Hemen zaude: Hasiera Albisteak BLUES HOTSAK 2022

BLUES HOTSAK 2022

2022/11/17

Aspaldikoa da Euskal Herriko ingurualde honetan blues, jazz eta horrelako doinu beltzekiko zaletasuna. Urteak dira musika mota horietan oinarritutako jaialdiak eta kontzertuak antolatzen ditugula Deba bailarako herrietan: Debajazz jaialdia, Ibetondoko jazz jaialdia, Jazz-Blues zirkuitua… Musika hori promozionatzen duen diskoetxeak ere 25 urte bere zituen Soraluzen.  

Laugarren edizioa betetzen du jadanik BLUES HOTSAK jaialdiak. A Aurrekoan bezala, musika eta irudia tartekatzen dira bertan, zuzeneko emanaldi aberatsak eta beste inon ikusten ez diren filmak. Asteburuan amaituko da kontzertu bereziekian. Goza dezagun!  Egitasmo osoa: www.blueshotsak.eus 

 

Urriak 30 igandea

STEVE KRASE & TRAVELLIN´ BROTHERS

Herriko Antzokia 19:00

Sarrera : 10€

 

Aurtengo BLUES HOTSAK, azaroaren 17tik 20ra egingo den jaialdiaren aurkezpena

 

Steve Krase etorri zaigu bisitan Houstonetik –Texas–, erreferente handienetako bat estatu hartako jokalekuetan. Harmonizista eta ibilbide luzeko abeslaria da, bai bere Steve Krase Band taldeko aurreburu gisa, bai Trudy Lynn blues diva handiaren sideman gisa, alegia, albolagun.

 

Steve Krase New Yorkeko Brooklynen jaio zen, eta azken 30 urteetan Ohion, Kalifornian eta Louisianan aldi bat bizi ondoren Houstonen finkatu da, bere blues-tradizioan aktiboki parte hartzen duela genero honetako izarrekin.

Hamasei urte zituela hasi zen harmonika jotzen. Hainbat moldetan oinarritzen da: blues, pub rock, punka, country, glam eta elektronika. Hala ere, bere eragile nagusia The J. Geils izan da, “Hark dena ematen zuelako gauero  jokalekuan”.

Steve Krasek hamar urte egin harmonizista lanetan Houston Jerryren Lightfoot & The Essentials talde ospetsuan. Gero Matt Leddy & The Meatcutters-ekoen laguntzaile ibili zen bere banda propioa sortu aurretik. Horren ondorioa, 2004ko International Blues Challenge (IBC) saria irabaztea blues talde onenaren atalean, eta hainbat nominazio azken urteotan.

Oraingo honetan bira berezian datorkigu, lagun zintzoak izango dituen   Travellin Brothers izugarria daukala ondoan, hemezortzi urteko ibilbidea duen Euskal Herriko banda berau, hamar disko argitaratua eta, zalantzarik gabe, gaur egun Europan dabilen blues talderik onenetakoa, bere azken disko-lana aurkezten digutela:  Comming Home .

Habia gozotik irtenda! Uztarketa sutsu eta garailea! Soinu organiko eta benetakoa!

 

Azaroak 17,  osteguna

         SUMMER OF SOUL

1969an egin zen kontzertuaren kronika

Herriko Antzokia 19:00

Filma

SARRERA LIBRE

 1969an New Yorkeko auzoetan antolatutako Harlemgo Kultur Jaialdiari buruzko dokumentala dugu Summer of Soul (Or, When the Revolution Could Not Be Televised). Musikaren eta  afroamerikarren kultur ospakizun handi hura eskubide zibilek eta komunitate beltzaren batasuna sustatzeko premiak eragindako protestaldien barrukoa dela esan genezake. Hantxe batu ziren Telebistak emango ez duen iraultza bat abiatzeko elementu guztiak, dokumentalaren azpitituluak dioen bezala. Questlove ezizenez ezagunagoa den Ahmir Thompson musikari ospetsuak zuzendu zuen. Sundanceko Jaialdian proiektatu zen, eta Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Publikoaren Saria jaso zituen, biak dokumentalen kategorian. 

