Albisteak
Egungo jazzaren soinu sakonetan murgiltzen
Ekoizpen bikaina
dauka Dive into the Seak izenburupean estrainatzen da Eva Alcaide madrildar gitarra jotzailea diskogintzan. Egungo jazzaren kutsua duten soinu sakonetan murgiltzen da,
beste eragin anitzetatik ekartzeko tradiziotik hastandu gabe. Ñabarduraz eta
kolorez betea, etorkia itsasoan eta itsasoaren ikonografian daukala, Eva Alcaidek ikasle urteetan idatzitako
konposizio bilduma bikain baten aurrean gaude. Bertan, Irati Bilbaok ahotsean eta Eva Alcaidek gitarran
egiten dituzten joko melodiko eta bateratuak aipatzekoak dira. Donostiako 57. jazzaldian izan zen diskoa aurkezten.
Musika-eszenaren erreferente bikaina
2019an Piano solo
argitaratu zuenez geroztik eta eta 2020ko From home kaleratu zuenetik
hona, David Sancho piano jotzaile madrildarrak ikuspegi guztiz berea baina guztiz malgua
duela erakutsi du, musika klasikotik eta jazzetik hasi eta pop,
elektronika edo hip-hoperaino doan eragin azao lodi bat osatzen dute bere
ekoizpenek. Birtuoskeriatik urrun, agerian uzten du funtsa formaren gain
daukala, eta bere lanari behar besteko malgutasuna ematen diola, mezua beti
entzuleon barnera amil dadin. Mundu guzti horiek erakutsiz Meditaciones argitaratu du Borja Barrueta eta Jesús Caparros musikariak ditela lagun. Bikain!
Grebalariak
Juan de Diego musikari bilbotarrak ez ditu bere azken disko kezka
soziopolitikoak ahaztu. Grebalariak izenburupean Bartzelonako La Canadiense enpresan 1919an egindako grebaren ehungarren urtemuga ospatu
nahi izan du. Hari esker, beste gauza askoren artean, 8 orduko lanaldia
ezartzea lortu zen eta “Greba” abesti bera borroka horri ekin eta kasu
batzuetan bizia galdu zutenei eskainia da. Omenaldi,
konpromezu eta soinu plazer hutsa. Agendan daude.
Berumuga musika zikloa
Urtero bezala,
Bergaran (Gipuzkoa) rocka, bluesa, jazza eta musika beltzaren
kolorea duen ziklo musikala antolatzen da. Ohikoak ez diren musika estiloak
programatzea da helburua, kalitatea ardatz. Kontzertu guztiak doanekoak
dira. Uztaileko ostiraletan. Hilaren 1ean SON ROMPE PERA mexikarrak: Marimba folklorikoa publiko berri batentzako
birpentsatuz, Mexiko Hiriko aldirietako anaia punken banda honek dantza
eginarazten die entzuleei beren Garage-Marimba-Punk-Cumbia estilo bereziarekin,
marimba historikoa beste inork ez bezala joz.
Jazzaren anarkia alaitsua
The New Jazz Collective musika sortzeko plataforma
izateko asmotan sortu zen. LUCIO lanaren argitalpena Lucio Urtubia anarkista
eta erreferente libertarioaren mezua jarraitzeko era propioa dugu. Bizirik zela
ezagutu izan genuenoi zantzu handia utzi zigunez, zergatik ez erakutsi bere
ondarea —“Egin egin behar da!”— gure musikaren ikuspegitik? Musika hau,
"Lucio: una reflexión escénica" zuzeneko lanaren soinu banda da. Eremu anitz
horretan, jazzaren anarkia alaitsuak betetzen ditu zirrikitu eta hutsune
guztiak. Marco Bellizzi (tronboia), Juan De Diego (tronpeta), Fredi Pelaez (hammond organoa) eta Hilario Rodeiro (bateria) dira hain
zuzen ere, obraren soinu egitura gorpuzten duen New Jazz Collective horren partaideak. Marco dugu konposaketa eta doinuen egile nagusia; Nafarroako Goi
Kontserbatorioko Jazz tronboi irakaslea eta 15 herrialde ezberdinetan (ospe
handieneko europar antzokietatik Afrikako errefuxiatu kanpamenduetara)
kontzertuak emateko aukera izan duen artista ausart eta Konprometitua.
MATT “Heartbreak” HILL & THE BLUES DREAMERS
Nikki
Hillen
senarra eta oholtzako kide leiala den Matt
«Heartbreak» Hill Hondarribian izango dugu, bere proiektu pertsonalena
aurkezten. Zalantzarik gabe,
pribilegio hutsa Rock & Roll, Blues,
Soul, Elvisetik Howlin Wolferaino bidaian Little Richarden amorrua maite
dugunontzat.
