Vous êtes ici : Accueil Magasin Hilkorra ez banintz

Hilkorra ez banintz

Estilo anitzetaz (pop, rock, funk, garaikidea eta klasikoa) zipriztindutako Jazz diskoa. Urri dira gisa honetako lanak euskal jazzean, horrelakorik baldin badago. Andoni Arcilla antzeko proiektu batean ikusiak ginen lehendik, Mikel Gaztelurrutia piano jotzaile eibartarra buru zuen proiektuan, The New Jazz Voices Ensemble (Errabal, 2009), Duke Ellington, Stevie Wonder eta baita The Police taldearen bertsio bilduma ederra biltzen duena, lau ahotsez interpretatuak izateko moduan moldatutako gaiak, musika emanaldi klasikoen kutsuarekin.

Décembre 2011
CD
10

 

 

Hilkorra ez banintz guztiz bestelako istorioa da: egungo euskal poeten (Koldo Izagirre, Hedoi Etxarte, Anjel Erro, Itxaro Borda…) lanen egokitzapen sorta da, egungo jazzaren testuingurura bildurik, gogoetazkoa baino zirraragarriagoa, auto-atseginezkoa baino erronka jotzaileagoa. Horratx  egokiro gainditutako erronka.  

Andoniren erregistroak zerikusi txikia du jazzaren munduko ahots maskulino handiekin. Haren tesitura a priori pop errepertorioarentzako egokiagoa dirudien arren, Andoni ez da kikildu, ez du inoiz ere atzera egin. Testuak egokitzen ditu, bere doinuetara biltzen eta moldatzen ditu, eta azkenik bere egiten ditu sentimenduz beteriko abesti bihurtuz.

.

Andoniren lagunek bikain betetzen dute euren egitekoa, ez baita gutxiago espero Musikenetik atera berri diren musikari hoberenetako batzuengandik: Jorge Abadías (gitarra), Kike Arza (kontrabaxua) eta Juanma Urrizak (bateria) irazki bikaina eta beroa ehuntzen dute, grabazioaren arduradun Fredi Pelaezek (Organiks!) maisuki jaso duen moduan. Fredi Pelaez etorkizunean oso kontuan hartu beharreko ekoizle gisa ageri zaigu lan honetan, xehetasunak eta freskotasuna bazter utzi gabe adierazkortasun handiko interpretazioak lotzen baititu berak. Instrumentu nabariena ahotsa izanik, kantu diskoa osatu dute, nahiz eta hainbat momentutan musikarien inprobisazioarako uneak izan.

Aipamen berezia merezi dute disko osoan zehar agerian geratzen diren Andoni Arcillaren beraren moldaketa lan zoragarriek eta pianoz egiten dituen ekarriek.

 

 

Bolueta-Sestao lanak tren baten geltokiak gogorarazten dizkigu; sendo dabil groovea nagusitzen den lerroaren gainetik, Scofield onenarekin zorretan dauden gitarrak eta indarrik batere kentzen ez dion tronpeta sordinaduna lagun dituela. Pigalle gaiak aztoratu egiten du hasieran, baina jarraian jatorrizko testuaren kontakizun beharretara egokitzen da modu lasaiago eta naturalago batez, berriro ere eta hari amaiera emateko orduan hasierako bizitasunari heltzeko...

 

Guztiz bestela –disko hau kontrastez beterik baitago–, diskoaren azkeneko gaian (Piano eta Biolinerako) Leire Gonzalezen biolinak malenkoniaz betetzen du agur-abestia, ganbera musika ekartzen digu gogora, eta lan honetan zirriborratu baizik egiten ez diren paisaia berri batzuetara eramaten gaitu, luze gabe ezagutu nahi ditugun paisaietara. Hitz gutxitan adierazteko, ahalegin ausarta eta gogoangarria duzu lan hau, modak alde batera utzita gure musikan bere tokia eskatzen duena.

 

Jazz abestuak eta musika garaikideak emandako urrats garrantzitsua euskaltasunetik.