Questloveren lanak jaialdian gertatu zena aztertzen du. Mount Morris Park-en egin zen (orain Marcus Garvey Park izendatua), New Yorkeko Upper Manhattan auzoan, eta sei aste iraun zuen guztira. Publikoak babes handia eman zion arren, BB King, Stevie Wonder, Mahalia Jackson, Nina Simone, The 5th Dimension, The Staple Singers, Gladys Knight & the Pips eta Sly and the Family Stone artistek bertan jo eta kantatu zuten arren, jaialdia pop kulturaren puntu beltz bat bezala tratatu zen. Questlovek ikerketa sakon bat egin zuen 50 urte luzez argitaratu gabe egon zen artxiboetako materiala erabiliz eta musikaren arkeologia ariketa bat eginez, jaialdia ilunpean edukitzeko arrazoia aurkitzeraino.

 

Azaroak 18,  ostirala

         ITZIAR YAGÜE & PAUL SAN MARTIN

 BESSIE SMITH in memoriam

Herriko Antzokia 20:00

Sarrera : 10€

“Hamar edo hamabi urtez Madrilgo lokalen zirkuituan ibili naiz, beti musika afroamerikarrari lotua. Niretzat, soula, funka, jazza ez dira konpartimentu itxiak, denek dute bluesa jatorri. Nire musikari laren une batean, konposizio propioak idazteko gogoak aginduta, horixe sortu zen, blues femenino klasikoa. Letrek garrantzi handia dute, une honetan bluesa abesten duen emakume gisa daukadan posizioa islatzen dutelako”.

-------------------------------------

Ezinezkoa da emakumeek interpretatutako bluesean interes apur bat duenak Bessie Smith entzun ez izana. Ez dago musika genero honetan ahotsik handienaren erreferentziarik ez duenik. Billie Holidayk ere, jazzera emanagoa zen arren, badu Bessieren zerbait. Eta Holidayk buru-bihotzez indarkeria arrazista eta kriminalaren salatu bazuen Strange Fruit abestian –Estatu Batuetako Hegoaldean zuhaitzetatik urkatutako neska beltzak dira fruitu arraro horiek–,  urratu egiten gaituen bluesa da berez Bessieren ibilia eta Mississippin izandako auto-istripu baten ondoren izan zuen heriotza: azalaren koloreak eragotzi behar bezala artatzea.

Itziar Yague kantari arabarrak Paul San Martin pianojole gipuzkoarrarekin garatuko duen **Itzi canta a Bessi ** proposamena,  artista mitikoak duela mende bat ospetsu egin zituen kantuen inguruan osatuko da. Yagueren ahotsak gidatuko du entzulea bidegurutze hainbat bidegurutzetan barrena. «Kantu bakoitza testuinguruan jarriko dugu, eta Bessie Smithen irudiari buruzko ohar batzuk emango ditugu», zehaztu du. San Martinen laguntzat, bluesaren diva handiaren hamasei edo hamazazpi kantu eskainiko dituzte.

Emanaldia berezia da oso. Formatu murriztu hori “Erronka bat da, ez baitago beste instrumentu batzuen solorik. Baina Paul oso piano jotzaile fidagarria da», zehaztu du abeslariak, eta harekin banatuko du kantaldi aberats eta anitzaren ardura.

Kontzertuak bluesa izango da ardatz, jakina, baina ez da hamabi konpasen formula ospetsu eta multierabilira mugatuko. Itziar Yagüek argitu duenez, ragtime, stride, vodevil eta emakumezkoen blues klasiko estiloko piezak entzungo dira errepertorioan, konpositoreak jarraipena eman eta garatu nahi duen proposamen baten barruan, ez bakarrik bere musikarekin, baita bere figurarekin ere. “Bizitza abestien bidez kontatzea”. Eta oroitarazi nahi digu Bessie Smith gauza zela Ku Klux Klan bera kontzertu batetik makilaka botatzeko, duela ehun urteko gizartean bere sexualitatea askatasunez eta aurreiritzirik gabe bizi zuen emakumea izaki. Zoritxarrez, era beldurgarrian hil zen  bere karreraren onenean.

-------------------------------

Paul San Martin pianoaren birtuoso nabarmena izateaz haratago doan artista dugu. Ipar Amerikako musikarekiko zaletasuna erakutsi duen artista izan da orain arteko ibilbidean. Pianista, abeslari, konpositore eta blues tradizioaren ezagutzaile sakona, bere bilakaera artistikoa jazz, rock and roll, gospel edo Rythm and Bluesetik hasi eta American Songbook   katalogoaren azken ertzeraino iristen den eragin sorta handiaren emaitza dugu.

