Hemen zaude: Hasiera Magasin B aldeko kantuak

B aldeko kantuak

Ezkutuan geldituriko abestiak izan ohi dira B aldeko kantuak, diskoetan agertzeko aukeratuen multzo pribilejiatuan sartzea lortu ez dutenak eta, kasurik onenean, abesti arrakastatsuen singleak osatzeko erabiliko direnak. Gehienetan ordea, “atzeko gelaxkan gordeta” geratzea da haien patua, tiraderan alegia, harik eta norbaitek ahanzturatik erreskatatzea eta bitxikerien disko batean argitaratzea erabakitzen duen arte. Horregatik beharbada, xarma berezia dute B aldeko kantuek musika zale askorentzat, Txuma Murugarren horien artean. Horrela azaldu du diskoari izenburu hori jartzeko arrazoia: “Diskoa egiteko orduan, 60-70eko hamarkadetako singleak izan ditut buruan. B aldeak beti gustatu izan zaizkit gehiago A aldeak baino, hit baten arrakastaren azpian ahaztuta gelditzen diren kantu minberati eta ahulak, horiek maite nituen gehien, eta uste dut bide horretatik joan direla nire kantuak, B aldeko kantu arrakasta gabe horiekin zerikusi handia daukate”.

2010ko Urria
CD
10

Era berean gozo, era berean hits. Murugarrenek berak ematen digu bere kantuen definiziorik egokiena Gozo eta hits abestian. Era berean argitsu, era berean ilun, gehitu genezake. Sasoi Ilunak taldeko kide ohiak bi aurpegi horiek erakutsi ditu diskoz disko, baina lan honetan beharbada inoiz baino indartsuagoa da bi alderdien arteko kontrastea. Musikari dagokionez Murugarrenek grabatu dituen kantu alaienetako batzuk aurkituko dituzu disko honetan, lelo kutsagarri (Gozo eta hits) eta ia euforikoak (Jasanezina bizitza) eta bizipoza transmititzen duten erritmo jostalariak (Mugaz gaindiko bidaiak), baina aldi berean tonu beltzari eusten dio hitzetan. Oso disko iluna da esku artean duzuna, bizitzaren ikuspegi ezkorra, eszeptismoak eta etsipenak jotakoa, agertzen digu Murugarrenek modu zuzenean, itzulinguruka aritu gabe eta itxaropenak arnasa har dezan ia zirrikiturik utzi gabe. Heriotza ere hor dago presente disko osoan zehar, bizitzaren ifrentzua.  

Belztasun hori ez dagokie hitzei bakarrik, soinuak ere musika beltzera eramaten gaitu hainbat momentutan; haize tresnen eta teklatuen protagonismo handiak 60ko hamarkadako soul eta disko musika baitakarte gogora, esaterako Kantu xalo bat-ek (in crescendo ikusgarri batekin) eta Jasanezina bizitza-k osatzen duten bikote zoragarrian. Badira pop kantu borobilak ere (B aldeko kantuak irratientzako bazka da, eta Gozo eta hits-en Rafa Rueda eta Miguel Ramirezen gitarra zaratatsuak nabarmentzen dira), eta ez da falta ekialdeko musikaren ukitu bohemio eta dekadentea, penak alkoholean itotzeko momentua iristen denerako egokia (Esku hotz bat).

B aldeko kantuen artean maiz aurkitzen dira diskoetako kantuen bertsio alternatiboak, eta Murugarrenek ere hala egin du. B aldeko kantuak eta Irratia gauean abestien bi bertsio grabatu ditu, eta Audience taldea izan du lagun Irratia gauean-en country bertsioa egiteko. Horrez gain, Sasoi Ilunak-en azken diskotik Bizitza garratza da singlea berreskuratu du, eta su motelean egositako balada hunkigarri bilakatu du, Serge Gaingsbourgi egindako keinutxoa barne.  

Hauek dira Txuma Murugarrenen B aldeko kantuak, “kantu arantzadunak, bihotz gabeak, kantu zitalak, inork maite ez dituenak, hondamendi batetik erreskatatu nituenak”.

 


Agian hauek ere gustatuko zaizkizu ...