Hemen zaude: Hasiera Magasin Euskal Danbolinaren Aroak

Euskal Danbolinaren Aroak

2021ko Urria
CD
10

 

Saio pedagogiko, aldarrikapen historiko eta aldiberean soinu esperimentazio garaikidea, Joserra Senperena eta Piter Ansorenaren “Euskal Danbolinaren Aroak” Beasaingo Igartza Jauregian 2021ko apirilaren 8an Joserra eta Piterrek eginiko emanaldia jasotzen du. 2006an “Chillida-Lekutik” argitaratu ondoren eta hari berari tiraka eginez hilabetetako lan sakon eta artatsua borobilduz, haren emaitza liluragarria arretaz eta dagokion patxadan, ñabardura finenak antzeman eta dastatzeko aukera paregabea eskaintzen digu.

Danbolina, esku bakarrez jotako txilibitua eta beste eskuaz astindutako danbortxoa alegia, XII. Mendean Europako txoko ezezagun batetan asmatu eta berehala inguruko herrialdeetara hedatutako tresna da. Ehundaka urte hauetan arrakasta eta ospe handienaren gozamena eta era berean, ahanztura eta desprezio artistiko latzena jasan izan ditu. Ibilbide historiko eruditu eta pizgarri baten bitartez Piter eta Joserrak, soiltasun handiz, doinuen muinera ailegatzen dira, bere esentzia puruena eta pianoaren lirismo leun eta goxoaren urruman ia arrotza zaigun edertasun txundigarriaz azalarazten digute emanaldi honetan. Dialogo emankor honen 12 lagin moduko doinu hauetan 1827ko dantzarako soinuak, ilustrazio garaiko pieza sofistikatuak, karlistaden garaiko jaio girorako moldaketak, euskal tradizio eta moral erlijiosoari lotutako doinu kastoak eta egungo esperimentazio freskagarriak aurkitu ahal izango ditugu.


Esperientza eta jakituria horren islada da disko honetako aniztasun koloretsua eta historikoki aberasgarria. Baina agian garrantzitsuena eta baliagarriena dena, estreinako aldiz doinu berri bat entzuteko unearen zirraraz eta freskotasunez jarduteko erakusten duten gaitasuna da. Esperientzia eta jakituria horrek berak ahalbidetzen duen sentsibilitate delikatu batez josia baitago harreman hori eta ondorioz, hunkigarria eta harrigarriki berria eta zirraragarria zaigu beste behin ere.


Agian hauek ere gustatuko zaizkizu ...