Abesti oro kontakizun motz bat da
Espero
zitekeen moduan disko honen sortzaile den
Organizing taldea eskarmentu eta trebezia handiko musikariez osatuta dago.
Ez baita posible naturaltasun hain harrigarriz horrenbeste komunikatzeko gai
izatea. Raúl Sainz de Rozas (gitarra) da taldearen liderra eta berarekin batera maila handiko musikariak: Alberto Arteta saxoan, Jose Luis Canal piano eta Hammond organoan eta Juan Luis Castaño baterian. Swing erritmo eta arima, R&B cool dotorezia,
hammond organoaren epeltasun xarmagarria. Esperientzia eta gaitasuna kontakizun
eta komunikazioaren zerbitzura beti. “Short Stories” diskoa 7 kontakizunen
bilduma da. Musikariek
bere bizitzan funtsezkoak izan diren artista eta pertsonei eginiko 7 omenaldi.
Artista mirestuen bertsioak alde batetik (Kevin Dorham, Wes Montgomery) eta
pertsona kuttunenak inspiratutako berezko doinuak bestetik. Brother Jack
McDuff, Lou Bennett edo Jimmy Smith-en estiloko hammond organoaren urruma
goxoaz babestutako 7 abesti. Jazz garden, puru eta argitsuzko 7 une, forma
berrietara mutatzeko prest entzunaldi bakoitzaren intimitatean.
Musika askearen mugarria
ENNIO PINILLOS Saxojotzaile
nafarraren musika dotoreak ziurtasun
baino askoz galdera gehiago eragiten ditu. Hasera batetan erakusten duena baino
gehiago iradokitzen du. Saxo,
kontrabaxua, tronboia, piano eta bateria. Lirika bare eta baketsuzko
soinuaren oinarria, ñabarduraz betea, arropa klasikoa erakutsi arren sailkatu
ezina azken batetan. Solipsismo da zuzenean grabatutako bere lehen diskoa. Euskal jazz eta
musika askearen mugarri txiki erraldoia. Boskotea osatuz Miguel Moisés – Satxa Soriazu – Javier Callén – Juanma
Urriza
Zizurkilen BLUES soinuak
XVIII. BLUES GAUA duela bi urte azken orduan
suspenditu behar izan zen pandemia zela eta. Iaz tabernetako kontzertuak
ezin izan ziren egin baina beste toki bat errekuperatu zen horretarako eta
bertan aritu ziren The Allnighters eta Baionako Nico Wayne
Toussaint armonikajolearen taldea. Horrela, aurreko ediziotan izandako
arrakastaren bidetik, Udalak ez du ekintza
baztertuta utzi nahi eta apirilaren 2an, larunbatarekin izango da
kontzertua arratsaldez hasita Joxe Arregi plazan (BEHEKO PLAZA). Bertako
ostalari batzuen lankidetzarekin, jakina. Beti bezala sarrera doan. Arratsaldeko 19: 00etan ZIZURKIL
BLUES JOAN PAU CUMELLAS & PAUL SAN MARTIN Akustik Blues (piano / armonika) + KOKO-JEAN & THE TONICS Soul,
blues, ritmo eta groove leherketa
FAMILY FOLKS - Naufrage
Berriro
ere, itsasoa protagonista harturik bizitzaren arlo guztietan ezinbesteko hil
eta bizi prozesuaren alegoria gardenean, FAMILY FOLK Bosco
Hillek (ahotsa, gitarra akustiko eta elektrikoa, banjo eta perkusioa), Ruben Xuarezek (ahotsa, gitarra
elektriko eta akustikoa, mandolina, perkusioa) Xabier Viéitezek (teklatuak, karilloia eta koruak), Jorge Lorrek (baxua eta korua) eta Rufus El Guarrok osatzen duten
bandak etenik gabeko garapenak markatutako ibilbidea sendotzen duen lana
eskaintzen digu. Proposamen berri bat, interesgarria zinez. NAUFRAGE. Zuzenean grabatua,
bandarekin ekoitzia eta Pablo Iglesiasek Vigoko Radar estudioetan masterizatua, Oscar Avendañoren
(Siniestro Total, The Bo Derek’s) eta Paulo Pascualen laguntzaz egina.