Azaroak 19,  larunbata

         NIKO ETXART & HAPA-HAPA

Herriko Antzokia 20:00

Euskal Herrian blues-rock soinuen aitzindaria

Sarrera : 10€

Nork ez ditu “Eperra” edo “Euskal Rock’n’Roll” moduko “hit” abestiak inoiz dantzatu edo abestu? Oroimen kolektibora betirako  iltzatutako doinuak dira, baita beraien egile edota interpretatzaile den Niko Etxart-en txima luzeak eta rocker bohemio hilezkorraren irudia ere. Euskaraz abestutako rock eta bluesaren aitzindari nabarmenetako bat dugu zalantzarik gabe ziberotarra, baina agian horrexegatik ere garai finko batekin identifikatzen dugu bere lana eta ikuspegi zabalagoa eta aberatsagoa eragozten diogu gure buruari. Nikok, ordea, kolore guzietako altxorrak gordetzen ditu 70ko hamarkadatik gaur arte maitasun eta arreta osoz landu duen bere ibilbide luze eta oparoan. Odol Berri eta Zazpi Gara taldeetan lehen pausoak eman ondoren , 1975an Minxoriak talde mitikoa sortu eta bakarkako bere lehen diskoetan ezarri zituen betirako mugarri izango ditugun obrak, 1983ko “Tumatxa” disko ospetsuak ezin hobeto gauzatu eta borobiltzen duen bezala. Rock Radikal Vasco eta orohar euskal pop-aren loraldia ahalbidetu zuten disko horiek eta era berean Niko bigarren plano batetara bultzatu zuten ere. Baina agian foko mediatikoetatik at burutu ditu bere lan pertsonalenak eta baliotsuenak.

1990tik aurrera, bere Kilikas estudioan, kolaboratzaile finez lagunduta beti, Hapa-Hapa taldearekin  pop-rock-blues disko liluragarri sorta dotore bat eskaini digu eta era berean bere sustraietan barna sakontzen jarraitu du zenbait Pastoraletan parte hartuz. Urte guzietako jakituria eta errepertorio anitz distiratsu baten jabe, bere beste sustrai nagusiaren ikerkuntza eta gozatze hutsean bermatzen du bere beste fazeta, jaialdi honetan izango dugun “bluesman”-a hain zuzen ere. Niko Etxart (ber) aurkitzeko luxuzko aukera.

------------------------------------------------------

Azaroak 20, igandea

         MUSIKA ESKOLA - Konboak

Herriko Antzokia 12:30

Musikaren balioa elkarrekin jotzea da.

El placer de aprender y tocar juntos

SARRERA LIBRE

Soraluzeko Musika Eskolako ikasle eta irakasleak osatutako taldeak euren trebetasunak erakutsiz. Gertuko gozamena!

Soraluzeko Musika Eskolan beti eman izan diegu garrantzia joera berriak esan izan zaien instrumentu modernoei: baxu elektrikoa, gitarra elektrikoa, bateria. Gainera, bada alditxo bat 7 urtetik aurrerako ikasleentzat ere ematen ditugula horrelako klaseak. 

 Baina gazteekin eta ez hain gazteekin, rock, rithm&Blues, soul edo funk estiloen bertsio saiaketetan Konbo edo Taldeak egitea da benetan gustatzen zaiguna. 

 MUSIKAren benetako balioa ELKARREKIN jotzea baita.

 

Azaroak 20, igandea

         CARLTON JUMEL SMITH

& The Harrycane Orchestra

Herriko Antzokia 19:00

Soul – Blues

Sarrera : 10€

Euskal Herrian kontzertu bakarra

Esan ozen, beltza naiz eta harro nago

Smith Jauna bere kabuz egindako abeslari, konpositore, ekoizle eta aktorea dugu. Shanghai, Helsinki, Errusia, Turkia, Londres, Frantzia eta, jakina, bere jaioterri New Yorkeko agertokiak sutu ditu. Hainbat disko argitaratua da, tartean kritikak hainbeste goraipatutako hura, Lexington Avenue 1634. James Brown gorpuzteko ohorea izan zuen –bere heroi musikalik handiena–  Barry Levinsonen Liberty Heights filmean (1999), eta protagonista izan zen, Cyndi Lauperrekin, Antonin Dvorak konpositore txekiarraren bizitzari buruzko Off-Broadway Largo musikalean. Oroz gain, Smith jauna animatzailea da, urrezko garaietako tradizioetan indartua.

