Hemen zaude: Hasiera Albisteak Kalean da Markos Untzetak Coliseo antzokian grabatu du bideoklipa

Kalean da Markos Untzetak Coliseo antzokian grabatu du bideoklipa

2023/02/10

Kalean da Markos Untzeta musikari eibartarraren Ekilibrista azken diskoko “Agian bai, agian ez” kantuarekin egindako bideoklipa. YouTuben ikusi eta entzun daiteke eta, zalantza barik, lanak kutsu eibartarra daukala esan daiteke: Coliseoan grabatu delako eta Helmholtz organoak protagonismo handia hartzen duelako. Bertan egingo du diskoaren aurkezpena talde musikariak lagun dituela. Kontzertua apirilaren 26an izango da.

“Ekilibrista” diskoaren kantu hau zuzenean jo zuten Eibarko Coliseo antzokian  azaroaren 23an. Bideokliparen ekoizpenean Naia Aizpurua (zuzendaria),  Angello Eloizaga (argazki zuzendaria) eta Julen Leturiondo (produkzioa) aritu dira.

Markos Untzerarekin parte hartzen duten musikariak  Giovanni Zanon (gitarra elektrikoa),  Walter Tuzzeo (Baxu elektrikoa), Iñaki Ortega (bateria) eta Mikel Gaztelurrutia (Helmholtz organoa) dira.

MARKOS UNTZETA.

Ekilibrista

Geroz eta ulertezinago zaigun mundu erraldoi eta zaratatsu honetan afektu isilak, txikiak dira gure babesleku bakarra. Maite dituzun horien begirada konplizea eta fereka leun ia ohart ezin horietan, lagunen arteko txantxan eta konfesio une preziatu horietan bir aurkitzen dugu gure leku galdua. Tarteka, ustezko soinu apurtzaile, abangoardista, puztu eta distiragarrien zaparradaren erdian, Markos Untzetaren “Ekilibrista” moduko diskoak beharrezkoak ditugu gure buru eta belarrien sendagarri modura.

 

Pandemiaren konfinamenduak eragindako aldentze soziala, kontaktu eza, antsietate eta ezjakintasuna, betirako lurperatuta geneuzkan beldurren berpiztea eta azken funtsean bakardadearen mina dira disko honen muinean eta sormen prozesu pittin bat terapeutiko eta katartikoan. Ezinezkoa da bere hitzen zintzotasunean identifikazio pertsonaleko uneak ez aurkitzea edota bere doinu etxetiarren goxotasunean lagunaren gertutasun fidagarria ez sentitzea. Ekilibristak baikara denok, atsekabe eta etsipeneko uneak musikak ematen digun indar eta argia kontrajarriz eta aurrera eginez beti.

 

Ekilibrista”, xumetasun eta arreta handiz landutako disko txiki-handia da. Folk, country eta pop-rock egitura aski ezagunetan mugitzen da Markos Untzetaren ahots hareatsu, sakona eta hain berezkoa. Baina musikari laukotearen fintasunari esker edertasun oso bereziko paisaia lausoak marrazten zaizkigu hitz horien atzean. Protagonismorik eskatu gabe, lagun sendo eta apaingarri dotore beti. Giovanni Zanon gitarrajolea izan du Markosek eskuineko esku grabaketa prozesuan eta 2022ko udan Haritz Harreguyren estudioan, ekoizpen lan bikain batetan, Fernando Neiraren baxua eta Karlos Aranceguiren bateria izan ditu kide. Giovanni gitarra klasikoko formakuntza jaso du Stefano Cattoni maisuaren eskutik eta Italiar rock progresibotik dator, bertan besteak beste Malomodo taldean aritu izan da eta EHn Melissa & The Jacks taldearen partaide da ere. Karlos hamaika talde eta artisten ondoan banatu izan du bere lana: Bide Ertzean, Quique Gonzalez, Rulo, Don Inorrez, Maite Larburu, Erentxun, Mojo Hand. Fernando Neira bere aldetik Ruperren Mugalaria da eta batik bat blues taldeetan (Stay Blues, Mojo Hand) Rafa Berriorekin aritu izateaz gain. Esperientzia eta jakituria ez zaizkie falta eta hirurok errespetu osoz, kantuak aberasteko beti prest azaltzen zaizkigu.

 

Ekilibrista” bere seigarren diskoak ez du Markos Untzetaren ildo musikalean etendura estilistikorik eragingo, ezta pop musikaren historian ere. Erronka berri eta zirraragarrien bila asegabera bultzatzen gaituen mundu ero honetan, agian disko xarmagarri honek eskatzen duen atentziorako parada eta pazientzia izatea da erronkarik handiena. Afektu txikiak, egunerokoak eta ia nabari ezinak baitira benetako bakarrak.