Hemen zaude: Hasiera Liburuak Ikuskizunak Ibiltarixanak 11 Zoazen tokira zoazela

11 Zoazen tokira zoazela

Baina etxera gatoz. Campionen Erraondoko danborilaria bezala, ez dugu kanpoan hil nahi. Gure haurtzaroko oinek ibili zituzten bideen bila abiatzen gara. Bide gara, oin gara, harri gara. Baina gure bideak ez dira gaztelu bidean hiltzen, gure oinek ez dakite atsedenik hartzen, ez gara horma zaharrean geldirik egoteko harri. Kanpoan ibilitako bideak ere gure dira, atzerrian maitatu ditugun gorputzen oinak gure oinak dira, erbesteko harrien beharrean gara herri izan nahi badugu.

Iñigo Aranbarri.

Zoazen tokira zoazela Ekarridazu harri bat

Ekarridazu harri bat Hilobi musulman eder bana egin diezaiogun Edonora zoazela Gure bihotzen lubaki gorri bakoitzari Ez dezaten nekarazten baino atsedenik har Igitai eiteko ilbehera berdea Mailua baino arinagoa izarra Ihes guztietan lagun izanen dugun Lurra arin dakigun Uraren azalean edonora zoazela

Kolore biziz margotzeko nahi nituzke neuk ere Hangoak eta hemengoak Lauak eta akastuak Margolari vudu baten mozkorraldia Biluziegi zaizkidan harrien azala janzteko Museo bitxi bat koronel guztien iraingarri Baina motelduak ditut behar nituzkeen denak Eta euriak bezain higaturik zikintzen naute Zoazen tokira zoazela Ekarridazu harri eder bat Hodei oparo bat jar dezadan Gure bakardadezko Boavista gorriaren gainean Harri soil bat Oroimen kolpe garratza Ontzi harro bat egin diezaiodan gure egonminari Zoazen tokira zoazela

Zoazen tokira zoazela Etzazu ahantzi egundo nire harria Hilobiak harrizko hodei baten beharrean dira Hodeia eta harrizko ontziaren harrotasuna Uhin beltzei branka gogor ematen Inoiz ahanztiko ez dudan argazki ederra Inoiz azalduko ez dizudan hizkuntza

Ekarridazu harri bat Inon ez diren herrietara zoazenean