Ibilbidea
Zigor Iturbek (gitarra eta ahotsa), Argibel Eubak (bateria) eta Alex Lopezek (baxua) 2011. urtean sortu zuten Aneika Ara. Bizkaieraz, “hamaika era” esan nahi du taldearen izenak, eta kasu honetan, hiru taldekideek musika ulertzeko duten moduari aplikatu ahal zaio esamoldea. Izan ere, bakoitzak bere ibilbidea egin du musikari gisa, eta esaterako, Euba eta Lopez herri musikaren eta folklorearen esparruan aritutakoak dira -Eubak txalaparta jo du Kepa Junkeraren taldean, eta Lopezek Iñaki Plaza trikitilari eta txalapartariari laguntzen dio zuzenekoetan-.
Hala ere, rockaren ikuspegi propioa du Aneika Arak, irekia eta aurreiritzirik gabea. Kontsumo edo digestio azkarreko musika egiteari uko egiten dio hirukoteak, aitzitik, erritmoak eta harmoniak lantzearen alde eta instrumentuek eskaintzen dituzten aukera ugariak ikertzearen alde jokatzen du.