10 Aspaldi ikasitako hitzekin deitu zaitut
Distantziak gure herriaren neurria ematen digu. Eta ibili garelako, gure ibiliak urruntasunak sortzen ditu etxean. Distantzia guztiek ez dute itsasorik, mendi guztiak ez dira garai. Bakardadea urruntasun handia da eta bakarrik ematen diren pausoak asko dira herri batean... Beste herri asko legez, gure herria ere bakarrik dabil historiaren kontra. Historia gaitz bat da, gaixotasun sendaezina ematen du batzuetan. Pertsonak daude bidean, pertsonak gara bidea egiten gabiltzanak. Eta pertsonak diren tokian oinak daude, bihotzak daude, bizitzeko era bat dago. Bide arrotzek gure herriko bideak ekartzen dizkigute gogora. Baina herria kanpotik ikustea neurri batean kanpotarren begiz ikustea ere bada, bideari erreparatzeak ibiltari dabilenaren neurria ere eman lezake. Eta distantziatik bestelako ahotsak ere entzun daitezke.
Jose Luis Otamendi.
aspaldi ikasitako hitzekin deitu zaitut eguzki aldera jarritako leihotik altzairutegi baten izena datorkit ahora, begietara, gero ibaia, autoak
aspaldi ikasitako moduak ditut alde egiteko, joateko estuak dira kale hauek munduak ez du oherik inorentzat baina botatako etxe bat jasotzen dugu elkar maite dugun aldiro
aspaldi ikasitako lekuan geratu da zerua, errepide honetan behera lainoa sartu du, ikusten ez den auzo bat dago harantzago txori kaiolatuak entzuten dira, pertsiana bat jaisten, -ez gara bakarrak- beste nonbait ere ari dira geroa prestatzen sua kendu, arropak erantzi, eskuak batu mahai gainean
aspaldi ikasitako galderak erneko dira: nor zen etortzekoa nola deritzon sasoi honi zelan izenda daitezkeen sentimenduok orain
aspaldi ikasitako zalantzak dira agian beste zerbait espero genuen askozaz ederragoa, -zeru bustia soroak urdintzen irrifar beroak leihoetan- baina batzuetan elkarri deitu besterik ezin dugu egin eta batzuetan inor ez da egoten batzuetan ez dago ezer gure bihotzetik hara bide bakartuak eta gaua baino ez soro abandonatuei, kaleei eta jendearen loari nolabait eusten
aspaldi ikasitako hitzekin egiten dizut dei ez dakit besterik eta ez dut isilik nahi, ni ere bakarrik nago ilunaren aurrean

