You are here: Home Shop Izarrik gabeko zerua

Izarrik gabeko zerua

December 2016
CD
10
saskira_gehituBuy

Bakarrik baino nahiago du San Juanek musikariez inguratuta aritzea, eta bere lehen disko honetarako talentu eta etorkizun handiko musikari gazteak izan ditu alboan. Musikenetik ateratako hiru musikarik osatu dute luxuzko taldearen oinarria —Juan Sebastian Vazquez (pianoa), Aaron Castrillo (bateria) eta Txutxi Garcia (kontrabaxua)—, eta berehala antzemangarria den jazz sonoritatea eman diete San Juanen kantuei. Horiez gain, Andoni Arana eta Asier Crespo gitarristek eta Mikel Azkarate saxofoi jotzaileak ekarpen puntualak egin dituzte diskoan, eta Juanan Ros soinu teknikari zaildua arduratu da taldearen jardun zalu eta sendoa diskoan jasotzeaz.

Izarrik gabeko zerua-k Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua eleberritik hartzen du izenburua —ez da literaturarekin duen lotura bakarra, Jon Benito, Gerardo Markuleta eta Jon Sarasuaren zenbait poema musikatu baititu San Juanek—, eta bederatzi kantu biltzen ditu, horien artean Georges Brassensek sortu eta Xabier Letek euskaratutako Saturne abestiaren bertsioa, be bop moldaketekin. Diskoan molde ezberdinetako kantuak daude: blues kutsuko piano baladak (Ixiltzen dudana), bossanova (Ankak ez zaizkit lurreraino heltzen), swing-a (Batak ez du bestea kentzen), kontrabaxuaren eta pianoaren arteko elkarrizketa hauskorrak (Sehaska kanta) eta pop-rocketik gertuago dauden abestiak (Saiatu, saiatzen gara, Gara). Osagai horiekin, belarrira oso atsegina egiten den diskoa ondu du Igor San Juanek.