Gaztetasuna, talentua, lana eta maitasun mugagabea
Baxu elektrikoaren fusioan oinarrituta, Kike Arza Electric 4et
zorrotz landutako diskoa izan arren, freskotasun atsegingarrienez gozatzeko
aukera franko ematen digu. Napar baxulariak izenpetutako bigarren proiektua da Beharko Mendekaitz. Berarekin batera Satxa
Soriazu pianoan, Adrián
Fernandez gitarran eta Daniel
Lizarraga baterian. Kike Arza musikariaren
konposizioen dotorezia oroitarazlea eta doinuen argitasun ederra erabat
hunkigarria dira. Giro zinematografikoak
dakartza gogora. Soinu banda txikien modura, noizbait, agian ametsetan, ikusi
izan ditugun edota benetan jazo bailiran irudikatu ditugun filmentzako soinu
aproposak dirudite bere piezek. Dena gainezarri eta nahasten da, segundo bakar
batean, abesti batetan, bizitza oso batetan.
Chicago Blues
The Cinelli
Brothers osorik Erresuma Batutik
Euskal Herrira lehen aldiz. Taldearen sortzaileak Alessandro Cinelli bateriajolea eta Marco Cinelli gitarjolea, Europako soularen ahots onenetako bat
izatea nahikoa ez eta Music Republic Magazinek EBko gitarjole onena izendatua
2018an. Blues, soul, RnB eta musikaren historian
giltzarri diren soinuekiko miresmena partekatzen duten musikari sutsuen
belaunaldiarentzat, eredugarria da Cinelli
Brothers. Amorebietan eta Ermuan
GAUR - Musika bizia
Kantu
herrikoiak, jazz inprobisazioa, musika koloretsua, usadioa, abangoardia… beste
ezer baino, musika, bere ingurunearekin eta bere iragan eta etorkizunarekin
etengabeko harremanean diharduen izaki
bizidun bat da. GAUR egitasmo eta disko berria. Noa Lur kantariaren ahotsa da nagusi eta kide bezala hurrengo
musikariak ditu: Ander Garcia kontrabaxu eta baxu elektrikoan, David Sancho piano eta teklatuetan eta David Fernandez baterian. Horrez
gain Alejandro Fernández Octapad-ean. Maria Toro-ren flauta ekarpenez
eta Carlos Sagik konposatu eta Maureen Choi, Julia Alvarez, Pedro Barberán
eta Javier Romerok osatutako soka laukoteak interpretatutako konponketez
hornitua dator.
Hunkigarria eta berria
Saio pedagogiko, aldarrikapen historiko eta aldiberean soinu esperimentazio
garaikidea, Joserra Senperena eta Piter Ansorenaren “Euskal Danbolinaren Aroak”
Beasaingo Igartza Jauregian 2021ko apirilaren 8an Joserra eta Piterrek eginiko
emanaldia jasotzen du. 2006an “Chillida-Lekutik” argitaratu ondoren
eta hari berari tiraka eginez hilabetetako lan sakon eta artatsua borobilduz,
haren emaitza liluragarria arretaz eta dagokion patxadan, ñabardura finenak
antzeman eta dastatzeko aukera paregabea eskaintzen digu. Esperientza eta jakituri horren islada da disko honetako aniztasun koloretsua eta historikoki
aberasgarria. Baina agian garrantzitsuena eta baliagarriena dena, estreinako
aldiz doinu berri bat entzuteko unearen zirraraz eta freskotasunez jarduteko
erakusten duten gaitasuna da. Esperientzia eta jakituria horrek berak
ahalbidetzen duen sentsibilitate delikatu batez josia baitago harreman hori eta
ondorioz, hunkigarria eta harrigarriki
berria eta zirraragarria zaigu beste behin ere.
Blues Hotsak
Aspaldikoa da Gipuzkoako txoko honetan blues,
jazz eta horrelako doinu beltzekiko zaletasuna. Urteak dira musika mota
horien inguruko jaialdiak eta kontzertuak antolatzen direla Deba
bailarako herrietan (Debajazz jaialdia, Ibetondoko jazz jaialdia,
Jazz-Blues zirkuitua...). Musika hauek argitaratzen duen diskoetxea ere
sortu zen orain 25 urte, Soraluzen. Sarrerak : Iratxo denda.
ZIZURKIL BLUES
XVIII.
BLUES GAUA iazko edizioa azken orduan suspenditu behar izan zen
pandemia zela eta. Aurten ere tabernetako kontzertuak ezin izan dira
egin baina Udalak ez du ekintza baztertuta utzi nahi. Horrela, aurreko
ediziotan izandako arrakastaren bidetik azaroaren 06an, larunbatarekin izango da kontzertua arratsaldez hasita Joxe Arregi plazan. Bertako ostalari batzuen lankidetzarekin, jakina. Aurten
musika beltzaren moldeen hotsak entzuteko parada izango da bi talde
berezirekin. Bata, Frantziako eta Euskal Herriko musikariak, Baionako NICO WAYNE TOUSSAINT Feat. Iker Piris & The Electras armonika jotzaile trebatuaren inguruan osatutako taldea eta bestea Gasteiztik, The ALLNIGHTERS, Euskal Herrian dugun banda beteranoena (haize instrumentuekin zazpikotea osatuz). Bakoitzak bere onena eskainiz. Beti bezala sarrera doan.
