William Jacobs & Marcos Coll Blues Band

16 martxoa, 2023

WILL JACOBS / MARCOS COLL

Taking our time

Europara arrakasta bila ausaz iristen diren eta kontinente zaharrean barrena antolatutako zirkuitu eta jaialdi askotan taularatzen diren Blues musikari iparramerikar ugari horietako bat lirudike Will Jacobsek. Soilik Chicagotik etorrita lana egina dagoela pentsa genezake. Musikari beltz adintsua irudikatuko genuke, hamarnaka urtetako ibilbidearekin, Europak gisa honetako Blues musikariei beti eskaintzen dizkien aukerak baliatuko lituzkeena. Guztiz oker geundeke; izan ere, ahoa bete hortz gelditzen gara Berlinen bizi den blues musikari iparramerikar horrek 26 urte dituela jakiten dugunean, 12 urte bete zituenez geroztik ari dela mundu honetan murgilduta, zuria dela, musika tresna ugari jotzen dituela eta, hori guztia gutxi balitz, Marcos Coll artista handiarekin batu dela esaten digutenean. Los Rejes del KO talde mitikoaren sortzaile da Marcos Coll, ezin konta ahala proiektutan izan da kolaboratzaile, beti jakin izan du lehen mailako artistez inguratuta lan egiten, dela hasieran Tonky Peñarekin, dela Stefano Ronchi gitarrista eta abeslariarekin egindako azken lanetan. Azken batean, urteen joanean nazioarte mailan aho-soinulari eta musikari erregaitz eta erreferente bihurtutako Marcos Collekin bildu da Will Jacobs.

Alex Ott eta Stefano Ronchik Paul Linkeren Woodoo Studio eta Berlingo Nakasadacoyona estudioetan 2019an grabatua, Ronchi bera izan da moldaketa eta masterizazio lanen arduradun. “Taking our time” Blues musikari handi bik osatutako binomio perfektua da, behar den guztia dakite Jacobsen konposizioetan oinarritutako lan bikaina eskaintzeko. Gitarra jo eta abesteaz gain, Jacobesek bateria eta baxua jotzen ditu disko osoan zehar Collen aho-soinuak eskaintzen duen balio erantsi handiaz aberasturik.

Lan honetan inoiz ere ez da alboratzen generoaren ortodoxia, baina hein handi batean dago Jacobsen ahotsaren tinbreak eta koloreak eraginda, Soul eta Funk ukitu garbiekin, hain zuzen ere hasieratik Clarence Carterren “It ain’t safe” gaiaren bertsioarekin, “Going to Berlin” gaian shuffle ortodoxoenera egiteko, “What u doing” gaian tarteko bidean ibiltzeko eta “C. J. Bounce to C. J. Chenier” gai instrumentalean funk Blues moldera itzultzeko, denak Jacobsek sinatuak. Jarraian diskoaren beste bertsioarekin ematen diote segida lanari, “Stranded”, shuffle moldean, eta hor ezin argiago nabari da Collen iaiotasuna bere aho-soinuarekin.  “Hey baby” gaiak hirurogeigarren urteetako Chicagoko blues elektrikora garamatza, Junior Wells eta Buddy Guy bikote onena dakarkigute gogora. Bi interpretariek sinatuta, “BluesCazorla Booguie” gai instrumentalak agerian uzten du bi musikari hauen arteko lotura estua. Lan honetan zehar askotarikoak dira eraginak; “One too Many Times” gaia Carey Bell berak idatzia eta Robert Crayk abestua izan zitekeen, eta ezin hobe laburbiltzen du itxuraz Blues elektriko tradizionalenaren bideetan dabilen baina egiazki jatorri eta eragin ezberdinak dituzten arren disko bikain bat osatzeko helburu bera duten bi musikariren ikuspegi bakarra eskaintzen digun lanaren filosofia, eta helburu horri eutsita ematen diote amaiera diskoari “Going to Berlin” gaiaren zuzeneko bertsioarekin, Will Jacobsen ahotsarekin eta gitarrarekin eta Marcos Collen aho-soinuarekin, besterik gabe.

Lan hau beste Blues disko bat dela pentsa genezake, generoaren tradizioa ongi edo ez horren ongi errepasatzen duena. Bertsioez beteriko beste lan bat, sarri askotan bira bat justifikatzen duena eta artistak mugimenduan edukitzen dituena. Ezin okerrago geundeke. “Taking our time” nortasun zehatz eta handiko lana da, une oro egiten dio ihes agerikoari. Funtsean jatorrizko gaiez osatuta dago, eta Europako agertokian erreferente diren bi artistak interpretatuak dira horiek. Bi artista horiek indarrak batu eta bere horretan ospatzeko arrazoi bihurtu dute lan hau.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com