizional VS. jazz modernoa) dikotomia sortu zen. Kontua da, New Orleans-en kaleko taldeek tradizio hori bere baitan eduki arren, eragin berriak gehitu dituztela beti: 50etan r&b musika, soul-a, funk-a, 80tako hasieran brass band modernoaren oinarriak jarri zituzten Dirty Dozen eta Rebirth brass bandek..., baina denbora guztian mugimenduan dagoen zerbait da. Dixieland-a, ordea, estetika zehatz bat da; errepertorio aldetik, kantu asko bi multzotan ageri badira ere.
Amama Luisa Brass Band da gure oinarri... Euskal Herrira brass modernoaren hotsak ekartzen lehen taldea... Egun Brokenen gauden Alfonso Areta, Txarli Otsoa de Aspuru eta hirurok hor ezagutu genuen elkar. Reinhard Valeruz 'Renato' kontrabaxu jole eta maisuaren ikasle talde bat ginen azken finean. Istorio ederra du atzean, dexente jo genuen garai hartan (1999-2006 inguruan). BBBBren lehen diskoa Renatori eskainia zen, bere heriotzaren 10. urteurrenean. Oraingo honetan, Gumbo ibaiertzean kantuko hitzak idaztean, neuretzat hainbat erreferentziazko toki eta lagunak gogoan hartzean, ezinbestekoa zen Amama Luisarekin gogoratzea. Biba zuek!
Eta ni bezalako ezjakin bati, New Orleanseko musikan barneratzeko 10 abesti gomendatuko zenizkioke?
Holaxe, punpalasterrean, 60. hamarkadatik hona, NOLAn barneratzeko zerrendatxo bat. Hortik atzera norberak egin dezala...
Dixie Cups - Iko Iko
Fats Domino - I'm Walking
Proffesor Longhair - Big Chief
Wild Magnolias - Handa Wanda
Earl King - Street Parade
The Meters - Hey Pocky a Wey
Rebirth Brass Band - Hot Venom
Hot 8 Brass Band - Let Me Do My Thing
Stooges Brass Band - Why They Had to Kill Him?
TBC Brass Band - Nagin Give me my Projects Back
Zerbait gaineratu nahiko zenuke?
Jakina! Zeuri eta Entzun! aldizkariari urte hauetan egindako lanari egindako lana eskertu... Beti topatzen dugu gustura irakurtzeko moduko artikuluren bat, ezagutzen ez genuen euskal talderen bat, eta batez ere musika beltzari buruzko euskarazko testuak... Ez da zurikeria, eh! Oraindik gogoan dut Entzun!en lehen alea klaseko lagun batek eta biok erdibana erosi genuenekoa... Oraindik institutuan genbiltzala... ufa! Zahartzen ari gara kar-kar-kar...
lotura erlazionatuak