Origami: ordainsaria bermatuta

14 urria, 2019

 1962an jaioa eta 80 hamarkada zirraragarrian Espainian
sortutako lehen jazz eskolen babesean hazita eta hezita, Joaquin musikari
abenturazale nekaezin baten belaunaldiaren ordezkari dugu, promesez beteriko
garai haien kuriostasun eta bilaketa eta esperimentaziorako grinaz guztiz
kutsatua. Bere aitak eskainitako flamenkar eragina inoiz ahaztu gabe eta
Madrileko Kontserbatorio eta Bartzelonako jazz eskolatik pasa eta gero,
Joaquinek Alemania eta Herbeheretan burutu zituen bere ikasketak, John
Abercrombie, Dave Liebman edo Joe Henderson moduko maisuen
zuzendaritzapean.  Eta bertatik ibilbide
luze eta oparo bat landu du, besteak beste 
Javier Colina, Chano Dominguez, Uffe Markussen, Jorge Pardo, Perico
Sambeat, Dave Liebman, edota Billy Hart-ekin era guzietako grabaketak
plazaratuz eta mundu osoko jazz festibaletan parte hartuz,  bidaiari musikal betierekoaren senari eutsiz
beti.

Kuriostasun zintzo berberaz eta aldi berean ondare erraldoi
baten jabe, Joaquin ikaragarrizko ehundura eta sonoritate espektroa garatzeko
gai da origami eder honetan. Ohiko
gitarra, organo, bateria hirukotearen materia Fluglehorn-aren ekarpen
pertsonalez aberastu du eta era horretan, ezaguna uste duguna ezezagun
bilakatzen zaigu berriz ere, ezusteko eta xehetasun zirraragarriz betea.
Patxadaz dastatu eta aurkitu beharrekoak denak, atentzio osoz entzunez, jazzaz
maitemindu ginen garaiko kuriostasun berberaz, egungo argitalpen antzu eta
imitatzaile ugarien azpian lurperatuta sentitzen dugun horixe bera. 

“Origami Quartet” harribitxi txiki bat eta atentzio tarte
hori guztiz merezi duela uste dugu. Zalantzarik ez izan, ordainsaria bermatuta
dago.

———————————–

Miliaka urte dituen
ORUGAMI arte japoniarrak paperaren azaletik edertasun eta harmoniaz beteriko
irudiak sortzen dituen bezala, musika irudi harmoniatsuak sortzen saiatzen da
Joaquín Chacón gitarristaren proposamen berria espazio hutsetik abiaturik,
taldekideen artean sortzen den komunikazio eta elkarrekintza oinarri hartuta
emozioak transmititzeko.

 

 

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com