Albisteak
20. Zizurkil Blues
Zizurkilgo BLUES GAUA 20. ediziora heldu da. Aurreko bi urteetan –hala beharrez- kanpoan
egin badira ere aurten bere jatorrizko formatura bueltatzen da, hau da,
tabernetara. Urte guzti hauetan zehar Udalak antolatu eta mantendu nahi izan du
gaur egun erreferentea bihurtu den Blues zaleen artean Horrela,
aurrekoetan izandako arrakastaren bidetik otsailaren lehen asteburuan musika
beltzaren moldeen hotsak entzuteko parada izango da Espainia,
Galiza. Catalunya eta Euskal Herriko musikariekin.
Era akustikoan eta elektrikoan. Bakoitzak bere onena eskainiz. Bertako ostalari
eta zaletu batzuen lankidetzarekin, jakina. Beti bezala sarrera doan.
Musika zintzoa, ausarta, ederra eta inspiratzailea
Tango baten
sentsualitatea, txalapartaren oihartzun aintzineko, sakon eta betierekoa eta
jazz-aren distira jostagarri eta ezustekoz betea naturaltasun eta dotorezia
ezin handiagoz nahasten dira Hutsun + JEL Trio taldeak sinatutako disko honetan. Kuriostasunak
gidari, ausart, soinu berrien bila etengabeko bilaketa horren ondorioz doinu
bilduma sailkaezina eskaintzen digute bertan. “Artze”, gure artista handienetako baten omenezko izenpean datorren
disko honek milaka irakurketa aukera ezberdin gordetzen ditu barnean. Bildumari
izen ematen dion txalaparta soileko doinu instrumental ederraren inguruan
estiloen arteko harreman aberatsa ematen da gure aurrean, erakustaldi teknikoak
alde batera utzi eta haren ordez entzulearekiko komunikazioa eta emozioa eraginez
beti. Bereziki aipagarria da “Libertango”-ren bertsioa, bibrafonozko ekarpen
zoragarriz hornituta eta biziki hunkigarria.
BERNARD SELLAM & THE BOYS FROM THE HOOD
Hogeita hamabost urtez mundu osoan barrena hainbat
talderekin biran ibili ondoren (AEB, Kanada, Japonia, Latinoamerika, India eta
Europa), Bernard Sellamek –Frantziako jazzean onenetakoa den Awek
taldeko liderrak–, talde berria aurkeztuko du: The Boys from the Hood. Taldea oholtzarako eta publikoa dantzan jartzeko sortua
da, 50eko hamarkadako swingaren eta bluesaren tradiziorik jatorrenean. Bost musikari profesionalek gidatzen duten emanaldia. Estilo horretan B. B. King, Johnny Guitar Watson, Lowell
Fulson, Guitar Slim, Gatemouth Brown bezalako musikari garrantzitsuek utzitako
errepertorioarekin eta eta Bernard Sellamek berak idatzitako piezekin.
Los Reyes del KO: Kontzertu bat
Talde batzuek zeure arreta pizten
dute entzuten diezun aurreneko aldian; beste batzuek merezi duten abesti pare
bat izan dezaketela pentsarazten dizute; baina talde gutxi batzuei entzuten
diezunean harri eta zur geratzen zara, ordura arte non izan ote diren
galdetzera eramaten zaituzte. Eta klasikoak eta aldi berean garaikideak bezain
erakargarriak diren hotsak ateratzen badituzte, gozatzea besterik ez dago, eta
jakina, gomendatzea.
Marcos Collek eta Adrián Costak 1993an elkartu
zituzten euren talentuak Santiago de Compostela (Galizia) sorterrian, biak ala
biak musika beltz deituaren zale izaki, Blues, Soul, Funk eta beste molde
batzuen jarraitzaile izaki, eta blues talde bat osatzeko erabakia hartu zuten
musika molde honen aurreko zaletasunari bide emateko xedean. Eurak dira Los Reyes del KO eta hilaren 10ean joko dute Madrilgo El Sol aretoan.
