Hemen zaude: Hasiera Magasin TripTics Vol. I-II

TripTics Vol. I-II

2017ko Azaroa
CD
10

Bakarlariaren lanean oinarriturik, eta Hibai bera ardatz harturik, musikarien kolektibo baten emaitza dugu TripTics I-II. Izan ere, Euskal Herriko zein estatu mailako hainbat musikarik hartu dute parte —hogeita hamarretik gora, tartean haize eta hari sekzio zabal bat—, musika klasiko, folk, jazz, pop edota rock estiloetan eskarmentu handikoak, eta beharrizan estetikoen arabera, batzuen edo besteen aportazioak jaso dituzte abestiek.

Lehen triptikoan eragin anglosaxoiak jaso ditu musikari gernikarrak, eta ia osorik ingelesez abestuta dago. Hari moldaketa dotoreez apaindutako funk-soul doinuak (Banned love), Bruce Springsteenen eskolako rock amerikarra (In a dilemma) eta pop-a (Invisible) aurkituko ditugu bertan. Azken abesti horren italierazko bertsioak —Nebbia taldeko Valentina Ridolfik abestua— osatzen du triptikoa.

 

Bigarren triptikoan sustraietan murgildu da, eta Euskal Herriko folklore eta doinu akustikoetara jo du bere alderdirik intimo eta pertsonalena. Abesti hauetan Xabi Aburruzaga trikitilariak (Nire lagunak) eta etorkizun handiko Izaro abeslariak (Orratzak) lagundu diote, beste askoren artean.