Hemen zaude: Hasiera Magasin More circus than ever

More circus than ever

2010ko Maiatza
CD
10

Zirkoa beti izan da oso berezia; horregatik ezin da egunero berau gozatu, noizbehinkakoa baita: ezohiko ikuskizun berezia. Oso noizbehinka pasatzen da gure herri edo hiritik eta argi ez bagabiltza, galdu egiten dugu. Cool Circus taldea 2008an ezagutu genuen “Spend all you´ve got” izeneko 10” hatzbeteko biniloa kaleratu zutenean. Hellacopters-i lekukoa hartuko balio bezala, hard-rock, high-energy eta punk-rock ikuskizun itzela eskaini ziguten. Baina zirkoko bizitza halakoa izanik, agertu ahala desagertu ziren, errepideari sua eman ostean.

 

Orain, bi urte beranduago, bueltan dauzkagu karabana eta guzti, eta honako lan luzea lona azpian erakustera datoz. Karpara sartu ahala, konturatuko gara soinean jantzi dotoreagoak daramatzatela edo, auskalo, oraindik ez dituztela urratu. 70eko hamarkadako urte disdiratsuetan erreflejatu eta maiuskulaz idatzitako hard-rocka eskainiko digute, erritmo bizi, melodia borobil eta gitarra oso nabarmenak dituena. Thin Lizzy agertuko da lehenengo, Mott The Hoople geroago eta baita Gluecifer ere. Lan honetan ikuskizunak bestelako tenpoa duela esan dezakegu, lasaiagoa, eta gitarrak garbiagoak izateaz gain, ahotsarekin bestelako erregistroak ere lortu dituzte.

 

Baina zirkoak beti dauka misterio kutsua eta, ikuskizuna aurrera doan heinean, wah-wah gitarrak, air-guitar egiteko moduko pasarte hard-rockeroak eta garagardoz blai egiteko hondeatzailearen pareko punk-rock bortitz eta makarra igoko dira zirkoko agertokira, rock-and-rollarekin eta 77ko punkarekin batera.

 

Gainera, disko hau osatzen duten ingelesezko bederatzi kantuei, iraganean biniloan bakarrik kaleratutako piezak gehitu dizkiete.

 

Ah, eta zirkoko pertsonaien nortasunak ezin azaldu, baina badakigu aurretik zapatila asko gastatu izan dituztela halako faranduletan: Isarevolution, Eskoria-Tza, Ekon, Heriotza, Special Guest, Arkada Social, Naun eta Captain Nemo, besteak beste.

 

Zeren zain zaude? Ikuskizuna hastera doa…

 


Agian hauek ere gustatuko zaizkizu ...