Garbi, fresko eta zirraragarri
Xahu laukoteak, bere izenak ondo dion lez, purutasun osoz maite du jazz musika
eta hala egiten dio omen. Aske, fin eta beraien arteko konplizitate goxoenean
aritzen da beti, bai entseiuetan baita pandemiaren estutasunak iritsi arte han
eta hemen ematen zituzten zueneko emanaldietan. Jazz inprobisatzaile handien
modura etorkizunak ekarriko duenaren beldurrik gabe, naturaltasun eta
freskotasun osoz dihardute eta orain, indar berriz musikari eta entzule
eskenatokietara bueltatu garen honetan, estreinako disko bikaina ekarri digute, Gero Gerokoak
BLUES HOTSAK 2022
Aspaldikoa da Euskal Herriko ingurualde
honetan blues, jazz eta horrelako doinu beltzekiko zaletasuna. Urteak dira
musika mota horietan oinarritutako jaialdiak eta kontzertuak antolatzen
ditugula Deba bailarako herrietan: Debajazz jaialdia, Ibetondoko jazz jaialdia,
Jazz-Blues zirkuitua… Musika hori promozionatzen duen diskoetxeak ere 25 urte
bere zituen Soraluzen. Laugarren edizioa betetzen du jadanik BLUES HOTSAK jaialdiak. A Aurrekoan bezala, musika eta irudia
tartekatzen dira bertan, zuzeneko emanaldi aberatsak eta beste inon ikusten ez
diren filmak. Asteburuan amaituko da kontzertu bereziekian. Goza dezagun! Egitasmo osoa: www.blueshotsak.eus
THE DIRT ROAD BAND
Batez
ere Dr. Feelgooden zerbitzura urte gehien –32 zehazki– eman dituen gitarrajolea
bezala ezagutzen den Steve Walwyn
legendaren proiektua dugu The Dirt Road
Band. Aldi horretan ospe handia lortu zuen Rhythm and Bluesaren heroi gisa
Erresuma Batuan, Europan eta haratago. Dr Feelgoodekin ez ezik DT’s-ekin ere jo
ohi du, haiekin Small Fces eta Humble Pie taldeen buru izan zen Steve
Marriotekin. Eddie & The Hot Rodsekin aritu da. Steve
Walwynen asmoa izan zen beti gitarra, baxua eta bateria set batekin
power-trio bat osatzea. Horretarako, 60ko hamarkada ezkero profesionala
zen Ted Duggan bateriajolearekin
jarri zen harremanetan, eta besteak beste Badfinger eta The Selecter taldeetan
jo zuen. Power-trioko hirugarrena, The Specialsen kide fundatzailea zen Horace Panter baxujole sonatua.
Taldearen errepertorioa bluesa, rock-bluesa, pub rocka eta klasikoak dira, eta
horrez gain, abesti propioak. Zuzeneko disko bat argitaratzekoak
dira laster. Hilaren 20an, igandearekin EIBARen KONTZERTU BAKARRA.
Telebistak emango ez duen iraultza
1969an New Yorkeko auzoetan antolatutako Harlemgo
Kultur Jaialdiari buruzko dokumentala dugu Summer
of Soul (Or, When the Revolution
Could Not Be Televised). Musikaren eta afroamerikarren kultur
ospakizun handi hura eskubide zibilek eta komunitate beltzaren batasuna
sustatzeko premiak eragindako protestaldien barrukoa dela esan genezake. Hantxe
batu ziren Telebistak emango ez duen
iraultza bat abiatzeko elementu guztiak, dokumentalaren azpitituluak
dioen bezala. Questlove ezizenez ezagunagoa den Ahmir Thompson musikari
ospetsuak zuzendu zuen. Sundanceko Jaialdian proiektatu zen, eta Epaimahaiaren
Sari Nagusia eta Publikoaren Saria jaso zituen, biak dokumentalen
kategorian.
Frantziako Rhythm & Blues eta Soularen harribitxia
Frantziatik Soul/R & Bko haur miragarria. Alexis Evans
anglo-frantsesa ez da musika eszenara heldu berria. Txikitan ezagutu zuen
musika afroamerikarra, eta aitari esker, musikari ingelesa, ikasi zuen gitarra
jotzen. 17 urte zituela, “Jumpin’ to the westside” bere lehen proiektuarekin
egin zuen debuta, eta “cognac Blues Passion” saria jaso zuen, eta hortik
“International Blues Challenge” -era joan zen Memphisera (Tennessee). Handik gutxira, 2016an, Frantziako musika eszena lehertu zuen «Girl Bait»
lanarekin, besteak beste FIP, France Bleu eta Jazz Radioko uhinetara iritsi zen
bere estreinako disko harrigarriarekin. Gaztea izan arren, Alexis Evansek izen
familiarra eraiki du jada, RDV Erdre Nantes, Rhino Jazz St-Etienne, Lyon
Ninkasi, Club Nubia Paris, Relâche Bordeaux eta Jazz à Vienne bezalako
jaialdietan eta Ingalaterra, Estonia, Suitza eta Galesen emanaldiak eginez.
