Hemen zaude: Hasiera Liburuak Ikuskizunak Ibiltarixanak 08 Bilbaoko kaleak

08 Bilbaoko kaleak

Hizkuntza, mintzo garen elea ura bezala emana dator batzuetan, baina beste anitzetan borrokan bizi da, biziko bada borroka etengabean dago... Ez dezagun jainkotu hizkuntza ere, herri batek bizitzeko behar du, herri batek bizi behar du eta horren testigu du bere mintzaira. Hizkuntza bat bizitzeko eta ez herri bat hizkuntza bizi dadin. Gabriel Arestik hitzek zenbat bide zabal ditzaketen erakutsi digu sarri-sarri, hizkuntza zikindu egiten dela dabilen bidean, zeruan mintzo den hizkuntzak gutxi ardura diola herri bati, baina bai bideko lokatza, harriak, 1967a zen Bilbaoko Kaleak geografia berri batentzako abiapuntu jarri zigunean.

BILBAOKO KALEAK

Bilbaoko kaleak gora eta behera, errekatik mendira, batzuk artezak, gehienak zeiharrak, lurra estali da etxez eta gizonez, gizonak leku batetik bestera eramateko makinez, bizioz eta bekatuz, karitatez eta kriminaz, plaza biribilak, zumardi zabalak, zuek niri gogora ekartzen didazue nire asmo zaharra, behin egin nahi ukan nuen eta inoiz egin ez dudana, Autonomia, Adiskidetasuna, Bakea, Libertatea, Foruak, maitatu ditudan gauzak, Urkijo ministroa, Gardoki kardinalea, Mazarredo almirantea, Egia jenerala, Arrikibar ekonomista, higuindu ditudan gizonak, kaleak kale motzak, kaleak hemendik, hortik, handik, edonundik, Gorbeiara joateko gutizia sortzen zait barrenean, bertan organizatzeko euskararen salbazioa, baina hemen geratzen naiz, kale arte honetan, milagro baten zai, egunero bizarra kenteari uzteko nahikoa kurajerik ez baitut.