Hemen zaude: Hasiera Artistak Broken Brothers Brass Band Hemeroteka Broken Brothers Brass Band-ek New Orleans hiriko tradizioa ekarri digu

Broken Brothers Brass Band-ek New Orleans hiriko tradizioa ekarri digu

Iruñeko taldeak 'The life we deserve' lehen diskoarekin debutatu du


Iturria: Entzun
Eguna: 2013/02/13
Duela zazpi urte elkartu baziren ere, orain heldu zaie diskoa grabatu eta kaleratzeko tenorea. Errabal Jazz-en zigilupean argitaratu dute eta Iruñeko Niza kafetegian aurkeztu dute prentsaurrean. Ion Celestino musikaria (The Foralettes...) da 'Anai Hautsien' arimetako bat.
 

Entzun. Sagardantza.


The Broken Brothers Brass Band taldearen eragin nagusia New Orleanseko banda garaikideen musika da: 70eko hamarkadaren bukaeratik gaur egun artekoa. Dirty Dozen Brass Band, Rebirth Brass Band, Hot 8, baina baita Charlie Mingus, Mahalia Jacson, Curtis Mayfield, De La Soul, Ornette Coleman... Kaleko musika egiten dute eta grooveak, gospelak, eta jazz modernoak mendean hartzen dituzte euren interpretazio biziak.
Musika taldetzat dute euren burua, nahiz eta kalean jo. Ordea, ez dute gure herrietako festetan ateratzen ohi diren txarangekin zerikusirik, ez egiten duten musikan, ez taldearen beraren kontzeptuan ere. Ion Celestino  tronpeta joleak aipatu duenez, "Iruñekoak izateak badu zera bat... Harremana badugu rock talde batzuekin, gutxienez Tijuana in Bluerekin, ez musikalki, baina bai gauzak ulertzeko eran". Jon Uribetxeberria (bonboa) berrestera dator Celestinoren hitzak. Txaranga batekin alderatuta, "jarrera aldatzen da. Punkak gara jazzaren barruan, parranda gustukoa dugu, eztandagarriak gara, topera goaz", dio. Gorka Gaztanbidek (kaxa) gaineratu du txarangek badutela partitura itxi bat eta "guk inprobisatzea gustokoa dugu".
The life we deserve diskoak hainbat bertsio jasotzen ditu: alde batetik, Charlie Mingus eta Rebirth Bras Band-enak eta, bestetik, doinu tradizional bat, baina gainontzeko kantuak taldekideek konposaturikoak dira. Eta Broken heldu da doinuan (Rebirth Brass Band-ena da egiletza) euskaraz kantatzen dute.
Iñaki Rodriguez saxo baritonoak argi dauka: "Gustatzen zaigu, ongi egiten saiatzen gara eta uste dut lortzen dugula".
Grabazioari dagokionean, "lehen bezala" burutu dute, jarraian, "indiek orain deskubritu duten modura", bota du gezi pozoinduaren modura Celestinok. Hiru ordutan grabatua dago, abestiak toma bakarrean, gehienez bi tometan.
Argi dago beraz: bat-batekotasuna, inprobisazioa eta parranda gustatzen zaie. Zure herriko kaleetan barrena topatzen badituzu, ez dudarik egin eta zoaz haiekin gozatzera. Ah, eta ez dute dixieland egiten.

BBBB dira:

Ion Celestino: tronpeta
Alberto Arteta: saxo tenorea
Iñaki Rodriguez: saxo baritonoa
Txarli Otxoa de Aspuru: tronboia
Juanga Lakunza: tronboia
Alfonso Areta: tuba
Gorka Gaztanbide: kutxa
Jon Uribeetxeberria: bonboa

 

Broken Brothers Brass Band Iruñeko Niza kafetegian. Argazkia: Sagardantza.