Hemen zaude: Hasiera Magasin A 4 way super split

A 4 way super split

2008ko Maiatza
LP
5

Kalitatezko rock&rolla eskaintzea, biniloaren aldeko apustua egitea eta talde eta musikarien arteko harremanak sustatzea dira Bloody Hotsak zigiluak bere buruari ezarri zizkion helburuak, orain dela urtebete baino gutxiago sortu zenean. Hilabete hauetan, Roy Loneyk (The Flaming Groovies ohia) eta Señor No taldeak elkarrekin ondutako “Bottle of wine” EPa eta Las Membranas eta Los Creyentes taldeek partekatutako singlea kaleratu ditu, besteak beste. Oraingoan Euskal Herriko eta Suediako gaur egungo rock&roll talde onenetariko lau bildu ditu, 10 hazbeteko binilo esklusiboan: alde honetatik, Sarris Rock&Roll Trio eta Sextysexers, eta beste aldetik, Thunder Express eta The Sewergrooves.

            Sarris Rock&Roll Trio hirukote donostiarrak Xabi Señor No du taldekideen artean. Hortaz, grina eta jardun ona bermaturik daude. 70eko eta 80ko hamarkadetako taldeen bertsioez osaturiko errepertorioa jorratzen du Sarris Rock & Roll Triok: The Count Bishops, The Flaming Grovies, The Pirates, Plimsouls... Bere debut diskografikoa den split honetarako “Somebody told you” (N. Neville) aukeratu du, pub eta garagardo usaina duen rock&roll ale gitarrero eta dantzagarria, harrotasunez eskainia.

            Robert Dahlqvist (The Hellacopters) gitarristaren proiektua da Thunder Express, eta berriki bere bigarren diskoa, Republic disgrace, kaleratu du Bloody Hotsaken eskutik. Faces eta The Rolling Stones taldeekiko mirespena berretsi du Dahlqvistek bilduma honetara ekarritako kantuan, Ron Woodek bere bakarkako diskoetako batean (Slide on love, 1993) grabatutako “I can feel the fire” moldatu baitu, modu bikainean moldatu ere. Zapore klasikoko melodiak eta gitarrak, oraindik asko esateko duen talde baten eskutik.    

            The Sewergroovesek gurean eman dituen kontzertuetako batera joan direnek gogoan izango dute Stockholmeko taldea. The Hellacoptersen itzalean sortu bazen ere, hamar urte geroago eta bost disko eta single ugari kaleratu ondoren Eskandinaviako puntako taldeen artean dago The Sewergrooves. Entzuleen zein taldearen azken indarrak xahutzeko egokia delakoan kontzertuak ixteko gogokoa duen kantua grabatu du lan honetarako, “For the first time”. Unean harrapatzen zaituen rock&roll  indartsu eta itsaskorra dakar boskote suediarrak.

            Sextysexers une gozoan da. 2007. urtea oso garrantzitsua izan zen Berako boskotearentzat, Urkamendi blues (Gaztelupeko Hotsak) diskoaren aurkezpen biraren barruan 50etik gora kontzertu eskaintzeaz gain, aukera izan du The Sewergrooves eta Turbonegro bezalako taldeekin agertokia partekatzeko. Hirugarren diskoa kaleratzen duten bitartean, hemen dago Sextysexersen hard-rock erritmo pisutsu eta gitarra zorrotzekin gozatzeko beste aukera bat, “Black! Black! Mamba!” kantu berriari esker.

 


Agian hauek ere gustatuko zaizkizu ...