01 Manifestu atzeratua
Gure herria handia da bere txikian Gure herria txikia da bere handian Esan nahi da kontraste horretan urrats asko behar direla batetik bestera joateko Urrats asko osorik zeharkatzeko Ttipi-ttapa, ttanpa-ttanpa, tur-tur Zubi gainetatik zeharkatu behar izaten ditu ibaiak Ttiki-ttaka, toko-toko, txapa-txapa Hibietatik muinoak, xirriki-xarraka larreak, Mendateetatik tontorrak Abiadura bizian autobideak, hiriak Halaxe zeharkatu beharko ditu guztiak bizi nahi badu Urratsak eta oinak, pausuak eta lorratzak Beti egiteko dagoen herri bat egiteko Hala da, definizioa behar duen herria da gurea Horretan ahalegindu zen Joxe Azurmendi 1968an Parisen ikasleak kalera eta Ezkerraldean langileak grebara ateratzen ziren bitartean “Manifestu Atzeratua” poeman
MANIFESTU ATZERATUA
Panfleto bat idatzi nizun kondenatu nahi banauzu injustiziarik kometa ez dezazun
Gure herriak ez dauka kondairarik. Pobrea da. Ez dauka pirata koxkor pare bat langile sofritu batzuk, muga zentzugabe asko, mila zorigaizto besterik. Ez da gutxi. Euri gortina batek ixten du gure kalendarioa. Ez, ba, bilatu kondaira unibertsalen liburu handietan gure inperiorik.
Aginako zero bat zen gure inperio guztia.
Ta euskalduna konforme zegoen. Ta libre izan nahi zuen. Baina libre izatea gauza ikaragarri zaila da Marx bat edo 1789 bat izan ez duen herri zorigaiztokoarentzat. Zerekin pagatu behar du? Ikaragarri zaila da. Ze guk ez daukagu pirata pare bat, langile on batzuk, muga txar gehiago eta holako zerbait besterik. Kalderilla hutsa.
Baina libre izan nahi dugu, zer kulpa daukat nik.
Eta San Inazioren, Xabierren, Txurrukaren eta Elkanoren eta Habeas Corpusen eta nik dakit noren gomendio guztiak biltzen eta banatzen saiatu zaizkigu gure kausaren abokatuok. Libre izateko inoren baimenik beharko balitz bezala. Herri izateko inoren gomendiorik beharko bagenu bezala. Horiek libertaterik ekarriko baligute bezala. Ta ez horiengatik, ezpada guzti horien kontra nahi dugu libre izan kondaira guztiaren kontra.
Baina libertatea ez merezi, irabazi egin behar da, ez kondairaren, ezpada gizonaren eta etorkizunaren aurrean. Eta gure herriak ezin du irabazi.
Hau guztia esan ta gero ez da faltako oraindik ez dugula maite aberria botako digunik. Aberriaren maitasuna (goizeko ordu bietan ari natzaizu idazten) poltsikoan eramango balitz bezala.