Steve Krase & Travellin´Brothers
Steve Krase etorri zaigu bisitan Houstonetik –Texas–,
erreferente handienetako bat estatu hartako jokalekuetan. Harmonizista
eta ibilbide luzeko abeslaria da, bai bere Steve Krase Band taldeko aurreburu
gisa, bai Trudy Lynn blues diva handiaren sideman gisa, alegia, albolagun. Steve Krase
New Yorkeko Brooklynen jaio zen, eta azken 30 urteetan Ohion, Kalifornian eta
Louisianan aldi bat bizi ondoren Houstonen finkatu da, bere blues-tradizioan
aktiboki parte hartzen duela genero honetako izarrekin.
Itzulbidaia
Tornaviaje (Itzulbidaia) beste zerumuga batzuetan bizi
ondoko itzuleraz mintzo zaigu. Haize egokiaren eta aldeko korrontearen bila
oihalak hedatu zituen artista dugu Gonzalo
del Val. Sormenaren ahalak ikertzera joan zen, ezezaguna genuena
kartografiatuz, eta itzulitakoan aldaketara alderatzeko erronka hartu zuen bere
gain. Dublinera jo zuen 2016an, eta hiru urtez areagotu zuen bere
trebetasuna, musikari sendoenetakoen lankidetzan. Esperientzia horren emaitza
dugu Tornaviaje. Obra honetan, bere konpositore
alderdia berresteaz gain, Del Val urrundu egin da ohiko hirukote formatutik:
konposizio bakoitza laukote formatura ezin hobeto egokitu eta diseinatu du,
taldekide bakoitzaren hizkera eta ekarpen estilistikoa zainduz. Laukotea,
egiazki, zoragarria da. Romain Pilon
Frantziako oholtzetan dabiltzan gitarrajole nabarmenetakoa dugu, Brian Blade
eta Greg Hutchinsonen kolaboratzailea da besteak beste. Raynald Colom tronpetajole ezagun eta saritua Nicholas Payton, Greg
Osby eta Chano Dominguez izenen ondoan ibili ohi da. Manel
Fortiá kontrabaxoaren birtuosoa da, belaunaldi gaztearen erreferentzia bat.
Dado beltzak jaurtitzen
Juanma Monterok (The 44 Dealers, Special 20)
ahots nagusian eta gitarran, Luis Fuentek
(El Increíble Pájaro Metálico, Fran T), gitarretan, baxuan eta koruan, Jose Funkok (Aurora and the Betrayers,
Speak Low) gitarran, baxuan eta koruetan eta Antonio Álvarez Paxek baterian (La Vacazul, Tres mil hombres, Los
reyes del KO) osatzen dute Rollin’ Black
Dice taldea. Ezagutza eta eskarmentu handiko lau musikari, hainbat hamarkadatan
Ipar Amerikaren erroetan oinarritu musikan zailduak. Lehen diskoak argia ikusi du
Egungo jazzaren soinu sakonetan murgiltzen
Ekoizpen bikaina
dauka Dive into the Seak izenburupean estrainatzen da Eva Alcaide madrildar gitarra jotzailea diskogintzan. Egungo jazzaren kutsua duten soinu sakonetan murgiltzen da,
beste eragin anitzetatik ekartzeko tradiziotik hastandu gabe. Ñabarduraz eta
kolorez betea, etorkia itsasoan eta itsasoaren ikonografian daukala, Eva Alcaidek ikasle urteetan idatzitako
konposizio bilduma bikain baten aurrean gaude. Bertan, Irati Bilbaok ahotsean eta Eva Alcaidek gitarran
egiten dituzten joko melodiko eta bateratuak aipatzekoak dira. Donostiako 57. jazzaldian izan zen diskoa aurkezten.
Musika-eszenaren erreferente bikaina
2019an Piano solo
argitaratu zuenez geroztik eta eta 2020ko From home kaleratu zuenetik
hona, David Sancho piano jotzaile madrildarrak ikuspegi guztiz berea baina guztiz malgua
duela erakutsi du, musika klasikotik eta jazzetik hasi eta pop,
elektronika edo hip-hoperaino doan eragin azao lodi bat osatzen dute bere
ekoizpenek. Birtuoskeriatik urrun, agerian uzten du funtsa formaren gain
daukala, eta bere lanari behar besteko malgutasuna ematen diola, mezua beti
entzuleon barnera amil dadin. Mundu guzti horiek erakutsiz Meditaciones argitaratu du Borja Barrueta eta Jesús Caparros musikariak ditela lagun. Bikain!
Grebalariak
Juan de Diego musikari bilbotarrak ez ditu bere azken disko kezka
soziopolitikoak ahaztu. Grebalariak izenburupean Bartzelonako La Canadiense enpresan 1919an egindako grebaren ehungarren urtemuga ospatu
nahi izan du. Hari esker, beste gauza askoren artean, 8 orduko lanaldia
ezartzea lortu zen eta “Greba” abesti bera borroka horri ekin eta kasu
batzuetan bizia galdu zutenei eskainia da. Omenaldi,
konpromezu eta soinu plazer hutsa. Agendan daude.
