MUGALDEKOAK hirugarrenean

25 abuztua, 2017

  Inoiz baino
gehiago, poema eta musika kontrabandistak

 

 

Mugaldekoak taldeak Susa argitaletxeak 2004an argitara emandako Edu
Zelaieta
ren izen bereko bigarren poema liburua izan zuen abiapuntu. Liburu
hartako zenbait testu pop-rock, folk eta country kutsuko musikarekin atontzen
aritu ziren Beñardo Goietxe eta Raul Garcia, liburua jendaurrean
aurkezteko asmoz. Hainbat emanaldi egin eta gero, 2006ko udaberrian, Gaztelupeko
Hotsak zigiluak argitaratu zuen Biziago sentitzeak… izeneko
disko-liburua. Lan hartarako hainbat testu eta kantu berri sortu zituzten,
taldeak bidean izandako eboluzioaren erakusgarri. Era berean, hasierako hiru
lagunez gain, bi kide gehiago ere bildu ziren proiektuaren inguruan: Jordi
Serra
eta Mikel Errazkin zena.

2007ko uda arte iraun zuen lehen etapan, guztira, Euskal Herriko nahiz
Kataluniako ia 40 tokitan izan ziren Mugaldekoak: Beran, Gasteizen, Bilbon,
Iruñean, Donostian, Irunen, Senperen, Durangon, Lleidan, Bartzelonan…

Bi
urte eta erdiko atsedenaldiaren ondotik, 2010ean, bigarren etapa honi ekin zion
taldeak, bertan lau lagun zeudelarik: jatorrizko Edu, Beñardo eta Raul,
eta Mattin Sorzabalbere (Kortatu, Antiregimen eta Baldin Bada taldeetako
kide ohia). Azken bi urteotan ikuskizun berria eta bigarren CDa izango direnak
prestatzen aritu dira Mugaldekoak, lasai, erritmo
naturalean.

Taldearen orduko proposamenak Begiak lekuko izena zuen eta,
nolabait, mundu mailako testu eta doinu antologia txiki bat eskaintzen zuen.
Aurreko etaparen aldean,  musikalagoa, estilistikoki anitzagoa,
instrumentazioaren aldetik aberats eta joriagoa (ukelelea, txalaparta,
kontrabaxua, xilofoia, perkusioak edota akordeoia erantsi dizkiote gitarrek
osatutako oinarriari), literaturak oraindik presentzia nabarmena baldin badu
ere.

Lehen
disko hartako abestiak taldeak berak Zelaietaren hitzen gainean sortutakoak
ziren, eta bigarrenean besteen abestiak moldatzera jo zuten mugaldekoek.
Hautatutako abestien zerrenda taldekideen gustu on eta zabalaren lagin
askotarikoa zen, baita haien ausardiaren erakusle ere, gaur egin ez baita erraza
Let Me Die in My Footsprints (Bob Dylan), Bird on a Wire (Leonard
Cohen) edota Folsom Prison Blues (Johnny Cash) bezalako klasikoen
irakurketa berriak eskaintzea, baina Berako (Nafarroa) taldeak lortu zuen bere
nortasuna txertatzea kantuetan. Horrez gain, folk ingelesaren harribitxi
malenkoniatsuak (Vashti Bunyan-en Rose Hip November), Marseillako
aldirietatik datozen jai giroko doinuak (Moussu T e lei Jovents-en Lanaren
kantua
), Mexikoko rantxerak (Cuarteto Bernalen Mi único camino), Jose
Afonso Portugalgo musika herrikoiaren (eta iraultzaren) ikonoaren kantu ezagun
bat (Cantigas do maio), AEBetako kantu herrikoiak (Old Joe Clark)
eta Jim Beloff ukelele jotzaile maisuaren pieza bat (Blues on a Ukelele)
moldatu zituen taldeak, eta haien artean tartekatu euskarara itzulitako
nazioarteko olerkarien poemak (Wilsawa Szymborska poloniar, Margarita Robleda
yukateka eta Nazin Hikmet turkiarrarenak) eta Zelaietak berak
sortutakoak.

Galdemoduen Trilogia  hirugarren emaitza honetan etxeko uztako pop-rock-folkera bueltatu dira Edu
Zelaietaren poemak taldeak konposatutako doinu anitzekin uztartuz.

Inoiz baino gehiago, poema eta musika kontrabandistak ditugu Mugaldekoak

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com