Hemen zaude: Hasiera Liburuak Ikuskizunak Ibiltarixanak 07 Itzaletatik gutunak

07 Itzaletatik gutunak

Berrogei urteko tartea dago Orixerena eta Jokin Zaitegirena eta Joseba Sarrionandiarenaren artean. Frankismorik beltzenean bezala, gaur bertan erbestearen tasunak ez dira leundu. Zenbat erbeste hainbeste zuhaitz: Orixek bezala, Zaitegik urruneko haritzean gomutaren hegoak aurkituko ditu, Orixek, baina, amate amerikarraren itzala egingo du bere, Sarrionandiak nonahiko harriak eta herriak bezala. Denborak ez die zain bereko izaera kentzen zuhaitzei, herriei, harriei. Deserrituak seinale etxekoiak bila litzake jendearen ibileran, hizketa moduan, paisajearen tajuan. Erauzitako hitzek, utzitako herriek, ostutako denborak bizirik diraute gogoan. Erbestea ez da aspaldiko bideen lilura soilean errendituko, aurrera egin ezean ez dago itzultzerik. Orixek amate zuhaitz amerikarra ederretsiko digu haurtzaroko pagoa gogoan duela; Joseba Sarrionandia boltsilo zulatuetan bideko harriak eta bideko herriak gordetzeari buruz mintzo da.

ERBESTEAN ARITZA Jokin Zaitegi(1952)

Oian zar, beltz, itsuan, Euskaditik urrun, aritz bat arkitu dut sendo, tantai, zurrun.

Ner´ izangoa dizut beragan ikusi: bakar, sendo ta garai, erritik igesi.

Alaxe nabilkizu atzerriak zear: aritzak biotzondo eragin dit azkar.

Aritz-adaburuan usoak iduri, ari da birundaka nere amets txuri.

Burua apal moztu dut adaxken abarra, nonbait arindu nairik nere zoritxarra.

Biotz-barren baitudan ene Aberria! atzerrin gorbizu zait barneko zauria.

Ez nuen aritz ori so egin bearrik, zutzaz gomutatzeko, baitzaitut maitenik.

Euskadi baitaramat nerekin barnean, naiz ta lurraldez urun bizi erbestean.

Orixe(1950) AMATE BATEN ITZALEAN

Gogoan daukat aur nintzaneko Musulungo pagopea, izerditurik arrixku baitzan itzal artan esertzea; baiña sargori zegoneako goxoa bai oatzea! Goxoagorik arki dut emen Amateren gerizpea.

Euli urdin bat erdian egan dabil, ala geldi dago? Zeru garbian Kondor bat ixil egalontzitik gorago. Emengo bero zakarrenetan aroaz âzturik nago; atsegin honek sarrerazten nau nere baitan barrenago.

Ez dut entzuten txio-txiorik, aizerik, erle soiñurik; bidez nekatu gabe bainago, ezta nere pilpirarik. Zer entzuten dut adi nagola? Nere arnasa bakarrik. Inon bai al da pake artzeko bakarrago den gelarik?

Bil-bil egin naiz neronengan auspean sua bezala, pizturik nagon, itzali naizan, neronek ez dakidala. Ortik aurrera au dakit soillik: grina batek naramala... Pago arena baiño obe zait amate onen itzala!

HARRIAK ETA HERRIAK

Munduan bada bazter bat (ez genuen guk sortu orduko hautatu) gure herria erizten duguna. Eta mundu guzia da gurea gure herria geurea bada. Baina guk harri bustiak sartu genituen gure boltsilo zulatuetara. Egin genuena ez zen beti izan egin behar genuena, hildakoak eta distantziak ugalduz joan ziren, eta gure herriaren sei mila halako den mundua mugarriz pikatuta dago.

Mugetan, Henri Rousseau aduaneroak nondarrak garen eta norantz goazen galdetuez gero gure harri bustiak erakusten dizkiogu, ezen eta harriak ditugu: “Harri hau, uharri hau ikusten duzu, halakoa zen gure etxea...”

Inongo lur nehurtzaileak, ez den herrialdearen kartografoak gara. Egunak atzoz bete zaizkigu, geure oinen bila gabiltza. Gogoratzen duzu, galdu genuen aintzinako sorterri hura?

Harriak ditugu baina ez dugu herririk. Harriak ditugu boltsilo zulatuetan, baina ez dugu inon eraikiko betirako etxerik. Harriak ederragoak al dira harresian?