Berumuga musika zikloa
Urtero bezala,
Bergaran (Gipuzkoa) rocka, bluesa, jazza eta musika beltzaren
kolorea duen ziklo musikala antolatzen da. Ohikoak ez diren musika estiloak
programatzea da helburua, kalitatea ardatz. Kontzertu guztiak doanekoak
dira. Uztaileko ostiraletan. Hilaren 1ean SON ROMPE PERA mexikarrak: Marimba folklorikoa publiko berri batentzako
birpentsatuz, Mexiko Hiriko aldirietako anaia punken banda honek dantza
eginarazten die entzuleei beren Garage-Marimba-Punk-Cumbia estilo bereziarekin,
marimba historikoa beste inork ez bezala joz.
Jazzaren anarkia alaitsua
The New Jazz Collective musika sortzeko plataforma
izateko asmotan sortu zen. LUCIO lanaren argitalpena Lucio Urtubia anarkista
eta erreferente libertarioaren mezua jarraitzeko era propioa dugu. Bizirik zela
ezagutu izan genuenoi zantzu handia utzi zigunez, zergatik ez erakutsi bere
ondarea —“Egin egin behar da!”— gure musikaren ikuspegitik? Musika hau,
"Lucio: una reflexión escénica" zuzeneko lanaren soinu banda da. Eremu anitz
horretan, jazzaren anarkia alaitsuak betetzen ditu zirrikitu eta hutsune
guztiak. Marco Bellizzi (tronboia), Juan De Diego (tronpeta), Fredi Pelaez (hammond organoa) eta Hilario Rodeiro (bateria) dira hain
zuzen ere, obraren soinu egitura gorpuzten duen New Jazz Collective horren partaideak. Marco dugu konposaketa eta doinuen egile nagusia; Nafarroako Goi
Kontserbatorioko Jazz tronboi irakaslea eta 15 herrialde ezberdinetan (ospe
handieneko europar antzokietatik Afrikako errefuxiatu kanpamenduetara)
kontzertuak emateko aukera izan duen artista ausart eta Konprometitua.
MATT “Heartbreak” HILL & THE BLUES DREAMERS
Nikki
Hillen
senarra eta oholtzako kide leiala den Matt
«Heartbreak» Hill Hondarribian izango dugu, bere proiektu pertsonalena
aurkezten. Zalantzarik gabe,
pribilegio hutsa Rock & Roll, Blues,
Soul, Elvisetik Howlin Wolferaino bidaian Little Richarden amorrua maite
dugunontzat.
Abesti oro kontakizun motz bat da
Espero
zitekeen moduan disko honen sortzaile den
Organizing taldea eskarmentu eta trebezia handiko musikariez osatuta dago.
Ez baita posible naturaltasun hain harrigarriz horrenbeste komunikatzeko gai
izatea. Raúl Sainz de Rozas (gitarra) da taldearen liderra eta berarekin batera maila handiko musikariak: Alberto Arteta saxoan, Jose Luis Canal piano eta Hammond organoan eta Juan Luis Castaño baterian. Swing erritmo eta arima, R&B cool dotorezia,
hammond organoaren epeltasun xarmagarria. Esperientzia eta gaitasuna kontakizun
eta komunikazioaren zerbitzura beti. “Short Stories” diskoa 7 kontakizunen
bilduma da. Musikariek
bere bizitzan funtsezkoak izan diren artista eta pertsonei eginiko 7 omenaldi.
Artista mirestuen bertsioak alde batetik (Kevin Dorham, Wes Montgomery) eta
pertsona kuttunenak inspiratutako berezko doinuak bestetik. Brother Jack
McDuff, Lou Bennett edo Jimmy Smith-en estiloko hammond organoaren urruma
goxoaz babestutako 7 abesti. Jazz garden, puru eta argitsuzko 7 une, forma
berrietara mutatzeko prest entzunaldi bakoitzaren intimitatean.
Musika askearen mugarria
ENNIO PINILLOS Saxojotzaile
nafarraren musika dotoreak ziurtasun
baino askoz galdera gehiago eragiten ditu. Hasera batetan erakusten duena baino
gehiago iradokitzen du. Saxo,
kontrabaxua, tronboia, piano eta bateria. Lirika bare eta baketsuzko
soinuaren oinarria, ñabarduraz betea, arropa klasikoa erakutsi arren sailkatu
ezina azken batetan. Solipsismo da zuzenean grabatutako bere lehen diskoa. Euskal jazz eta
musika askearen mugarri txiki erraldoia. Boskotea osatuz Miguel Moisés – Satxa Soriazu – Javier Callén – Juanma
Urriza