Newyorktar honek bihotzez maite dituen klasikoen bertsioetatik ihes eginez, bere abestiak interpretatzen ditu, baina hala ere, ez du zalantzarik izaten Otis Redding-en edo The Temptations-en abestiei keinuak egiteko, besoetan  tatuatuak dituen hogeiren bat artistetako bi baitira. “Haiekin hazi naiz”, dio harro. James Brown ustekabean hil zelarik, haren ordezkoa ere izan zen urtezahar batean B.B. King Klubean.

-----------------------------------

Harlemen jaio eta Spanish Harlemen hazi zen Carlton Jumel Smith, amak eta hiru arrebek inguraturik.

Zortzi urtekoa zela, amak eskutik eraman zuen  The James Brown Revue ikustera Apollo Antzoki ospetsuan, orkestra entzun eta ikas zezan “Esan ozen, beltza naiz eta harro nago”. Ezaba ezineko aztarna txertatu zion kantaldi hark  Carltoni.

Rick Torres eta Greg Fore auzoko ahots maisuekin lanean eman zuen 80ko hamarraldia, abestiak idatziz eta demoak bidaliz.  Loleatta Hollowayk haietako bat grabatu zuen. Hurrengo hamarraldian, Napoleon O-Soul ezizenez, bakarrik, Dance Music forma hau erabili zuen Carltonek,  eta Frederick Joriarekin Sextravaganza aurkeztu zuen Thrill Cycle hard rock bandarekin.

Hollywoodera joan eta  hegazkin batera igo zen Barry Levinson zinema zuzendariak bere doinu-zinta bat entzun zezan. Handik luze gabe, Levinsonek 1954ko Liberty Heights filmean jokatzeko aukera eman zion, James Brown gosetu baten papera egiteko. B.B. King's Club-en hasi zen New Yorkeko Times Squaren 2002, gaixoaldi batek ezindua zeukan Ray Charlesen  ordezko. Urteetan aritu zen kontzertuz kontzertu SROren jaioterrian. Carltonek bi album independente ere grabatu zituen zuzenean:  Carlton J. Smith Live, 2003koa, B.B. King’s-en  eta  Thinking About James Brown and a Few Nice Things, 2006koa, Brownena eginez berriro, Brown bera hil zelako. Album hori ez da egundaino argitaratu hala ere.

Carlton adur onekoa izan da: Jazz taldeak Txinako klub bat utzi, programatzailea larri bati eta besteri deika azken orduko ordezkapen baten bila, eta Alan Pepperrek, New Yorkeko The Bitter End gau-klub ospetsuko zuzendariak, Carlton gomendatu. Haraino hegan egin eta Asiako publikoa liluratu zuen. Aldi horretan  grabazio gehiago ere egin zituen Carltonek, eta harreman berezia izan zuen Tom Waits-ekin.

2014an Txinatik itzuli eta G.U.M. kaleratu zuen. Mundu-bidazti, emanaldiak egin zituen Turkian, Erresuma Batuan, Suitzan, Errumanian, Balin, Indonesian, Errusian eta Norvegian. Helsinkin zegoela, Cold Diamond & Mink zortzi laguneko R&B taldeari lotu zen zenbait ikuskizunetan eta, urte amaierako, Smith Jaunaren diskorik txalotuena grabatu zuen 2019an, hots, 1634 Lexington Avenue (Timmion Records).

“Negozio honetan, dena kantu batekin hasten da”, filosofatzen du Carltonek. “Nire uste sendoa da, abesti handi bat bedeinkazioa dela. Azken finean, nire ekuazio hunkigarrian, Musika + Letra = Zure bizitza”.

Maila goreneko soulgina dugu Carlton Jumel Smith. Musikarako duen grina, lurreko jende onari dion txera, eta Maitasuna, Bakea eta Harmonia  printzipioei dien fedea tinko oinarritzen dira On The One abestian.

Eta ongi gordeak ditu oraindik amaren 45koak, LPak eta 8 pistatakoak .

SARRERAK : IRATXO Denda (Soraluze)

943751320