Vous êtes ici : Accueil Magasin Patta ta Sendaezinak

Patta ta Sendaezinak

Euskal pop-rockak Urola bailaran izan du gune nagusietako bat 80ko hamarkadaren hasieran lehen taldeak sortu zirenetik. Horien artean, Jotakie nabarmendu zen, Rock Radikal Vascoren garaian euskarazko pop-rock dotorea egitera ausartu zen talde bakanetako bat eta urteak pasa ahala gero eta argiago geratu da Azpeitiko laukoteak euskal rockaren berrikuntzan egindako ekarpenaren garrantzia. Jotakie bezain ezagun egin ez bazen ere, Dirección Obligatoriak ere arrasto sakona utzi zuen pop zaleen artean.

Bi taldeon sorreran eta garapenean Jesus Sudupe Patta-k (ahotsa eta gitarra) eta Luciano Martin Luka-k (baxua) parte hartu zuten. Ia 25 urte geroago, 2010. urtean, Patta eta Luka berriz elkartu ziren  eszenatoki batean, beste zenbait kidez lagundurik, Dirección Obligatoriaren kantu zaharrak berriz jotzeko, baita Pattak urte hauetan euskaraz sorturiko abesti berriak aurkezteko ere. Itzulera hark jarraipena izan du eta urrats bat aurrerago emanez, gaur taldea Iker Arrazola –bateria-, Itziar Beitia (teklatuak) eta Iñigo Aranbarriren (tronpa) ekarpenekin osatzen da. Horren emaitza da Patta eta Sendaezinak, beste katebegi bat Urola bailarako pop-rockaren tradizioan.