Arratsaldeko 19: 00etan
Omenaldia, jokoa eta zentzuen gozamen osoa
Funtsean, Nucli Trio,
Guillem Plana gitarra lanean, Aleix Forts kontrabaxuan eta David Viñolas
baterian osatzen duten jazz guitar hirukote klasiko bat da. Klasikoa, bere
burua aurkezteko garaian eta bere janzkeran; jostalaria, freskoa eta guztiz
garaikidea bere barne beroan, ordea. Baita Vic-eko Jazz Cava aretoan hilabetero
ematen dituzten zuzeneko saioetan ere, non inguruko artista bat gonbidatzen
duten aldioro eta arreta osoz aukera bakoitzerako espreski atondutako
errepertorioa prestatzen duten. Haietan Raynald Colom, Edna Sey, Adrià Plana,
Alba Careta, Eloi Escudé edo Marta Roma bezalako artistekin ideia, soinu eta
bizipenak partekatu ahal izaten dituzte. Lehen diskoa kaleratu berri dute.
Flamenkoaren poesia
Flamenkoaren lengoaia
unibertsalak ez dauka mugarik, ezta jatorririk ere, ez du berea beste hizkerarik
ulertzen. Hain du berea non Juanjo Navas
kantari bilbotarra egungo Flamenkoaren panoramako kantaririk nabarmen,
arduratsu eta originalenetako bat bezala definitu izan den. Jaialdi ugaritan
eta kantaleku ezberdinetan eman dituenak nahikoa adierazgarri ez balira, Reflejos
de Andalucía deritzan bere lehen diskoan Beñat Arginzoiz idazle bilbotarraren testuak interpretatu ditu. Garbizale eta aldi
berean heterodoxo, Juanjo Navas historiako lehen kantaria izan dugu euskarazko
saeta bat interpretatzen, generoaren
ikuspegi berri eta original bat emanez. Horrek eta bere ibilbidearen kalitateak
Blas de Otero fundazioarekin
harremana egiteko aukera eman zion. Ondorioz Redoble de conciencia
poemategiko testuak interpretatu ditu bere bigarren diskoa den Digo Vivir honetan.
Doug MacLeod
Gaztetan,
Doug MacLeod musikariak totelka eta isekak pairatuz gainditu behar izan zuen barruko lotsatia.
Gitarra bat hartu eta kantatu ondoren, bere ahotsa aurkitu zuen. Hogeita hamar
urte luzetan estudioko 21 disko, zuzeneko batzuk, bildumak, blues gitarra
menderatzeko DVD bat eta zuzeneko beste bat... Etenik gabeko lan honek ekarri dio ospea.
Artista askok, Albert King, Albert Collins, Joe Louis Walker eta Eva Cassidy
barne, bertsionatu dizkiote abestiak. Telebistako filmetan entzuna
izateaz gain. Larunbatean, hilak 2, Ermuan (Bizkaia) izango da Nestor Pardo musikari galiziarrarekin batera. Jazz-Blues Zirkuitua 2021.
Omenaldi, konpromezu eta soinu plazer hutsa
Juan De Diego, tronpeta jotzaile bilbotar nekaezin eta oparoa, bueltan dator proiektu
berri batekin eta hori beti gauza pozgarria da bere jazz ausart, dotore eta
ñabarduraz betea maite dugun guziontzat. Oraingo honetan, ohiko kalitate maila
altuan eta estreinako aldiz, laukote
akustiko moduan (piano, kontrabaxu, bateria eta tronpeta) grabatu du Grebalariak izeneko disko hau. Bertan, Juanek erabilitako patxadari esker, soinuek tapiz
moduko ehundura ederra zein modu delikatuz sortzen duten ikusi eta gozatu ahal
izateko aukera ezin hobea izango dugu.
Beb-bop itxura klasikoko oinarri batetik abiatuta eta bizitasun
geldiezinez, hori baino askoz musika jario zabalagoa da Juanena. Oinarrizko
hizkuntza horretaz muineraino blaitu eta haren aukera mugaezinez baliatuz
egindako esplorazio pertsonal paregabea, azken batetan. Jazz purua.